2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hirugarrenez, euskara dakiten eta ulertzen duten irundarrek hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimena egingo dute: Euskaraldia! Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo da ariketa soziala.
Aurten ere, Irungo herritarrek eta entitateek parte hartzeko aukera izango dute: ahobizi edo belarriprest rolen konpromisoak hartuz, edota ariguneak sortuz. Norbanakoen izen-ematea, irailaren bukaeran ireki zen, eta ariketa hasi arte egongo da zabalik. Izen-ematea, norbanakoena zein entitateena, Euskaraldiaren webgunearen bidez egin daiteke. Gaur, azken eguna.
Euskararen inguruko ekimen ugari
Euskaraldiaren aurreko asteak girotzeko eta izen-emateak sustatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu Udalak, Irungo Euskaraldiaren talde eragilearekin eta hiriko beste zenbait ezagunekin batera.
- Azaroaren 18an, 19:00etatik 20:30era, Bertso-pintxo ekimena egingo da, San Juan Plazatik Urdanibia Plazara, Sustrai Colina eta Amaia Iturriotz bertsolariekin. Txapak jasotzeko aukera izango da San Juan Plazan, 17:30ean hasi eta 19:00ak bitartean.
- Azaroaren 24an, 19:00etan, Erik eta Win antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan.
- Azaroaren 25ean, 18:00etan, Kantu Kolore: Peru kokodriloa ikuskizuna izango da haurrentzat Amaia Kultur Zentroan.
- Abenduaren 1ean: goizez, Mintzodromoa izango da Hendaian; eta arratsaldez, 19:00etan, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan.
- Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldia izango da eguerdiko 12:00etan hasita. Urdanibia Plazatik abiatuta, Luis Marianoraino joango dira musikariak.
Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!
Berrikuntza modura aipatu, aurtengo ediziorako Irunera egokitutako kanpaina bat diseinatu duela Euskaraldiaren talde eragileak, helburu argi batekin: irundarrek irundarrentzat zabaltzea Euskaraldiaren mezua, egitasmoari tokiko kutsu handiagoa emanez.
Batetik, Irungo Euskaraldiarentzat lelo propioa proposatu du talde eragileak: Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen! Totem ibiltariak jasoko du lelo hori, baita herrian zehar jarriko diren ehundaka kartelek ere.
Bestetik, Irungo pertsona ezagunek Euskaraldiari buruzko bideoetan edota karteletan parte hartu dute, egitasmoari haien babesa emanez: Iñigo Lavado sukaldaria, CD Bidasoako Gurutz eta Julen Aginagalde anaiak, Itziar Sistiaga idazlea, Deperita Frutadendako Victor Ortega, Teresa Errandonea atleta olinpikoa, Ana Perez eta Patxi Perez aktoreak, marrazketa eta pintura eskolako Maria Maldonado, Susana Hernandez ileapaindegiko Olatz Zabaleta, Marrubiko Mikel Castro, Koldo Salinas eta Shole Aguirre gozogileak, eta Sargia Tabernako Joseba Lopetegi.
Haiekin batera, Irungo Klaun-In elkarteko kideek Euskaraldia gizarteratzeko zenbait ekimen egin dituzte urte osoan zehar.