Andoitz Villafranca mus txapelduna, aurrez aurre
Bikote irundar batek irabazi du Korrikaren aldeko Gipuzkoako Mus Txapelketa.
Eskarmentu handiagoa duen Asier Alberrorekin aritu da Andoitz Villafranca. Irungo eta Behe Bidasoko kanporaketak gainditu ondoren, final handia Astigarragan jokatu dute, otsailaren 28an.
– Nola eman zenuten izena txapelketan?
Nire neska-lagunak AEKn izan zuen txapelketaren berri. Hasieran batera parte hartzeko asmoa genuen, baina azkenean ez zuen nahi izan. Asier Alberrori esan nion orduan. Afizio handia du, astean bizpahiru aldiz gelditzen baita musean aritzeko Palace tabernan elkartzen den koadrila batekin. Nik, berriz, ohitura handirik ez daukat. Gabonetan familiarekin besterik ez dut jokatzen musean.
– Balio erantsia al zuen txapelketak, Korrikaren aldekoa izateagatik?
Bai, xarma berezia dauka. Irungo AEKn jende ezagun asko daukat, eta irabazi bezain pronto deitu genuen elkar. Ondo dago, Korrikaren inguruan beste hainbat jarduera antolatzen dituztelako.
– Zein izan zen zuen ibilbidea txapelketan?
Lehenengo, Irun mailan jokatu genuen, Hazia elkartean. Bikote gehienak ezagutzen genituen, AEKn edo Mosku inguruan dabilen jendea zen. Bigarren izan ginen, eta eskualdeko kanporaketarako sailkatu ginen. Irungo bi bikote eta Hondarribiko beste bi aritu ginen. Irabazita, Gipuzkoako finalera pasatzea lortu genuen. Astigarragan izan zen.
– Gogorra izan al zen finala?
Bitxia izan zen, lehen kanporaketa galdu genuelako. Baina bikoteen kopurua bakoitia zenez, zozketa bidez bikoteetako bati bigarren aukera eman zioten. Guri egokitu zitzaigun. Aurrera egin genuen, eta finalera iritsi ginen. Hasieran kanpoan utzi gintuen bikotea izan genuen aurkari. Lasarte-Oriako bikotea zen, oso ona, txapelketetan ibilitakoa eta esperientzia handikoa. Hiru partida irabaztera jokatzen ari ginen ordura arte, baina 2-2koarekin laura luzatzea erabaki genuen. Azkenean, 4-3 irabazi genuen.
– Urduritasunik izan al zenuten?
Nik finalean kartak dardarka nituen eskuetan. Asierrek ez, txapelketa gehiagotan parte hartu izan duelako. Gero, ilusioa egiten du txapela etxera eramateak. Hortxe dago, zintzilik. Gainera afaria irabazi genuen, Hondarribiko Laia jatetxean.
– Zeintzuk dira mus jokoaren gakoak?
Eskura dituzun jokaldiak irabazi behar dituzu. Gainerakoetan, zer edo zer ateratzen baldin baduzu, ondo. Bestalde, guk ez dugu inoiz musik ematen. Beti moztu egiten dugu, karta eskasak eduki arren. Batzuetan ezustekoren bat emango dizute, baina merezi du. Astigarragako finalean mus bakar bat ere ez zen egon.
– Lau erregerekin, edo zortzirekin?
Gu laurekin aritzen gara. Txapelketan ere laurekin jokatu genuen, Gipuzkoako toki batzuetan zortzirekin jokatzeko ohitura duten arren.