Aurrera egin aurretik, atzera begiratzeko urtea da 2015a Sport Jam azokarentzat. Duela hamar urte eman zituen lehen urratsak, 2006an egindako edizioarekin. Aurten bi azoka antolatu dituzte. Joan den maiatzean, udako eta uretako kirolei lotutakoa egin zuten. Azaroaren 14-15eko astebururako, ohiko feria prestatu dute. Ohikoa datari dagokionez, berritasunak izango baititu aurten ere. Merkatuaren bilakaerari jarraituta, proposamena eraldatu izan du Sport Jam-ek urtero. Gaitasun hori izan da azokaren nortasunaren bereizgarri.
Surf-ean espezializatutako azoka profesionala izan zen Sport Jam hasieran. Estanis Polo irundarrak jarri zuen martxan, Michel Hoff enpresariaren babesarekin. Kirol materialaren arloko azoken sektorean esperientzia zuen Polok ordurako. Nazioarteko Merkataritza ikasi zuen Baionan. Azokak antolatzen zituen enpresa batean hasi zen lanean, eta Biarritzeko surf azoka sortzen parte hartu zuen, 1990eko hamarkadaren hasieran. 2002an, Behe Bidasoa eskualdeko lehen surf azoka kudeatu zuen Polok, Hondarribian. Karpetan antolatu zuten, gaur egun Kirol Kaia dagoen lekuan. 2003an, Snowjam sortu zuen Jacan. Snowboard modalitateko azoka profesionala zen. Madrilgo Xanadu elur-pista estalira lekualdatu zuten beranduago.
Madrilen zegoela, Michel Hoff surfeko enpresarien elkartearen presidentearen bisita jaso zuen Polok. Irungo Ficoban surf feria antolatzeko ideia proposatu zion. Irundarra izanik ere, Estanis Polok ez zuen argi ikusten: “Azpiegitura egokiak leku askotan aurki ditzakezu, baina azokak bestelako lotura bat behar du inguruarekin”. Kokapenak, ordea, bazuen beste abantaila bat. Frantziako estatuko merkatuarekiko hurbiltasuna, hain zuzen ere. Hura erakartzeko interesa zutela onartu du Polok: “Frantziako merkatua oso indartsua da sektorean. Lortu dugu bisitariak erakartzea, baina ez nahi bezain beste. Muga bat dago oraindik. Ez dakit kulturak edo hizkuntzak eragiten duen. Baina nabari da”.
Zalantzak zalantza, azoka antolatzea erabaki zuen Estanis Polok. Urtetan bildutako esperientzia eta kontaktuak zituen alde. “Momentu horretan, sektoreko marka gehienen babesa nuen”, gogoratu du. Ez du ahaztu, era berean, izenaren aukeraketak lana eman ziola. Baina pozik dago emaitzarekin: “Uste dut asmatu genuela, ez genuelako aterik itxi. Asko espezializatzea onuragarria izan daiteke momentu jakin batean. Baina gero kalte ere egin dezake, sektorea oso aldakorra baita”. Eraldatzeko aukera zabalik utzi zuten hasieratik, eta behin baino gehiagotan heldu diote, gainera.
Aldaketaz aldaketa
Hasieran, azoka profesionala izan zen Sport Jam, dendei zuzendutakoa. Egun bakarrean ematen zioten publiko orokorrari sartzeko aukera. Arrakasta zuela ikusi zutenez, ateak guztiz zabaltzea erabaki zuten. Antzeko zerbait gertatu zen azokako kirol nagusiarekin. Surf azoka izan zen Sport Jam bi urtez. Baina skateboard sekzio txiki bat ere bazuen. “Konturatu ginen hark erakartzen zuela jende gehien. Beraz, skate-aren inguruan antolatu genuen azoka hurrengo urteetan”. Estatuko skateboard azoka nagusia izan zen Sport Jam 2010era arte. Orduan, scooter-a sartu zen indartsu, eta skate-aren lekua hartu zuen.
Eraberritzeko ahalmenari esker eutsi dio Sport Jam-ek hamar urtez. Marka erreferentea da sektorean. Baina edukia urtero aldatu izan da: “Merkatuaren joerari segitu diogu. Horretarako, adi-adi egon beharra dago. Parkera hurbildu, bidaiatu, azoketara joan, bezeroekin eta komunikabideekin hitz egin… Parametro asko dira kontuan hartu beharrekoak”, nabarmendu du Estanis Polok. Hamar bat lagun aritzen dira urte osoan zehar Sport Jam antolatzeko lanean, ardura eta intentsitate ezberdinekin. “Aldi baterako langileak eta kolaboratzaileak ditugu. Lehen lan talde finkoa genuen, baina orain egitura hori ez da bideragarria”, azaldu du Polok.
Sektorean elkarren konpetentzia diren markak eta dendak biltzen ditu azokak. Hala ere, denei mesede egiten diela uste du Estanis Polok: “Kontziente izan behar dira, elkartuz gero, sektore guztia haziko dela. Horretarako denek egin behar dute ekarpena”. Halako ekimenen beharra du sektoreak, multinazionalen indarraren aurrean. “Duela hamar urte, Decathlonek estatuan ez zuen gaur egun duen garrantzia. Orduan, dendari txikiek indar handiagoa zuten. Denborarekin, horietako askok itxi egin behar izan dute”, aipatu du Polok. Sport Jam azokak inguruko dendetan eragin zuzena duela ere baieztatu du antolatzaileak: “Azokaren ondoren, salmentek gora egiten dute”.
Berritasunak eta beherapenak
Azaroaren 14an eta 15ean egingo dute 2015eko neguko Sport Jam azoka. Irristatze kirolak izango dira nagusi. Arrapala erraldoia egongo da, eta esperientzia handiko patinatzaileek eskainiko dituzte ikuskizunak. Bilbo Bladers klubeko ordezkariak egongo dira, esaterako. Longboard taulak ekoizten dituen Goat etxe nafarrak ere parte hartuko du. Udako edizioko hainbat elementu mantenduko dituzte. Frantzia hego-ekialdeko AquaDesign enpresak erakustokia izango du, adibidez. Uretako kiroletako materiala saltzen du: kanoak, kayak-ak, Stand Up Paddle Surf-eko taulak, neoprenoak, kaskoak etab.
Prezioetan, beherapen handia egingo dute hamargarren urteurrena dela eta. Erakusketariei 400 euroko beherapena eskainiko diete. 890 euro beharrean, 490 euro ordaindu beharko dituzte erakustokiaren truke. Bisitariek bost euro ordainduko dituzte eguneko, bederatzi beharrean. “Lehen, azoka elitistagoa zen. Orain jende gehiago erakarriko dugu”, aipatu du Estanis Polok. Gainera, akzio kirolekin lotutako elkarteak, federazioak eta artistak gonbidatu nahi izan dituzte antolatzaileek. Doan aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak. Eskaera aldez aurretik egin beharko dute, info@spolik.com-en.
Haurrei zuzendutako jarduera ere antolatu dute. Azaroaren 7an izango da, Sport Jam azoka baino aste bete lehenago. Arrapalak jarriko dituzte Irungo Kale Nagusian, haurrek erabil ditzaten. Scooter-ak, skate-ak, patinak edo bizikletak eraman ahal izango dituzte.