Bioterra azokaren 18. edizioa ekainaren 4tik 6ra egingo da Ficoban. Irungo erakustazokan ekaineko lehen asterako antolatutako ekintzen egitaraua azokaren webgunean kontsulta daiteke. Urtero moduan, Bioterrak produktu ekologikoekin, bioeraikuntzarekin, energia berriztagarriekin eta kontsumo arduratsuarekin loturiko jarduerak proposatzen ditu.
Aurten adin nagusitasunera iritsiko da azoka eta sarrera doako izango da. Ateak ekainaren 4an, ostiralean, irekiko dira eta ekainaren 6ra arte goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara zabalik egongo da. Doako sarreraz gainera, bisitariek doako aparkalekua ere erabiltzeko aukera izango dute, edo Ficobatik 50 metrora dagoen Euskotren geltokia.
Hiru azoka egunetan zehar 50 ekintza baino gehiago egingo dira Ficobako pabilioietan eta ekintza horiek guztien egitaraua webgunean kontsulta daiteke jada. Era askotariko jarduerak antolatu dira Bioterraren 18. edizioa ospatzeko, hala nola hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, jokoak eta zozketak. Era berean, aurretiazko izen-ematea behar duten ekintzen kasuan, adibidez, Yoga Day, webgunearen bidez izena emateko esteka gaitu da. Horrela, urtero moduan, Bioterrak planetarekin duen konpromisoa berrituko du.
Ekonomia zirkularrean zentratuta
Hitzaldiak azokako ekintza nagusietako bat izango dira eta ekonomia zirkularra ardatz izango dute. Munduko Bankuak ohartarazi duenez, ezer aldatzen ez bada eta biztanleriak eta kontsumoak orain arte bezala hazten jarraitzen badute, 2050ean hiru Lur planeta beharko dira gizateriak bizirik irauteko. Izan ere, baliabide naturalen gehiegizko ustiapenak eragin negatiboa du ingurumenean, eta baliabide horiek gero eta urriagoak eta garestiagoak dira.
Zehazki, honako lau ikuspuntuetatik landuko da ekonomia zirkularra: kontsumoa, ehungintza, elikadura eta energia. Bioterraren edizio berri honetan parte hartuko duten adituek honako gaiak landuko dituzte: osasuna, bioeraikuntza, ingurumen krisia, toxikorik gabeko kosmetika, trantsizio energetikoa, autokontsumoa, ozeanoen zaintza eta birziklapena.
Eraldaketa martxan dago eta Bioterrak ikusgaitasuna eman nahi dio. Aldatzeko unea da, ekoizpen eredu zirkular baterantz biratzeko unea. Erabilera bakarreko produktuak baztertzea eta balio-katean arreta jartzea: materialen hautaketan, produktuaren diseinuan, energia kontsumoan, banaketan, konponketan eta berrerabileran, ekoizpen prozesuaren zirkuitura itzul dadin eta zirkulua itxi dadin.
Segurtasuna nagusi
Gainera, Ficoban egiten diren ekitaldi guztietan bezala, Bioterran ere hainbat neurri hartuko dira azokan parte hartzen duten guztiei ahalik eta prebentzio eta segurtasun berme handienak eskaintzeko. Higiene eta osasun neurriez gain, espazioen antolamendua eta mugikortasuna birpentsatu dira, hala nola korridore zabalagoak prestatu dira, 8 metrora artekoak. Bioterra Euskadiko ekitaldi jasangarri garrantzitsuenetako bat da, izan ere, azokak Ficobako hiru pabilioiak eta erakusketako kanpoko eremuak hartuko ditu. Halaber, edukierak eta segurtasun distantziak modu arinean kudeatzeko, aurten online sarrera sistema bat aukeratu da, azokaren webgunean eskuragarri dagoena. Gainera, Ficobaren webgunean edo ekitaldiaren webgunean jende gutxien biltzen duten ordutegiak kontsulta ahalko dira.
Ontziak aurreztea helburu
Bestetik, Bioterra ikusteko, parte hartzeko, ukitzeko eta plater eta edari osasungarriak dastatzeko lekua da. Bertako kontsumoa geroz eta jasangarriagoa izan dadin, edalontzi eta katilu berrerabilgarrien zerbitzua jarri da bisitarien eskura sistema erraz baten bitartez. Azokako hiru egunetan erabili eta botatzeko 2.000 katilua eta edalontzi erabiltzeari uztea espero da. Ekimenarekin bat egin nahi duten bisitariek 4 euroko gordailua ordaindu beharko dute behar bezala seinaleztatuta egongo diren lekuetan. Bi aukera izango dituzte: edari beroentzako tapa duen katilua eta edari hotzentzako edalontzia. Bioterrara bisita amaitutakoan, edalontzia edo katilua itzuli beharko dute eta gordailua itzuliko zaie. Irrisarri enpresak bultzatutako ekimena da, eta dagoeneko kikara berrerabilgarriak gordetzeko zerbitzua Euskal Herriko hainbat herritara zabaldu du.
Antolakuntza Batzordean kide berria
Testuinguru horretan, Bioterraren Antolaketa Batzordeak kide berria du: Bilibin Circular aholkularitza enpresa, ekonomia zirkularra aktibatzen duena. Bilibin Circular enpresa eta lurraldeetako hondakinak modu errentagarrian murrizteaz arduratzen da.Horrela, Bilibinek bat egin du Bioterraren Batzorde Antolatzaileko kideekin: Ekolurra (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), GEA (Azterketa Geobiologikoen Elkartea), BLE (Iparraldeko Nekazari Ekologikoen Elkartea), Gipuzkoako Foru Aldundia, Zuhaizpe (Vital Osasun Zentroa), Nasei (Belleza Gunea), COAVN (Arkitektoen Elkargo Ofiziala) eta Arkmonia (Arkitektura Estudioa). Era horretan, antolatzaileak, klima aldaketaren ondorioen aurrean entzungor jarraitu ordez, aukera bakarra aldaketan dagoela erakusten ahaleginduko dira.