Bizi Gogoz programa 60 urtetik gorako pertsonei sormen jarduerak proposatzeko jaio da. Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkariak programa berri honen aurkezpenean parte hartu dute. Programaren barnean proposatutako jarduera guztiak doakoak dira, eta HAZean edo egoitza elektronikoan eman behar da izena gaurtik aurrera horietan parte hartzeko.
Bizi gogoz programa aurrekontu parte-hartzaileen proposamen baten bidez sortu zen, eta bertan adinekoentzako jarduerak handitzea eskatzen zen. Testuinguru horretan, Bizi Gogoz programak urte osoan zehar zabalduko du Adinekoen Guneetatik kanpoko jardueren eskaintza, eta Udalaren beste programa batzuk osatuko ditu, hala nola Udan gogoz eta Gabonetan gogoz, udan eta Gabonetan antolatzen direnak, ohikoak ez diren jarduera osagarriak eskaintzeko.
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, Irun hiri lagunkoia da adineko pertsonekin eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten da udaletik. “Gainera, handitzen ari den kolektiboa da, dibertsoa eta heterogeneoa, hainbat belaunalditako kideak biltzen dituena, osasun onean daude eta aktibo egoteko eta gozatzeko gogoa daukate”, adierazi du alkateak. Udalak errealitate horri erantzuten dio balio erantsi handiko askotariko programekin. Gaur bertan aurkezten den Bizi gogoz programa da horren adibide, zeinaren helburu nagusia 60 urtetik gorakoei gogoz bizitzeko motibazioa ematea den, jarduera berritzaileetan parte har dezaten. “Jarduera horiek bizitza osoko ikasketa sustatzen dute, narriadura kognitiboa prebenitzen laguntzen dute eta beren kideekin parte hartzea eta babes-sareak sortzea sustatzen dute”, gaineratu du Cristina Labordak.
Gizarte Ongizateko arloa lanean ari da, edozein arrazoi dela eta, adinekoen espazioak dinamizatzeko zerbitzuak antolatutako jardueretan parte hartzen ez duten 60 urtetik gorako pertsonengana iristeko. Alkateak jarduera hauek deskubritzera gonbidatu ditu pertsona horiek: “artearekin, musikarekin eta hazkunde pertsonalarekin lotutako jardueretara hurbil daitezen nahi dugu, sormena eta ongizate fisiko eta mentala sustatzen dute eta”.
Jarduera batzuk urte osoan zehar mantenduko dira, hala nola musikaren bidez pertsonak estimulatzeko eta narriadura kognitiboa prebenitzeko «Do, re, ni» tailerra, «Adinekoen sexualitatea» tailerra edo «Bazen behin… nire bizitza» idazketa-tailerra. Beste ikastaro batzuk apur bat trinkoagoak izango dira, eta arteari buruzko gai zehatzagoak landuko dituzte, hala nola maiatzean emango den «+ ART: Pop art y Andy Warhol». Eta aurreko edizioetako arrakastaren ondoren, kaleko dantza jardunaldiak antolatuko dira berriz ere adinekoentzat.
DO, RE, NI
“Do, re, ni” musika narriadura kognitiboa prebenitzeko tailerra da. Musikaren bidez estimulazio kognitibo sustatzeko saioak antolatzen dira, funtsean, narriadura kognitiboa prebenitzeko. Xabier Lizaso pianista eta ikerlaria da irakaslea. Tailerra Lekaenea apartamentuetako espazio sozialean eskaintzen da astelehenetan 17:00etatik 19:00etara.
Bazen behin… nire bizitza
Idazketa tailer honetan denbora-lerro batetik abiatuta, liburu pertsonal eder bat osatuko dute nork bere bizipenekin. Honako gai hauek landuko dira, besteak beste: bizitza baten argazkiak, lehen oroitzapenak, maitasun handiak, atzoko ametsak, ikaspenak… Itziar Sistiaga, idazlea eta idazketa-irakasleak zuzenduko ditu eskolak. Palmera Montero guneko 5. aretoan egingo da ostegunetan, 17:00etatik 18:30etara.
Sexualitatea bizitza da
Tailer honetan adinekoen sexualitatea landuko da. Programa honen xedea da bizitza osasungarri bat sustatzea, nor bere buruarekin pozik egon dadin, eta ikusgarritasuna ematea adinekoen sexualitateari. Besteak beste, gai hauek landuko dira: «sexualitatearen historia», «seme-alabak, bizitza propioa dut», «edertasuna barruan dago», «Plazera eta bere pinpilinpauxak», etab. Raquel Calvo, sexologoa eta adinekoen dinamizatzaileak zuzendutako tailerra izango da. Palmera Montero guneko 5. aretoan egingo da ostiraletan 17:00etatik 19:00etara.
+60ART
Adierazpide artistikoko tailer hau artearen alorrean interesa duten 60 urtetik gorakoei tresna kultural eta artistikoak ematea da xedea. Proiektua gaika antolatuta dago. Bloke bakoitza artearekin eta naturarekin lotutako zenbait gaik osatzen dute, eta oinarri gisa baliatuko dira elkarlana, kooperazioa, nortasuna, memoria historikoa eta bestelako kontzeptu batzuk lantzeko. Irakaslea Junkal Alfonso da, artista plastikoa eta hezitzailea. Tailerra Oiasso museoan egingo da asteartetan 16:30etik 18:30era.
Dantza saioak kalean
Sasoian mantentzeko eta adinekoen zahartze aktiboan laguntzeko jarduera fisiko eta ludikoa sustatzeko dantza saioak antolatuko dira kelan. Bi saio egingo dira maiatzaren 5ean eta urriaren 6an Zabalgune Plazan, Tsunami Orkestraren eskutik.
Jarduera guztiak doakoak dira, eta HAZean edo egoitza elektronikoan eman behar da izena.