Balazta elkartea 2016. urtean sortu zen bizikleta hiriko garraiobide iraunkor gisa erabil dadila sustatzeko helburuarekin. Bizikleten erabilera areagotzen laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Birziklatu proiektuan inplikatu dira eta jarduera aurrera eraman ahal izateko Irungo Udalak Larreaundi auzoan lokal bat mailegatu die. Manu Eizagirre Balaztako kidea da eta elkarteko nobedadeak errepasatu ditu.
Balaztak Larreaundiko lokala estreinatu berri du. Berri ona da elkartearentzat?
Bai, elkartearen jarduera 2016. urtean hasi zen, baina orain arte ez dugu egoitzarik izan. Dena den, egia esan, elkartea Birziklatu proiektuan murgildu den arte ez dugu egoitza beharrik izan. Irungo Udalak Euskal Herri Etorbideko 12. zenbakiko lokala utzi digu, lehen eskolaurrekoa zena. Proiektua aurrera ateratzeko balioko digu. Birziklatu proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiarengatik babestuta dago eta Gipuzkoa osora zabalduta dago. Proiektu nahiko berria denez, oraindik martxan jartzen ari da.
Zertan datza Birziklatu proiektua?
Bizikleta asko eta asko daude ganbaratan gordea edo kalean abandonatuta eta proiektuaren helburua horiek guztiak biltzea da. Horrela, konpondu daitezkeen bizikleta horiek erabiltzea sustatu nahi da, dendara joan eta bizikleta berriak erosteko beharrik gabe. Konponketa txikiren batekin bildutako bizikletak berrerabiltzea posible da. Gaur egun merkatuan piezak lortzeko edo konponketak egiteko zailtasunak daudela ikusi dugu, beraz, bizikleten konpontzeaz gain, piezak lortzeko aukera eskaintzen du proiektuak. Asmoa da konpondutakoak elkartean bertan erabiltzea edo beste elkarteei edo entitateei dohaintzan ematea. Esaterako, orain Irungo Harrera Sareko kideei 4 bizikleta emango dizkiegu.
Beraz, egoitza berrian askotariko ekintzak egingo dira?
Bai, gauza asko egiteko intentzioa dugu. Azaroaren 20an egindako moduan hitzaldiak antolatzeko intentzioa dugu. Lehen hitzaldi horretan Erkuden Almagrok Bizikume proiektua aurkeztu zigun.
Irunen edo Bidasoa eskualdean bizikletaz mugitzeko ohitura dago?
Nahiko konplexua da erantzuna. Jende askoren ikuspegitik bizikleta kirolarekin lotuta dago, baina gure elkartearen jarduerak ez du horrekin zerikusirik, ez baikara kirol elkarte bat. Balazta elkartean bizikleta leku batetik bestera mugitzeko gailu bezala ulertzen dugu. Denok dakigu klima aldaketarekin zer gertatzen ari den eta uste dugu bizikleta garraiobide aproposa izan daitekeela. Ez dugu ezer berririk esaten, denok ezagutzen dugun zerbait da, baina egunerokotasunean ohitura aldaketa bat suposatzen du.
Ohitura aldaketa hori gauzatzeko hiritarrek azpiegitura egokiak dauzkate?
Hori da kontua. Aldaketa gertatzeko guztion bultzada behar dugu eta, noski, erakunde publikoen bultzada behar dugu azpiegiturak egokitu daitezen. Ez hori bakarrik, kotxe eta bestelako ibilgailuetako gidariek errespetuz begiratu behar diote bizikletari. Leku askotan 30 kilometro orduko gehienezko abiadura ezarri da eta hori guztia lagungarria bada ere, talde lana da. Beste adibide batzuei begiratuz ikusi daiteke azpiegiturak emanez gero, jendeak bizikleta askoz gehiago erabiltzen duela. Adibide asko dago, bai hiri handietan zein inguruan dauzkagun lekuetan.
Webgunean eta sare sozialen bitartez hobekuntzak behar dituzten espazioak identifikatzeko lana egiten duzue, ezta?
Bai, Irun, Hondarribia eta Hendaia, nahi edo ez, elkartuta daude. Gure nahia beti izan da hiru hiri horiek modu egokian lotzea. Gainera, bizikletaz ibiltzeko oso eremu aproposa da, ez baitago ez malda handirik, ez distantzia luzerik. Beraz, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko bizikleta erabil daitekeela uste dugu. Denok ezagutzen dugu bidegorri sarearen egoera zein den. Izan ere, puskaka egina dago, loturak falta dira eta batzuek ez dute inongo logikarik. Horregatik, uste dugu hobetzeko asko dagoela. Esaterako, Irun eta Hondarribia lotzen dituen bidegorririk ez dago eta egunero bizikleta erabiltzen duenak kotxe artean eragin behar die pedalei, ezustekoen artean. Horregatik, jende askok bizikleta erabiltzea saihesten du.
Irungo 2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan bidegorri sarea osatzea eta konpontzea bozkatu da. Beraz, hiritarren nahia da?
Bai, beste lekuetan gertatu den gisan, uste dugu hemen ere azpiegitura egokiak ematen direnean jendeak bizikleta gehiago erabiliko duela.
Zer egin behar da Balazta elkarteko kide izateko?
Oso erraza da. Webgunearen bidez, emailez edo zuzenean elkartearen egoitzara etorriz azkar batean Balaztako kide egin daiteke edonor. Hiru kuota desberdin dauzkagu. Kuota arrunta, hau da, 18 urtetik gorako pertsonek ordaintzen dutena, urtean 20 eurokoa da. Langabetuek, berriz, 10 euro ordaintzen dituzte eta familientzako 40 euroko kuota eskaintzen dugu, familia unitate osoa kide izan dadin. Bazkide izateak tailerra erabiltzeko eskubidea ematen du. Gainera, prezio sinboliko baten truke bertako piezak edo bizikletak eskuratzeko aukera dago. Bazkide ez denak, ordea, ez du horretarako aukerarik.
Etorkizunera begira, zein proiektu gauzatu nahi ditu Balaztak?
Mila gauza dauzkagu buruan, baina gero egin egin behar dira. Orain arte ez dugu ikastaro askorik antolatu eta horri heldu nahi diogu. Ikastaroak emateko bertan konpondutako bizikletak erabiliko ditugu. Ikastaroek asko irakasten digute guri ere, jendearen beldurrak ulertzeko balio digute eta hori konpontzea ezinbestekoa da bizikleta gehiago erabili dadin. Bestetik, mekanikarekin loturik gauza gehiago ikasi behar ditugu. Inguruan dauzkagun elkarteekin lankidetzan aritu nahi dugu, adibidez, Hendaiako Recycl´Arte, Baionako Txirrind´Ola edo Errenteriako Gurpil Artea, bide honetan elkarrekin goazelako.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.