2019 urteko lehen Bizinema Bang Bang saioa urtarrilaren 26an egingo da. Aurreko urteetan bezala, pelikulak bertsio originalean ikustea gogoko duten zinemazaleak Amaia Kultur Zentroan elkartuko dira zinema saio bikoitz bereziaz gozatzeko. Aurten, urtarrileko saioaz gain, martxoan eta azaroan ere Bizinema Bang Bangeko saioak egitekoa asmoa dute.
Irungo Aurrekontu Parte-hartzaileetan hiritarren iritzia biltzen zuen proposamen batekin abitu zen proiektu hau. Lehen saioa 2017ko abenduan egin zen. Antolatzaile irundarrak Donostiako Bang Bang proiektuko gidariekin elkartu ostean jaio zen Bizinema Bang Bang. Donostiko proiektuko kidea den Jon Paul Arroyok azaldu duenez, “Donostian antolatutako saioetan publikoaren zati handi bat irundarra zela konturatu ginen”. Ordutik, donostiarren esperientziaren laguntzaz, urtero Irunen saio ezberdinak antolatzeko elkarlanean aritzen da zinemazale talde hau. Lehen saioa egin zenetik, geroz eta gehiago dira Bizinema Bang Bang saioetara hurbiltzen diren zinemazaleak.
Bizinema Bang Bangen hurrengo saioa urtarrilaren 26ean, larunbatean, izango da. Amaia Kultur Zentroan arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Zine klasikoko bi pelikula ikusteko aukera izango dute ikusleek: “La vida de Brian” eta “Terminator”. Iñigo Martinezek antolatzaileak adierazi duenez, “pelikula klasikoak jatorrizko hizkuntza eta pantaila erraldoian ikusteko aukera bikaina da”. Hortaz, 5,35 euroren truke zinema saio bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek.
Pantailatik haratago
Bi pelikula prezio merkean eskaintzea baino zerbait gehiago bilatzen du Bizinema Bang Bangek. Horretarako, saio batetik bestera antolatzaileek ahalegin berezia egiten dute hautatutako pelikulen inguruko photocall-a, erakusketa, animazioa eta beste hainbat gauza antolatzeko. Juncal Eizaguire, Kultura ordezkariak adierazi du, “Irunen zinemarekin loturiko ekintza ugari dauzkagun arren, Bizinema Bang Bangek zinema era ezberdin batean disfrutatzeko aukera eskaintzen digu”.
Antolakuntzaren alde ezkutua
Emanaldiaren egunean giro ona sortzeko ekintza osagarriak prestatzeaz gain, lan handia behar da era honetako ekitaldia antolatzeko. Izan ere, pelikulak aukeratu, produkzio-etxeekin kontaktuan jarri eta beharrezko baimenak eskatu behar dira, estreinaldiaren egunean dena behar bezala joan dadin. Saio bakoitzaren amaiera, zoriontasun hitzez gain, antolatzaileek hurrengo saioetarako proposamen asko jasotzen dituzte. Bang Bangeko kidea den Jon Paul Arroyok azaldu du, “pelikula onak ipintzeaz gain, publikoarentzat bereziak izan daitezkeen pelikulak aukeratzeko saiakera berezia egiten dugu”.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen webgunean ikusgai duzue.