Borja Olazabal irundarra, “El conquistador del fin del mundo” saioan

ETB2ko El Conquistador del Fin del Mundo saioa utzi du aurtengo lehiakide irundarrak. Borja Olazabal kazetariak baieztatu du lehiatik kanpo geratu izanak momentuan ez ziola min handirik eman: “Abentura luze egiten da, eta etxera itzultzeko aukera, ondo jatekoa eta lo egitekoa erakargarria da”. Baina denborak eta distantziak eskaintzen duen ikuspegitik, aurrerago iritsi ez izanaren pena duela onartu du. Ustekabean sartu zen abenturan, eta esperientzia “paregabea” bizi izan duela uste du Borja Olazabalek.

Conquis1

– Programan parte hartu izanaren ondorioak nabaritu dituzu kalean? Jendeak galdetzen dizu?
Larunbat gauetan batez ere, jendeak lotsa gutxiago izaten duelako. Barregarria da, nekagarria baino gehiago. Arazorik gabe atera naiteke etxetik. Esperientzia bitxiena Hernanin bizi izan nuen, sagartodegi batean bazkaldu ondoren. Egun hartan inondik ezagutzen ez nuen jendea hurbildu zitzaidan hitz egitera. Bestalde, debateetan eta sare sozialetan izaten diren eztabaidei dagokienez, amorrua ematen du kritikak entzun eta erantzuteko aukera ez izateak.
– Oihartzun hori bilatzen zenuen parte hartzea erabaki zenuenean?
Ez. Nik Radio Euskadin egiten dut lan, eta Gipuzkoako casting-a Miramonen egiten dute. Egun batean, lanetik ateratakoan kartela ikusi eta animatu nintzen. Besterik gabe. Ni ez naiz inoiz El Conquistador del fin del mundoren jarraitzaile sutsua izan. Oihar-tzuna izatea ez nuen helburu, badakidalako programak ez duela lanerako aterik irekitzen.

borjaconquis2
– Espero zenuenarekin egin zenuen topo?
Nik badakit telebistak nola fun-tzionatzen duen; beraz, telebista saio bat espero nuen. Banekien dena ez zela horren espontaneoa izango. Harritu ninduena izan zen parte hartzen duen jende askok ez dakiela hori, ez duela imajinatzen. Jendea haserretu egiten da proba baten aurretik asko itxaron behar delako. Baina grabazioa prestatu behar da, kamera asko daude, soinu probak egin behar dira, eta lan handia behar du muntaia horrek guztiak.
-Orduan, benetako abentura al da?
Abentura da, bai, baina telebista ere bai. Egia da nik 2.000 metrotik gora egin dudala lo, elur ekaitz baten erdian eta hotz ikaragarriarekin. Egia da ez dizutela jatekorik ematen, eta gose handia pasa-tzen dela. Baina nik banekien programa batean nengoela, jende asko neukala inguruan, eta ez zitzaidala ezer larririk gertatuko. Horrek lasaitasuna ematen du, eta egia da abentura-kutsua murrizten duela nolabait.
– Zer nolako harremana izan zenuen lehiakideekin eta kapitainekin?
Lehiakideekin oso harreman ona. Egia da profil ezberdinetako jendea aukeratzen dutela, eta nirekin zerikusirik ez duten batzuk bazeudela. Lagun koadrilan edukiko ez nuen jendearekin ere ondo moldatu nintzen Patagonian. Bi kapitain-bikote izan nituen. Eneko Van Horenbekerekin eta Roberto Laisekarekin harremana hotza izan zela esango nuke. Juanito Oiarzabalekin eta Jose Luis Kortarekin beste kontu bat izan zen. Ezer gutxirengatik sutan jartzen dira, eta sekulako zalaparta sortzen dute. Kortaren kasua berezia da, eztabaidaren ondoren aitona maitakorra baita.
– Nola azal daitezke sortzen diren iskanbila guztiak?
Aste osoan eskukada bat arroz eta bi sardina jan dituzu, eta proba irabazteagatik Argentinako haragi errea emango dizutela esaten dizute. Lehoien kaiolan haragia botatzea da hori. Egoera horretan nola edo hala irabaztea baizik ez duzu buruan. Horregatik ikusten dira talka eta eztabaida horiek. Muturreko egoera batean zaudenean, arazorik txikiena ere puztu egiten da.
– Arlo emozionalean ere bai.
Hilabete baino gehiago irauten du programak. Gainera inkomunikatuta zaude, jendea eta eguneroko gauzak faltan sumatzen dituzu. Tentsioak, nekeak eta goseak dena biderkatzen dute, eta azkenean eztanda egiten duzu. Nire kasuan, kirolean beti protagonista edo lider izateko ohitura izan dut. Eta Patagonian bigarren maila batean ikusi nuen nire burua. Dena den, pozik nago probetan egindako lanarekin. Duelua irabaztea, adibidez, ikaragarria izan zen.
– El Pilar eskolako jertsea eta Bidasoaren berrogeita hamargarren urteurreneko kamiseta eraman zenituen. Patagonian ere ez zenituen sustraiak ahaztu.
El Pilarreko jertsearekin nire haurtzaroko lagunak, nire inguruko jendea gogoratu nahi nituen. Bidasoa nire talde kuttuna da, eta familiatik datorkit. Kamisetarekin Bidasoako bazkide egin ninduen aitona gogoratu nuen, kamiseta diseinatu zuen laguna ere bai, eta, gainera, harremana du nire lanbidearekin. Nire burua definitzeko osagai aproposak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude