Borondatez egindako lanaren asebetetzea guztiz eskergarria eta beharrezkoa da

Edozein herri edo hiritan, beren tamainatik aparte, elkarte askok behar dute pertsonen borondatezko lana. Zereginak ugaritu ahala laguntzeko prest dauden eskuen premia are handiagoa da. Boluntarioen ekarpena handiagoa edo txikiagoa izan arren, laguntza oro ongietorria da beti. Izan ere, adiskidetasunik gabe mundua leku hotz eta arrotzagoa litzateke.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Bidasoaldean duen egoitzan ondo dakite hori. Mari Carmen Gómez Gipuzkoan elkarteko kide diren ia ehun boluntario horietako bat da eta pertsona boluntarioek elkarteari egiten dioten ekarpenaren adibide da. Elkartera batu zen orain dela 12 urte luze, oraindik lanean ari zen arren, bere denbora librea elkarteren bati laguntzeko aprobetxatu nahi zuelako. “Internet bidez GKEak edo elkarteak bilatzean hasi nintzen, niri hobekien egokituko zitzaidan proiektuaren bila”.

Horrela, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen boluntario taldean izena ematea erabaki zuen, elkarteak Bidasoaldean egoitza bat duela jakin aurretik. Hasiera batean, Donostiako egoitzarekin harremanetan jarri zen eta Irungo egoitzaren berri eman zioten bertan. “Ni Hondarribian bizi naizenez, Donostiatik hona bideratu ninduten”. Elkarteko gizarte laguntzailearekin bildu ondoren, boluntario berriei laguntzeko antolatzen diren prestakuntza ikastaroetan parte hartu zuela gogoratzen du Mari Camen Gómezek. “Gainera, boluntario guztiek boluntario koordinatzaile bat dugu eta, aholkuak emateaz gain, behar dugun guztian laguntzen digu”, azaldu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioak. Era berean, urtean zehar hainbat ikastaro egiten dituzte, pixkanaka gauza berriak ikasteko.

Boluntario gisa hasi zenean lanean ari zen oraindik Mari Carmen, baina erretiroa hartu zuenetik “elkartera guztiz lotuta” dagoela onartu du barre artean. Elkarteko boluntario izatea askok uste baino errazagoa da, gainera, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen jarduera oso zabala eta askotarikoa denez, edonork egin dezake ekarpenen bat, txikia bada ere. Mari Carmen Gómezek azaldu duenez, “sentsibilitate eta enpatia pixka bat izatearekin nahikoa da elkartean izena emateko”.

Laguntza txiki, handi eta ezinbestekoak

Elkarteak boluntario bezala lagundu ahal izateko modu ezberdinak proposatzen ditu. Batetik, akonpainamenduak egiten dituzten boluntarioak daude, ospitaleetara edo minbizia duten pertsonen etxeetara hurbiltzen direnak horiei konpainia egiteko. Mari Carmen Gómezek adierazi digu laguntza hau eman ahal izateko aurretik ikastaro batzuk egin behar direla, baina esan digu funtsean erabiltzaileekin hitz egitea, enpatizatzea eta beraien beharrak ulertzea dela laguntza honen helburua. “Bakoitzak zerbait ezberdina behar du eta, beraz, akonpainamendu denbora laburragoa edo luzeagoa izan daiteke”. Era berean, gaixoak kalera edo medikuaren kontsultara ere laguntzen dituzte.

“Gainera, boluntario guztiek boluntario koordinatzaile bat dugu eta, aholkuak emateaz gain, behar dugun guztian laguntzen digu”

Mari Carmen Gómez, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioa

Bestetik, kaleko boluntariotza deitzen diote urtean behin Irunen eta Hondarribian egiten dituzten diru bilketei. “Askok jakin ez arren, elkarteko zerbitzu guzti-guztiak doakoak dira eta horretarako funtsak lortzeko diru bilketak antolatzen ditugu”, azaldu digu Bidasoaldeko elkarteko boluntarioak. Era berean, diru bilketak elkartearen presentzia eta jarduera ezagutarazteko oso baliagarriak zaizkiela adierazi digu.

Elkartearen jarduera kalera ateratzen duten beste ekintza batzuk informazio kanpainak dira. Prebentzio kanpainen bidez herritarrak kolon, bularreko edo biriketako minbiziaz kontzientziatzen dituzte. Eguberrien aurretik, berriz, kanpaina berezi bat egiten dute Gabonetako loteria saltzeko.

Bihotz bizigune

Bidasoaldeko egoitzan asteazken arratsaldeetan 6 boluntariok osatutako josketa taldea elkartzen da eta, espero zitekeen bezala, Mari Carmen Gómez ere taldekide horietako bat da. Talde horren helburua elkartasunezko kuxinak jostea da, bularreko edo gongoiletako minbizia duten pertsonentzat. Bihotz formako kuxinak dira eta gaixotasun hori duten pazienteentzat oso lagungarriak dira autoko gerrikoa lotzeko edo, besterik gabe, eserita egoteko unean, besapean kokatzen baitira beraien erosotasunean laguntzeko. Kuxinak josiz maitasun keinu txikiak banatzen dituzte Donostiako errehabilitazio onkologikoan, elkartearen Gipuzkoako egoitza guztietan, eta Irungo eta Hondarribiko farmazia guztiek lagin bat dute. “Hau ere minbizia duten pertsonei laguntzeko beste modu bat da”, azaldu du Mari Carmen Gómezek eta, noski, elkarteak egiten duen guztiaren antzera, beharrezkoak dituzten paziente onkologikoek doan eskuratu dezakete kuxina.

Esku gehiagoren falta

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen lana sostengatzeko beharrezkoak dira esku boluntario asko. Mari Carmen Gómezen hitzetan “elkartera jende berria batzeko behar handia dugu”. Elkarteak Gipuzkoa mailan 934 boluntario ditu; horietako 179 Bidasoaldeko egoitzan lan egiten dutenak dira. Elkarteko boluntarioen profilaz galdetuta, gehienak 50 urtetik gorakoak direla aipatu du, jende gazteari zailagoa egiten zaiolako, bere bizi erritmoarengatik, boluntario elkarteetara hurbiltzea.  Boluntario asko senideren batek minbizia izan eta elkartearen jarduera zeinen garrantzitsua den konturatu ostean batzen dira elkartera.

“Elkartera jende berria batzeko behar handia dugu”

Mari Carmen Gómez, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioa

Dena den, Mari Carmen Gómezek ondo azaldu duenez, “boluntario izateak ez du esan nahi egunero hemen gaudenik eta gure bizitza ez dago elkartean egiten den guztiaren menpe”. Elkarteak boluntarioen zerrenda bat du eta antolatu beharreko ekintzaren arabera horien parte-hartzea eskatzen du ahal duten neurrian. Beraz, boluntario batek lagundu ezin duenean beste kide batengana jotzen dute. Hortaz, zenbat eta boluntario zerrenda luzeagoa izan, errazagoa izango da ekintza gehiago egitea eta horiek antolatzeko jende nahikoa izatea. “Bakoitzak bere denbora librearen zatitxo bat eman dezake, laburra edo soilik noizbehinka bada ere”, gaineratu du Irungo egoitzako boluntarioak.

Boluntario lana, norberaren errealizazioan laguntzeaz gain, besteei laguntzeko modua ere bada, kasu honetan, minbizia bezalako osasun arazo baten aurrean. Mari Carmen Gómezek adierazi duenez, “nire ustez oso gomendagarria da entitate batean edo bestean boluntario bezala aritzea,  etengabe gauzak ikasteko aukera duzulako, besteei mesede eginez”. Horrelako egoera batean keinu txikienak oso lagungarriak izan daitezke eta horixe eskertzen dute erabiltzaileek. Hain zuzen ere, bidean oztopoak aurkitu arren, beti dago laguntza emateko moduren bat. Mari Carmen Gómezek pandemiaren adibidea gogoratu du, gaixoen akonpainamendua egitea ezinezkoa zirudienean, telefono deien bitartez gertutasun horri eusteko aukera deskubritu zuten eta, berriro ere, une horretan minbizia zuten pertsonek asko eskertu zuten ahalegina izan zen.

Elkarteko boluntario egiteko ezbaian dauden horientzat Mari Carmen Gómezek mezu bat du: “ez izan zalantzarik, elkartera hurbildu eta saiatu zaitez”. Borondate eta denbora apur bat izatea Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen jardueran laguntzeko aski eta sobera dela adierazi du. Gainera, boluntarioen koordinatzailearen aholkuak izateaz gain, hasieran ikastaro azkarrak eta errazak eginez, segituan bestei laguntzeko moduan egongo dira hasiberriak. Beraz, Bidasoaldean ere denbora librea ekarpen handi bat bihurtzeko aukera eskaintzen dute, borondatezko ahalegin guztia minbiziak pertsonengan eta ingurune hurbilenean duen eragina gutxitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude