Bortxazko lanen iragan ezkutua

Dunboako kanala: Dunboako kanala edo Olaberriako errekaren ubidearen eraikuntza lanak. Iturria: Jose Mª Castillo.

Behe Bidasoako biztanleek eskualdea ondo ezagutu arren, gutxik ezagutzen dute inguruko herrietako errepide zein ubideen eraikuntzaren atzean ezkutatutako istorioa. Izan ere, memoria historikoaren berreskurapenak egitura horietako asko bortxazko lanen bitartez eraikiak izan zirela jakin da. Konkretuki, “trabajadore” izena jaso zuten presoek burututako lanak izan ziren Ines F. Monjek egindako elkarrizketek erakutsi dutenez.

Bortxazko lanen bitartez eraikitako horien adibide hurbilenak itsasaldetik Jaizkibel mendia zeharkatzen duen G-3440 errepidea, Gaintxurizketa eta Arkaleko gainak lotzen dituen GI-2134 errepidea, Irun eta Erlaitz lotzen dituen GI-3454 errepidea dira. Errepideez gainera, bortxazko lanez baliatuz, Irungo Ama Xantalen, Korrokoitz eta Santiago auzoa zeharkatzen duen ubidea eraiki zen.

Bortxazko lanak 1936. urtean gertatutako Altxamendu Nazionalaren osteko testuinguruan kokatu behar dira. II. Mundu Gerra lehertu ostean, Frantziarekin muga egiten zuten lurrak kontrolpean izateko beharra ikusi zuten, inbasio posible bat garaiz ekidin ahal izateko. Hain zuzen ere, Behe Bidasoa eskualdean eta inguruko lurretan gerra garaian estrategikoak izandako puntu ezberdinak zituen, hala nola, Guadalupeko gotorlekua, Arkaleko gaztelu zaharra, Erlaitz edota Pikoketa. Gauzak horrela, arazoa puntu estrategiko hauen arteko loturan zegoen.

“Irungo kanalaren eraikuntza lanetan 200 preso inguruk parte hartu zutela uste da”
Aiala Oronoz, “A pico y pala” liburuaren idazlea

“Bortxazko lanak Gipuzkoako errepideetan” liburuan azaltzen denez, estrategia taktiko horren garapenean, Frankistek bi motako errepideak diseinatu zituzten: estrategikoak, ejertzitoaren erretagoardiako mugimenduak errazteko, eta taktikoa, ejertzitoaren defentsa maniobrak errazteko, mugarekiko paraleloak zirenak edota gune taktikoen arteko lotura ezartzen zutenak.

Dunboako kanala
Irungo Olaberria auzoan hasten den ubidearen eraikuntzak, ordea, ez du behar militarrekin inolako loturarik. 1933ko Urdanibia plaza eta Santiago kalea urpean utzi zituen uholdearen ostean 1935. urtean Irungo udalak uholdeen defentsa sistema sortzeko komisio bat eratu zuen, beranduago Gerra Zibilaren eraginez bertan behar gelditu bazen ere.

Hiru urteren ostean, Ferrocarriles y Construcciones A.B.C.-k hartu zuen uholdeen aurkako defentsa eraikitzeko ardura, Nazionalek Gipuzkoa okupatu zutela aprobetxatuta, enpresaren egoitza Kataluniatik Gipuzkoara lekualdatu ostean. Enpresak Gipuzkoan ia 1.000 preso izan zituen lanean, estatuan, guztira, 2.000 preso.

Barrakoiak Oiartzun aldean

Aiala Oronoz “A pico y pala” liburuaren egileak azaldu duenez, “Irungo kanalaren eraikuntza lanetan 200 preso inguruk parte hartu zutela uste da”. Dunboako kanalaren eraikuntza lanetan parte hartu zuten presoek Santa Elena kaleko zubiaren alboan kokatutako biltegi zaharrean lo egin zuten. Gainera, errekaren kanalizazioan oso gipuzkoar gutxik lan egin zutela jakin da, presoak estatuko 34 probintziatik ekarriak izan baitziren, presoen dispertsioa eta leku aldaketa masiboa eraginez. Preso gehienak Extremadura, Andaluzia eta Galiziatik ekarriak izan ziren.

Aiala Oronoz idazleak azaldu duenez, ordez, zaila da gaiaren inguruko informazioa topatzea. Esaterako, bere liburua idazteko dokumentazio lana egiteko langileen zigor espedienteak banan-banan arakatu behar izan ditu. “Espediente bakoitza aztertu ostean, perspektiba orokor bat izatera iritsi naiz”, azaldu du idazleak. Donostiako Ondarreta espetxeko espedienteak Oñatin gordeta daude, Gipuzkoako Artxibategi Historiko Probintzialean. Aiala Oronozek bortxazko lanetan aritu ziren 207 preso identifikatzea lortu da eta gehiago izan ote ziren zalantza du. Behin lanak amaituta, hemen gelditzen ziren preso asko Errenteriako destakamentura eraman zituzten Oiartzun ibaiaren kanalizazio lanei ekiteko.

Aiala Oronozek salatu duenez, sistemak presoen erabilgarritasuna sustatu zuen, ez bakarrik enpresetatik, obra hauek Herri Lanen Ministeritzak ordaindu baitzituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren %25eko ekarpenarekin, hau da, diru publikoarekin. Presoek soldataren %10a jasotzen zuten eta sistema horren barruan lan egun bakoitzeko penaren egun bat kentzen zietela suposatzen zen. Lan egin heinean zigorra murrizten zela suposatu arren, Aialak ikerketen bitartez egiaztatu du zigorraren murrizketa hori kasu askotan aplikatu ez zela.

Marcelo Usabiaga, askoren adibide
Miguel Usabiaga idazleak Hondarribia babes-portutik bere aitak, Marcelo Usabiagak, bortxazko lanen inguruan izandako bizipenak kontatu ditu. Marcelo Usabiaga Errepublikaren erorketan atxilotua izan zen Espainiako Alderdi Komunistako kide gisa eta Valentziako Gerra Kontseiluan 30 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Ondarretako kartzelan atxilotuta zegoela, presoei Gipuzkoako toki ezberdinetan egitekoak ziren errepideen eraikuntza lanetan parte hartu zuen. Irun inguruan zenbait errepide eraiki baziren ere, Marceloren semeak azaldu duenez, “Irun inguruko faxisten errepresalien beldur zenez, lekualdaketa eskatu eta Arroara bidali zuten”. Izan ere, Marcelo oso pertsona ezaguna zen Irunen eta horregatik hiritik urrutien zegoen obra aukeratu zuen.

Jaizkibelgo errepidea egin zuten langile esklaboak arrantxoaren orduan.

Marcelo Usabiagak Ferrocarriles y Construcciones A.B.C enpresarentzat, beste 200 presok bezala, Arroako Beheko harrobian lan egin zuen, harrobiko materiala garraiatzeko aireko linea baten eraikuntzan. Enpresak ekoiztutako materialaren zati bat Naziek Atlantikoko Harresiaren eraikuntzarako erabiltzen zela jakin zutenean, presoek aliatuak lagundu eta aireko linearen eraikuntza saboteatzeko erabaki zuten, lan kaxkarra eginez eta, ondorioz, eraikitako linearen hainbat zutabeen erorketa eraginez. Agintariek presoen sabotajeez konturatzen hasi zirenean, ordea, bertatik ihes egiteko beharra ikusi zuten, Ondarretako espetxera itzultzea saihesteko.

Ondarretako espetxeko baldintzekin alderatuta eta presoak ziren arren, lanean zeuden bitartean askatasun eta baldintza hobeak zituzten. Lan egiten zuten bitartean herriko biztanleekin nolabaiteko harremana zuten eta askatasun sentsazio minimo bat. Hortaz, agintariek harrapatu aurretik Frantziara ihes egitea lortu zuten. Frantziara iritsi bezain laster, bertan Frantziako Erresistentzian parte hartutako erbesteratu errepublikarekin harremanetan jarri zen. Espainiako estatuak bizi zuen egoera ezagututa, alboko herrialdean bizi ziren errepublikaren garaipen sentimendu guztiahaltsua guztiz partekatu ez arren, 1944ko urri eta azaroko hilabeteetan Espainiara gerrillariak pasatzeko planen antolaketan parte hartu zuen, mugalari gisa izandako esperientzia partekatuz.

“Irun inguruko faxisten errepresalien beldur zenez, lekualdaketa eskatu eta Arroara bidali zuten”
Miguel Usabiaga, Marcelo Usabiaga errepublikarraren semea

Urte horretan bertan, azaroaren 20an beste 10 gerrillarirekin batera Ondarraitzeko hondartzatik Fraileko Hondartzan lehorreratzea lortu zuen, ondoren baserri batean ezkutatzeko. Lorpenak egun gutxi iraun zituen, egun batzuen buruan taldea harrapatuta eta atxilotua izan baitzen. Marcelo Usabiaga Loiolako Kuartelean egin zen Gerra Kontseiluan beste 30 urteko espetxe zigorrarekin zigortua izan zen, kasu honetan gainera, ihesaren astungarriarekin. Ondarretako espetxara itzuli eta beste hainbat eespetxeetatik igaro ostean, Burgoseko Espetxe Zentraleraino iritsi zen.

Miguel Usabiagak, Maceloren semeak, bortxazko lanen inguruan hitz egitea ezinbestekotzat ikusten du. Semearen ustez, memoria historikoaz hitz egiten hasi aurretik, benetan gertatutakoaren egia ezagutzea beharrezkoa da. “Gizartean gertatutakoaren egia zabaldu dadin, eskoletan gaia lantzea beharrezkoa da”, azpimarratu du Miguel Usabiagak.

Gipuzkoa osoan zabaldua
Ez da beharrezkoa Irundik urrutiegi joatea bortxazko lanekin lotutako adibide berriak topatzeko. Oiartzunen Kattin Txiki eta Lezon Etxetxo elkarteak memoria historikoa berreskuratu eta lantzeko helburuarekin sortu ziren. Denboran atzera eginez, herri horietan iraganean gertatutako bortxazko lanen aztarnak eta zenbait datu topatu dituzte iraganean arakatuz. Bi elkarteetako ordezkariek azaldu dutenez, ordea, tartean igarotako denbora luzearen ondorioz, zaila izan da garai ilun hartako lekuko zuzenak aurkitzea. Hala ere, aurkitutako informazio urrian sakondu eta herrien inguru hurbiletan arakatuz, informazio aski esanguratsua topatu dute.

Kattin Txiki elkarteko Mikel Mendizabalek adierazi duenez, “Oiartzungo eta inguruko lurretan presoek eraikitako 60 kilometro inguru daudela uste dugu”. Obra nagusi horietako bat Ergoiendik Lesakara egindako bidea izan zen, egun GI-3420 zifrarekin identifikatzen dena. Oiartzunen 102. batailoiak lanean hasi zen, aldi berean, Lesakatik beste batailoi batek lanekin hasi zen bitartean. Mendizabalek bitxikeria gisa azaldu bezala, Aritxulegiko tunelean bi batailoiek egindako lana elkartzea zen, baina, topografiaren gora-beheren ondorioz ez ziren erdian aurreikusi bezala elkartu eta beranduago bidea zuzentzea beharrezkoa izan zen.

Kattin Txiki elkarteko kideak azaldu duenez, granitozko harriaren gogortasuna dela eta, dinamita asko erabili behar izan zen eta, ondorioz, preso asko hil ziren lan horietan. Hortaz gain, Arkale edo Lanbarren bezalako bideak helburu militarrarekin eraikiak izan zirela baieztatu du Kattin Txiki elkarteak, bunker ezberdinen arteko loturak eraikitzeko.

Lezoren kasuan, aldiz, Etxetxo elkarteak zabaldu duenez, Jaizkibelgo bidea eraiki zuten “trabajadoreak” dira herrian bortxazko lanek izandako presentziaren adibide garbiena. 2016an hasi ziren gaiaren inguruan ikertzen, garai hori gertutik bizi izan zuten herritarrek emandako pistak jarraituz. Horrela, herriko lurretan sasiek eta denborak ezkutatutako presoen batailoien arrastoak aurkitu zituzten. Auzolanaren bitartez eremua garbitu eta gertakarien kronologia berreraiki dute. Etxetxo elkarteko Jose Luis Agirretxek azaldu duenez, 1939ko udan iritsi ziren lehen “trabajadoreak” Lezora eta lehen kanpalekua Lezo eta Pasai Donibane arteko Erroteta eremuan izan zuten. Jazikibelgo errepidearen eraikun- tza lanek aurrera egin ahala barrakoi berriak eraiki zituzten presoek.

Horrelaxe egin zen egun Lezotik Guadalupeko santutegira doan GI-3440 errepidea. Aritxulegiko lanekin alderatuta, errepide honen eraikuntza lanak luzeagoak izan baziren ere, Jaizkibelgo ondar-haitzak errepidearen zulaketa lanak erraztu zituen. Hasiera batean, Etxetxo elkartetik errepidearen eraikuntzan 700 langile inguruk parte hartu zutela kalkulatzen zuten, baina, langileak txandakatu zirela deskubritu ostean, presoen ia 4.500 edo 5.000 izen berreskuratu dituzte dagoeneko.

Behin presoek bortxaz egindako lanen inguruko dokumentazioa eta informazioa bildu ostean, egindako lanak publikoki behar bezala identifikatu eta seinaleztatzea falta da. Memoria historikoa errespetatua izan dadin, urrutiegi joan gabe, etorkizun hurbilean egiteke dagoen lana da. “Trabajadore”-ek jasandako gehiegikeria aldatzerik ez dagoenez, gutxienez, haien izena, izana eta lana errekonozitzeko beharra dago egungo gizartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude