Bueltan da hiriko adineko pertsonentzako ‘Udan gogoz’ programa

Uztail eta abuztuan, jarduera fisiko egokituko eta estimulazio kognitiboko hainbat saio egingo dira Lekaeneko, San Migeleko, Belaskoeneko, Palmera Monteroko, Behobiako eta Anaka-Puianako guneetan.

David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak eta Mila Holgado arloko zuzendariak Udan Gogoz programa aurkeztu dute, Lekaeneko apartamentuetan. Hiriko adineko pertsonei zuzenduta dago programa. Ekimenaren asmoa da jarduerak eskaintzea udan Irungo zentro sozialetan.

«Gizarte Ongizateko arloan oso pozik gaude, aurten ere Udan Gogoz programa aurkezten ari garelako. Pandemia dela eta, zailtasun ugari izan ditugu azken urte eta erdian horrelako jarduerak gauzatzeko. Hori dela eta, albiste pozgarria da programa honen eta beste batzuen bidez jarduera sozialari berrekin ahal izatea, zalantzarik gabe», adierazi du David Nuñok.

Horrela, Gizarte Ongizate arloak berriz antolatuko du ekimen hori, 2018an eta 2019 bezala, uztailean eta abuztuan jarduera indartzeko San Migeleko, Belaskoeneko, Palmera Monteroko, Behobiako eta Anaka-Puianako espazio sozialetan eta Lekaeneko apartamentuetan. Jarduerak doako tailerrak izango dira, eta bi multzotan banatuko dira: parte-hartzaileen egoerara egokitutako jarduera fisikoko tailerra, “Yogactívate” izenekoa; eta gaitasun kognitiboak eta harremanak sustatzeko tailerra: sormena eta autoestimua bultzatuz. Uztailean, “CreativArte” izena hartuko du tailerrak, eta abuztuan “TeatroExpresión”.

Arlotik azaldu dutenez, «2018ko esperientziarekin pozik geratu ginen, 2019an berriz antolatu genuen beste tailer batzuekin, eta 2021ean bueltan gara, adinekoen artean sustatu nahi ditugun funtsezko zenbait alor errepasatuta, hala nola garapen kognitiboa eta fisikoa eta harremanak».

Udan Gogoz programa udan jarduerak izaten jarraitu nahi duten 60 urtetik gorako guztientzat da. Pandemiari aurre egiteko neurriak direla eta, tailer bakoitzean hamar lagun egongo dira: 9 parte-hartzaile eta irakaslea. Jarduerak uztailaren 5ean hasi ziren, eta abuztuaren 31n amaituko dira. Astean bi tailer ematen dira gune bakoitzean, Lekaeneko apartamentuetan izan ezik, bertan astean hiru tailer eskaintzen baitira.

Amaitzeko, David Nuñok esan duenez, «lanean jarraitzen dugu Irungo adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak eta jarduerak antolatzeko, horien bidez autonomia eta ongizate handiagoa izan dezaten».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude