Lazo, zapi eta globo arrosak ikusi ahal izango dira Irunen urriaren 14tik 21era. AECC minbiziaren kontrako elkartearen kanpainaren parte dira. Bularreko minbiziaren nazioarteko egunaren harira antolatu dute, urriaren 19an izango baita. “Ohiko gaixotasuna da, baina kontrolatuta dago gaur egun. Bilakaera horretan, funtsezkoa izan da sentsibilizazioa”, adierazi du Ana Fernández de Casadevante Bidasoko AECCko presidenteak. Bide horri eusteko, kontzientziatzeko lanean segituko dute.
“Ez zaude bakarrik” eta “Bat egin arrosarekin” dira Gipuzkoako AECC minbiziaren kontrako elkarteak aurten hautatu dituen leloak. Arrosa da bularreko minbiziarekin lotzen den kolorea, eta arrosez bete nahi dituzte kaleak eta plazak. Irunen, urriaren 15ean egingo dute ekimen nagusia. Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak, Irungo Udalak eta Nagusilan elkarteak antolatzen duten Ttipi-ttapa ekimenarekin bat egingo du AECCk. Parte hartzen duten adinekoek zapi arrosak eramango dituzte ibilbidean zehar, eta lazoak eta globoak banatuko dituzte. Amaieran, globo arrosak askatuko dituzte, bularreko minbiziaren ondorioz hildakoen oroimenez. Bestalde, poltsa eta betaurreko arrosak salduko dituzte astean zehar, minbiziaren aurka dirua biltzeko.
Bularreko minbizia ohikoa da oraindik ere. 500 kasu inguru antzematen dituzte urtero Gipuzkoan. Gehienak emakumezkoak izaten dira, baina gizonezkoei ere eragiten die. Garaiz diagnostikatuz gero, sendabidea izaten dute gehienek. Horretarako, auto esplorazioa gakoa izan daitekeela nabarmendu du Oihana Palacin Bidasoko AECCko gizarte langileak: “Garrantzitsua da jakitea nola azaleratzen den, nola antzeman daitekeen”. Diagnostiko azkarrerako, mamografiak egitea da beste aukera. “Probak egitea gomendatzen dugu”, baieztatu du Ana Fernández de Casadevantek. Jendearen kontzientziazio maila handitu dela azaldu du presidenteak, eta gomendioei kasu egiten diela.
Kanpaina gehiago ere egiten ditu AECCk urtean zehar, beste minbiziekin lotuta. Koloneko minbiziaren kanpainaren baitan, esaterako, jardunaldi gastronomikoak egiten dituzte. “Elikadura egokia prebentziorako modu izan daiteke”, gogoratu du Palacinek. Kolonoskopiaren proba Gipuzkoan doakoa dela azpimarratu du gizarte langileak. Azaleko minbiziari dagokionez, hondartzara hurbiltzen dira AECCko kideak. “Babesaren eta hidratazioaren garrantziaz informatzen dugu, eta melaninaren probak egiten ditugu”, aipatu du Fernández de Casadevantek. Biriketako minbiziaren kontra, erretzeari uzteko ikastaroak antolatzen dituzte. Doan, eta interesa duen edonori zabalik.
Gizarte babesa eta laguntza psikologikoa
Prebentzio lana bikaina denean ere, beti egongo dira minbizia duten gaixoak. Diagnostikoa jasotzen duten momentua oso gogorra da haientzat, eta senideentzat. Inpaktuaren tamaina azaldu nahi izan du Ana Fernández de Casadevantek: “Zama ikaragarria erortzen zaizu gainera”. Momentu horretan AECCra hurbiltzen dira gaixo eta senide asko, aholku bila. “Galduta egoten dira, eta lehen orientazioa behar izaten dute”, jakinarazi du Oihana Palacinek. Gizarte atentzioa eskaintzen dute AECCn, astelehenetik ostiralera, Foru kaleko egoitzan. Laguntza teknikoa ere ematen dute, zaila eta garestia baita material ortoprotesikoa eskuratzea. Oheak eta gurpildun aulkiak maileguan uzten dituzte.
Ostegun goizetan psikologo bat izaten da elkartearen egoitzan. Gaixoaren eta senideen egoeran arlo psikologikoak duen garrantzia “oinarrizkoa” dela onartu du Palacinek: “Gaixoarenaz gainera, zaintzailearen egoera psikologikoa erabakigarria da. Ez baldin badago ondo, ez du gaixoa behar bezala zainduko”. Egoera hori hobetzeko, bakarkako eta taldeko psikoterapiak eskaintzen ditu AECCK. Parte hartzaile asko anbulatoriotik edo ospitaletik bidalita iristen dira. Beste batzuk, ezagunek gomendatuta. “Ahoz ahokoak funtzionatzen du. Esperientzia ona izan duen jendeak gomendatu egiten du”, adierazi du Oihana Palacinek.
Prebentzioa eta babesa ezinbestekoak dira. Baina minbiziarekin amaitzeko giltza ikerketak izan dezake. AECCk ikerketa zerbitzurik ez duen arren, ikerketa sustatzeko diru-bilketak egiten ditu. “Irunen maiatza-ekaina aldean egiten dugu, eta jende askok parte hartzen du”, esan du Fernández de Casadevantek. Beste diru iturriak ere baditu elkarteak: kanpainetan eta beste jardueretan biltzen duten dirua, donazioak eta bazkideen ekarpenak. Zentzu horretan, bazkideak behar dituztela nabarmendu du presidenteak: “Gero eta bazkide gehiago izan, orduan eta diru gehiago bideratuko dugu ikerketara. Bazkide izateko ez dugu gutxieneko diru ekarpenik eskatzen”.
Bazkideez gainera, boluntarioak ere bilatzen ari direla erantsi du Oihana Palacinek. Ospitaleetan eta etxeetan laguntzeko jendea behar dute. Interesa duenak on-line formazio bat egin behar du lehenengo, etxean eta internet bidez. Jendea animatu nahi izan du Ana Fernández de Casadevante presidenteak: “Denok dugu egunean tartetxo bat. Horrenbeste behar duten gaixoei laguntza pixka bat ematea polita da”. Edozein ahalegin izango da ongi etorria minbiziaren kontrako borrokan.