Meatzeei lotutako historia luzea du Irunek
Bisita gidatuen bidez ezagutu daiteke, gaur egun
Burdin Aroan hasi ziren Aiako Harria zulatzen. Erromatarrek ere etekina atera zioten, eta Aro Modernotik aurrera, atzerriko konpainiek ustiatu zituzten Irungo meatzeak, Bigarren Mundu Gerraren garaian betiko abandonatu zituzten arte. 2008an, Irungo Udalak Irugurutzetako labeak eta meatzea bisitentzako atondu zituen, eta gaur egun, turista askok gehiago dakite Irungo meatzaritzari buruz, irundarrek beraiek baino.
Leku berezia da Aiako Harria. Pirinioen mendebaldeko muga, granitozko mendigune bakarra Gipuzkoan. Duela 250-300 milioi urte sortu zen. Mineralei dagokienez ere, oso aberatsa da. Burdina aurki daiteke, batez ere, baina zinka, zilarra, beruna eta bestelako mineralak ere bai. Hori dela eta, mendetan zehar ustiatu izan da. Burdin Aroan, jada, burdina ateratzen hasi ziren arbasoak, lehen erremintak eta armak egiteko.
“Erromatarren garaiko galeriak estuak dira, garai modernoetan egindakoekin alderatuta”
Zohartze Galán, arkeologoa
Antzinako erromatarren garaian, Oiasso hiritik gertu, zilarra ateratzen zuten mehatzeetatik. Lehergailurik ez zutenez, oso oinarrizko teknika erabiltzen zuten. “Sua pizten zuten, eta gau osoan zehar uzten zuten, arroka berotu zedin. Hurrengo egunean, ur hotza botatzen zioten, kontrastearen ondorioz apurtzeko”, azaldu du Zohartze Galán arkeologoak. Gida izaten da Galán, Oiasso Museoak kudeatzen dituen bisitetan. Erromatarren sistema horren bidez egindako galeriak ikus daitezke oraindik, Irugurutzetako labeetan. 90 zentimetro inguruko zabalera dutela argitu du Galánek: “Estuak dira, garai modernoagoetan egindakoekin alderatuta”.
Dinamita eta bestelako lehergailuak erabilita, galeria zabalagoak eta sakonagoak egin zituzten XIX.mendetik aurrera. Bisitetan ikus daitekeena, 150 metro ingurukoa da. Aurrera jarraitzen du beste galeria batek, baina luizi bat dago, eta arkeologoek ezin izan dute jakin noraino iristen den. Hala ere, bisita daitekeen lurrazpiko eremuak lagin gisa balio du. Mineralen hondarrak daude oraindik, kolore bizi eta deigarrietakoak. Laranja burdin oxidoarena da, zuria, kaltzioarena, eta urdin turkesa, kobrearena.
“Gipuzkoako bigarren handiena da Irugurutzetako labeen multzoa”
Zohartze Galán, arkeologoa
Prozesuaren bigarren zatia: labeak
Gaur egun bisita daitekeen galeriaren parean, Irugurutzetako labeak daude. Bederatzi dira guztira, angeluzuzenak batzuk, biribilak besteak. Hamaika ere izan ziren garai batean, labe multzo handia, inguruan daudenekin alderatuta. “Gipuzkoako bigarren handiena, Zeraingoaren ondoren”, zehaztu du Galánek. Minerala eraldatzeko erabili ziren labeak, Aro Garaikidean. Burdin oxidoa zen mineral preziatuena, baina eskasa, eta topatzen zaila. Burdin karbonatoa askoz ere eskuragarriagoa da, eta tenperatura altuen eraginpean jarrita, burdin oxido bilakatzen da.
Adreilu erregogorrezkoak ziren labeak, barrutik, tenperatura altuei ondo eusten dielako. “Burdin karbonato tona bakoitzeko, 30 kilo ikatz sartzen zuten labean, eta su ematen zioten ondoren, prozesu kimikoa eragiteko”, adierazi du Zohartze Galánek. Minerala bagonetetan ekartzen zuten lehenago, mendian gora zeuden galerietatik. Gero, labeen gainean dagoen terrazatik botatzen zuten. Behin burdin oxido bilakatuta, labeen azpian zain egoten zen trenaren bagoietara botatzen zuten. Handik Hendaiara eramaten zuten, bertatik Frantzia aldera edo Belgikara bideratzeko. Edo Pasaiara bestela, itsasontzietan Bilboko Itsasadarrera, Labe Garaietara eramateko.
Konpainia frantsesak, belgikarrak eta ingelesak aritu ziren, batez ere, Irugurutzetan. XIX.mendearen amaiera aldera, Irungo lurzoruko 1.700 hektarea baino gehiago meatzaritzarako erabiltzen ziren. XX.mendearen hasieran, Bizkaiko kapitala zuen Minas de Irun y Lesaka enpresak hartu zuen Irugurutzetaren kudeaketa. 1936 urtean, kapital alemana zuen Compañía de Explotaciones Mineras Aralar enpresaren esku gelditu zen. 1941 urtean utzi zuen, Bigarren Mundu Gerraren garaian. Hamarkadak eman zituen abandonatuta, ahaztuta, Meaka auzoko zoko ilun batean.
Irugurutzetara bisitak, tren berdean:
Noiz? Igandeetan 11etan, Oiasso Museotik.
Prezioa: 5,40 euro helduek, 3,70 euro haurrek, eta doan zazpi urtetik beherakoentzat.
Izena emateko: 943 63 93 53.