Vimeo plataforman ikus daiteke David Arretxeren “Conociendo a Carlos García” bideoa. Bost minutuko ikus-entzunezko laburra nahikoa da Erlaitz Mendi Elkarteko Mugalarien sekzioko taldekideek zenbat miresten duten ikusteko. Umiltasuna, lasaitasuna eta adiskidetasuna hitzak errepikatzen dituzte behin baino gehiagotan, arlo pertsonalaz galdetuta. Kirolari dagokionez, lehiakortasuna da denen ahotan dabilen ezaugarria.
Berandu hasi zen mendi lasterketetan, baina sei urteko epean, palmares ikusgarria osatu du Carlos Garcíak. Beteranoen mailan, Euskadiko Txapeldun izan da lau aldiz, eta Espainiako Txapelketako podiumeko hiru koskak probatu ditu. Azken aldian Ultra Trail-etan saiatu da; Euskadiko Txapeldun izan zen iaz, eta Espainiako hirugarren, aurten, Montsenyn (Katalunia).
Errepidean korrika ibili al zinen, mendian baino lehenago?
Duela sei urte inguru hasi nintzen korrika. San Silbestre lasterketa bat prestatu nuen emaztearekin, eta ikaragarri disfrutatu nuen. Lehenago sekula korrika egin gabe ere, ondo ikusi nuen nire burua. Nire hurrengo ilusioa Behobia-Donostia prestatzea izan zen, eta astean bizpahiru aldiz entrenatzen hasi nintzen. Asko gustatu zitzaidan Behobiako esperientzia. Baina mendizalea ere banintzen, eta lagun batek Berako Mendi Maratoi Erdian probatzera animatu ninduen. Horrek erabat harrapatu ninduen. Ordutik aurrera, mendian korrika egiteari ekin nion.
Zer da gehien erakarri zintuena?
Alde batetik, mendiarekin eta ingurumenarekin kontaktuan egoteko aukera. Bestetik, mendia ez dela asfaltoa bezain mingarria. Talka ez da horren handia. Dena den, arrazoi nagusia, taldeko giroa izan zela esango nuke.
Erlaitz Mendi Elkarteko Mugalarien taldeaz ari zara. Nola deskribatuko zenuke?
Bai, Erlaitzen federatu nintzen, eta Mugalarien taldea ezagutu nuen. Entrenatzeko giro ederra topatu nuen. Pixkanaka, Aiako Harria natura parkea goitik behera ezagutu nuen, eta irteerak egiten hasi ginen. Oso talde zabala da, baina primeran moldatzen gara. Ez dut sekula ahaztuko, Euskadiko Kopa irabazi nuenean, taldekideek egin zidaten omenaldia.
Zein garaipen gogoratzen duzu bereziki?
Gehien poztu nauena, beteranoen mailan Zegama-Aizkorri lasterketa irabaztea izan da. Sekulako ilusioa nuen lasterketa horretan parte hartzeko, eta 2015ean lortu nuen. Motibazio handiarekin joan nintzen, ametsa betetzea izan baitzen niretzat. Hegan joango banintz bezala izan zen.
“Dortsala jartzen dudanean, dena ematen dut”
Taldekideek zure lehiakortasuna azpimarratzen dute. Ados al zaude?
Bai, egia da dortsala jartzen dudanean, dena ematen dudala. Ezin dut dortsala jarrita lasai ibili. Horretarako, ez nuke lasterketa batean izena emango. Entrenatzerakoan, ordea, ez daukat arazorik lagunekin lasai joateko.
Entrenamenduen maila eta kopurua handitu behar izango zenituen, hala ere.
Egunero, edo ia egunero entrenatzen dut gaur egun. Ez da erraza, familia eta lana ere baditudalako. Baina egunean ordu bete hartzen ahalegintzen naiz. Jaizkibel etxetik gertu dut, eta bertara joaten naiz astean zehar. Gero, asteburuetan, irteera luzeren bat egiten saiatzen naiz. Ultra Trail-etan ibili nahi dut orain, lasterketa laburragoak alde batera utziaz.
“Ulertu dut segurtasuna da garrantzitsuena”
Zein da arrazoia?
Lasterketa gutxiago egin nahi ditut, egiten dudan bakoitza gehiago disfrutatzeko, eta lesioak saihesteko. Gehiago zaindu nahi dut nire burua, susto handia hartu baitut aurten maiatzean, Zegama-Aizkorrin, errespetua galdu niolako mendiari. Meteorologia aurreikuspena oso txarra zen, baina irteeraren unean halako arriskurik ikusi ez nuenez, arropa gutxirekin irten nintzen. Hipotermiarekin amaitu nuen, eta oso gaizki pasa nuen. Ikusmena galdu nuen, oreka ere bai, eta lesionatu egin nintzen, hainbat aldiz erori nintzelako. Egun hartan ulertu nuen segurtasuna dela garrantzitsuena.
Ehun Milak lasterketa ere utzi behar izan zenuen, uztailean. Lesio horren ondorioz?
Bai. Aldakan min handia hartu nuen Zegaman, eta oraindik ere, jaitsieretan asko sufritzen dut. Fisioterapeutak lan handia egin zuen, Ehun Milak lasterketan irten ahal izateko. Baina 70.kilometrora arte eutsi nion lasterketari. Gaur egun uste dut alferrik sufritzeak ez duela zentzurik. Hortaz, arazorik gabe utzi nuen lasterketa. Etorriko dira beste aukera batzuk.
70 kilometro egin zenituen, eta hala ere, lasterketaren erdia baino gehiago falta zitzaizun. Erokeria dirudi.
Bai, nik 80-90-100 kilometroko lasterketak egin izan ditut, baina Ehun Milak beste maila batekoa kontua da. Benetako astakeria da, oso-oso gogorra. Ostiral arratsaldean irteten zara, eta kasurik onenean, larunbatean ilundu baino lehen iristen zara. Bestela, hurrengo gaua ere eman behar duzu korrika.
Zein da zure hurrengo helburu nagusia?
UTMB, Mont Blanc mendiari itzuli osoa ematen dion Ultra Trail lasterketa. Horretarako, 2017an lasterketa horren bertsio laburra egingo dut, 100 kilometrokoa. Eta 2018an, luzea, 170 kilometrokoa. Gainera, aurtengo arantza kendu nahi dut Zegama-Aizkorrin.
Gero eta lasterketa luzeagoak egin nahi dituzu? Ez al dago mugarik?
Bai, lagunek ere egiten dutela ikusten duzu, eta bizioa hartzen diozu. Abantailak ere badituzte Ultra Trail-ek, ez pentsa dena sufrimendua denik. Ez zara beti hauspoa estututa joan behar, adibidez, eta lasaiago zoazenez, paisaiaz gehiago gozatzeko aukera izaten duzu. Turismoa egiteko modua ere bada. Aurten Kanariar Uharteetan egon naiz, Transgrancanaria lasterketa egiten, edo Montseny mendilerroan, adibidez.
Zein izaten da, zuretzat, zailtasunik handiena?
Sabeleko arazoak. Aldaketa asko egin ditut elikaduran, baina oraindik ez dut formula egokiena topatu. Hezetasunak ere eragina izan dezake sabelean. Orokorrean, faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak. Nahiz eta ondo prestatuta joan, espero ez duzun edozer gerta dakizuke.