Carmelo Urbano izan da 47. Bidasoako Itzuliko irabazlea

Carmelo Urbano izan da 47. Bidasoa Itzuliko irabazlea. Txirrindularitza proba maiatzaren 8tik 11era antolatu zen Txingudi bailaran, Nafarroako lurretan kokaturiko hainbat portu igotzearekin batera. Ohiko moduan, kirol proba 4 etapa ezberdinez osaturik egon da eta beste urte batez, estatu mailako kluben parte-hartzeaz gain, nazioarteko klubak lehiatu ziren proban.

Antxon Mendia itzuliko zuzendariak adierazi zuenez, “probaren irabazlea ezagutzeko emozioa azken etaparen amaierara arte mantendu zen”. Izan ere, laugarren etaparen hasieran 13 txirrindularik zeuzkaten irabazteko aukerak 29 segundotan. Azkenean Banakako sailkapen orokorrean garaipena ez zen etaparen hasieran lehen postuan aurkitzen zenarentzat izan, baizik eta, Carmelo Urbanorentza “Cara Rural – Seguros RGA” taldeko S23 kategoriako txirrindularia, 10:45:54eko denborarekin.

Bigarren postua AVC Aixen Provence taldeko Simon Carr-entzat izan zen, irabazlearekiko 5 segundotako aldearekin. Podiumeko hirugarren posizioan, berriz, Alejandro Roperok eskuratu zuen Kometa Cycling Team taldearekin eta 10:46:55eko markarekin.

Taldekako sailkapen orokorrean Kometa Cycling Team izan da nagusi. Bigarren postua Caja Rural – Seguros RGA taldearentzat eta hirugarren sailkapena Lizarte taldearentzat izan delarik. Antxon Mendia itzuliko zuzendariak adierazi duenez, proban parte hartu zuten taldeen maila oso berdindua egon zen, izan ere, hirugarren etapara arte 137 kirolarik lortu zuten lasterketan mantentzea.

“2020 edizioan pentsatzen hasi gara jada”

Antxon Mendia, Bidasoako Itzuliko zuzendaria

Ibilbideari dagokionez, aurreko edizioetako etapa gehienak moldaketa txiki batzuekin mantentzea lortu da, 3. etaparen salbuespenarekin, guztiz ezberdina izan baita. Lehen egunean txirrindulariak Irungo Urdanibia plazatik abiatu 104 kilometrotako ibilbideari aurre egin zioten. Lehen etapa burutu ostean, kirolariak Irrisarri Landeko helmuga aldapatsura iritsi ziren.

Bigarren egunean, probaren irteera eta helmuga Hondarribian kokatu ziren eta txirrindulariek 128 kilometro egin zituzten bizikleta gainean. Ziga igo ostean, helmugatik 10 kilometrora dagoen Jaizkibel igoerari aurre egin zioten txirrindulariek. Hirugarren etapa edizio honetako etaparik luzeena izan da 135 kilometrotako ibilbidearekin. Guztira, Nafarroan kokatutako 5 portuetatik igaro zena: Saldias, Gorostieta, Belate, Ziga eta Otsando. Hirugarren eguneko helmuga Udazubin kokatu zen.

Bidasoako Itzuliaren 4. etapan txirrindulariek joan den urteko etapa berdina errepikatu zuten. 77 kilometrotako distantzia izan dituen etapa honetan ere, kirolariek 5 portu igo zituzten, horietako 3 lehen kategoriak. Etapako lehen 25 kilometroetan Gurutze, Aritxulegi eta Agiñara igo zen pelotoia, Kolon Pasealekuan kokatutako helmugara iritsi aurretik, San Martzial eta Erlaitzeko gainetatik igaro ziren.

Eguraldia lagun
Txirrindularitza probaren antolakuntzatik adierazi dute eguraldia lagun izan dutela probak iraun dituen egunetan zehar, hain zuzen ere, hirugarren etapa izan zen euria egin zuen egun bakarra, baina indar gutxirekin, beraz, ez zuen txirrindularien erorketa garrantzitsurik eragin. Etapan zehar gertatutako erorketa bakarrak pilaketen ondorioz eragindakoak izan ziren, oso ohikoa baita honelako istripuak gertatzea metara hurbildu eta txirrindulariak posizio onak lortzen saiatzen direnean.

2020ko edizioa
Mendia itzuliko zuzendariak adierazi duenez, “2020 edizioan pentsatzen hasi gara jada”. Hurrengo urtera begira hauek dira Bidasoako Itzuliaren antolakuntzak bere buruari ezartzen dizkion helburuak: etapa berriak diseinatzea, Gipuzkoatik igaroko den etapa bat egitea, talde italiar onena ekarri ahal izatea, sponsor berriak kontratatzea, babes instituzional handiago akordatzea, antolakuntzako kolaboratzaileen kopurua handitzea posible izanez gero eta, honekin guztiarekin, Bidasoako Itzuliaren maila altua mantentzea estatu mailan zein nazioartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude