Nieves Alza Hondarribia-Irun Saskibaloi klubeko lehendakari ohiak IV Carmen Adarraga saria jaso zuen martxoaren 7an. Gipuzkoako Foru Aldundiak hondarribiar honek saskibaloiaren munduan izandako ibilbide profesionala saritu nahi izan du sari honen bitartez. Nieves Alza Bidasoako eskualdean saskibaloi femeninoaren bultzatzaileetako bat izan zen eta kirolaren bitartez Hondarribia-Irun izena nazioartera zabaldu zuen.
Nola jakin zenuen Carmen Adarraga saria jasotzeko aukeratua izan zinela?
Bidai batean nengoen kazetari baten deia jaso nuenenean. Hasieran harrituta gelditu nintzen, Carmen Adarragaren berri nuen arren, bere izena zuen saririk ezagutzen ez nuelako. Bidaiatik itzultzerakoan berriro deitzeko eskatu nion eta ohore handiz saria onartzea erabaki nuen.
Nola sentitu zinen sari jaso zenuen egunean?
Oso egun hunkigarria izan zen, sariak duela urte asko ikusten ez nituen pertsonekin elkartzeko aukera eman dit, hala nola, klub ezberdinetako lehendakari ohiak, jokalari ohiak, lagunak, familia … Ez nuen uste ekitaldira hainbeste jende hurbilduko zenik.
“Sariak duela urte asko ikusten ez nituen pertsonekin elkartzeko aukera eman dit”
Noizbait maila honetako sariren bat jasotzea imajinatu zenuen?
Aurretik Hondarribiko Hiriaren Urrezko Domina edo Eusko Jaurlaritzaren saria jaso nituen, saskibaloiaren munduan oraindik era aktiboan nenbilenean. Hala ere, oso zirraragarria izan da hainbeste denboraren ostean urte luzeetako lana saritzen duen errekonozimendu hau jasotzea.
Nola murgildu zinen saskibaloiaren munduan?
Nire ikastetxeko jolastokian ikusi nuen saskibaloiko baloi bat lehenengo aldiz. Eskolan talde bat osatu eta gure afizioa egi bihurtzeko lanean hasi ginen. Garai hartako kideek diotenez, orduan jada talde bat osatzeko nahia nuela argi eta garbi erakusten nuen. Hala ere, Bidasoa klubean kokatzen dut nire kirol ibilbidearen hasiera. Gipuzkoako txapeldun izatera iritsi ostean, Donostiako klub batean ibili ostean, Hondarribian klub bat sortzea erabaki nuen nire senarrarekin batera.
Kirol arloan emakumeek geroz eta protagonismo handiagoa duten arren, oraindik aldatu beharreko gauzak ikusten dituzu?
Orokorrean aurrerapausoak eman dira, baina, ez beharko litekeen erritmoan. Izan ere, azkenaldian atzerapausoak ematen ari direla uste dut. Adibidez, sinesgaitza iruditzen zait errealeko neskek gaur egun oraindik hitzarmen lortzeko zailtasunak izatea. Izan ere, emakume eta gizonezko eskubide berdina daukagu kirol profesionalean aritzeko.
“Emakume eta gizonek eskubide berdina daukagu kirol profesionalean aritzeko”
Klubaren presidentziatik klubeko jokalarien lorpenak disfrutatzeko aukera izan zenuen?
Noski, momentu on eta txarrak daude, baina, denborarekin, oroitzapen onak dira burura etortzen direnak. Lorpenik garrantzitsuena ezerezetik sortu eta, urratsez urrats, Liga Femeninoko lehen mailara iritsi edo Europako Txapelketetan ibiltzea izan zen.
Nola ikusten duzu momentu honetan saskibaloi femeninoaren egoera Gipuzkoa eta Bidasoa mailan?
Gipuzkoa mailan kategoria gorenean dagoen talde bat dugu eta hura laguntzen jarraitzea ezinbestekoa da. Hala ere, beheko kategorietan aritzen diren saskibaloi eskolen papera oso garrantzitsua da, erreferenteak sortu eta haurrek etorkizunean kirola praktikatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.