Caser Residencialek etorkizuneko erronka berriez hitz egiteko jardunaldia antolatu du

 

Caser Residencialek jardunaldi sozio sanitarioa antolatu du etorkizuneko erronka berriez hitz egiteko. Ekintza urriaren 5eko goizean zehar egin zen Hondarribiko Itsas Etxean. Hausnarketarako jardunaldian mahai-inguruak eta hitzaldiak egin ziren eta antolatutako ekintzez gozatu ahal izan zuten arloko profesionalek eta ikasleek, bertaratu ziren pertsona interesatu guztiez gain, jende ororentzat irekitako ekitaldia izan baitzen.

Jardunaldia “Erronka Berriak eremu sozio sanitarioan” titulupean antolatu zen. Ekitaldia Nerea Tizón Caser Residencial Anakako zuzendariaren, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearen eta Txaro Rodrigo Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren arretako Zuzendari Nagusiaren agurrarekin hasi zen. Jardunaldia testuinguruan jartzeko aipatu zen azken urteetan bizi itxaropena %10 handitu dela eta ondorioz, gizartearentzat erronka bihurtu direla zaintza lanak eskaintzea eta zainketen eredua hobetzea.

Adituak bildu zituen mahaia
Jarraian, eszenatokiko besaulki guztiak jendez bete ziren “Gogoeta etikoak zaintza harremanetan” izenburuko mahai-inguruarekin. Solasaldian Zorione Benedicto FGAko Gizarte Langilea eta GEHEB Batzordeko idazkariak, Vanessa Latapie Labenneko Marin egoitzako Psikologoa eta Etika Batzordeko kideak eta Manuel Millet OSI Bidasoako Etxez etxeko Ospitalizazio Unitatearen arduradunak parte hartu zuten. Beraiekin batera, Elena de la Fuente Caser Residencial Betharrameko Gizarte langilea eta GEHEBeko Batzordekidea moderatzaile lanetan aritu zen.

Mahai-inguruan zehar etika izan da hitz errepikatuenetako bat. Hizlariak etikarekin loturik etorkizunak agerian utziko dituen erronkez mintzatu ziren lehenengo. Vanessa Latapiek mugaren beste aldeko errealitatea hurbildu zuen jardunaldira, aspaldian eskubideez hitz egitetik etikaz hitz egitera pasa zirela azaltzeko. Osasun arloko langile gisa Manuel Millet medikuak, gaian aditua ez bada ere etikaren gaian oso interesatua dagoela azaldu du. “Lanean etxean inon baino hobeto leloa aplikatzen saiatzen naiz, baina beti pazientearen nahiaren arabera”, adierazi zuen Manuel Milletek etxez etxeko zerbitzuak etorkizuneko armak izango direla adierazi aurretik. Era berean, Elena de la Fuentek teknologiaren ahalmena aipatu bazuen ere, sistema eraginkorra izan dadin, aurrerapauso teknologikoez gain, argi utzi zuen pertsonen lanak funtsezkoa izaten jarraituko duela.

Ondoren, pertsonen hauskortasunean edo kalteberatasunean laguntzeko teknika eta baliabideez jardun ziren. Vanessa Latapieren iritziz hauskortasuna aipatzerakoan pazienteen zein senideen hauskortasunaz hitz egin behar da eta bere ustez gakoa prebentzioa indartzean dago. Zorione Benedictoren hitzetan berriz, berdintasun egoeran kokatzeak pertsonaren ahalduntzean lagunduko du. Manuel Milletek aldiz, nabarmendu zuen akonpainamenduan konpromisoak eta aurretiaz plan bat egiteak duen garrantzia.

Mahai-inguruak medikuek lagundutako heriotzaz hitz egiteko bidea ere eman zuen. Manuel Milletek gaiarekin lotutako testigantza zuzena eman zuen, legeak arloko profesionalen artean izandako harrera azaltzeaz gain, oraindik ere pazienteek sedazio aringarria eta eutanasia bereizteko zailtasunak dituztela adieraziz. Vanesa Latapiek azaldu zuen Frantzian oraindik eutanasia galarazita dagoela eta eskura dituzten beste baliabideak aipatu zituen. Zorione Benedictok aldiz, heriotza lagunduaz hitz egiteaz gain, gizartean heriotza naturalizatu eta txikitatik prozesua barneratzeko beharrean sakondu zuen.

Galderen tartean entzuleek autonomia sustatzeko aukerekin, etika eta ekonomiaren arteko talkarekin eta heriotza egunerokotasunera hurbiltzeko moduekin lotutako galderak egin zizkieten mahai-inguruko protagonistek erantzun zitzaten.

Diego Gracia medikuaren hitzaldia
Diego Gracia Guillén medikuren hitzaldia izan zen eguneko beste ekitaldi nagusietako bat. Medikuaren hitzaldiak 5 ardatz nagusi izan zituen: autonomia, ahultasuna, kalitatea, balioak eta betebeharrak. Autonomia hitza aipatu zuen Diego Graciak adinekoekiko diskriminazioaz hitz egiteko eta horri aurre egin ahal izateko etikaren erabilera ezinbestekotzat jo zuen. Ahultasuna erantzun ahalmena murriztearekin lotu zuen Graciak, ez adinarekin. Zentzu horretan, Graciaren hitzetan “adina bizi kalitatearen indizean eragiten duten faktore guztien artean beste bat baino ez da”. Era berean, kalitatearen gaia konplexua dela onartu zuen, indize kuantitatibo eta kualitatiboa den aldetik. “Erabakiak ez dira soilik datu objektiboei erreparatuz hartu behar”, adierazi zuen medikuak. Era berean, Madriletik etorritako medikuak etika balioak ulertzen laguntzeko funtsezkoa dela azaldu zuen. Azkenik, betebeharrak aipatzerakoan, norbanako eta instituzioen betebeharrez mintzatu zen hitzaldia amaitu aurretik.

“Erabakiak ez dira soilik datu objektiboei erreparatuz hartu behar”

“Adina bizi kalitatearen indizean eragiten duten faktore guztien artean beste bat baino ez da”

Diego Gracia Guillén, medikua eta jardunaldiko hizlaria

Hondarribiko Itsas Etxean antolatutako jardunaldia Caser Residencialeko Zuzendari Orokorra den Valentín García Garcíaren itxiera hitzaldiarekin amaitu zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude