Eskualdeko Caser Residencial egoitzek “Oroimen tailerrak” eskainiko dituzte datozen hilabeteetan Real Unión klubeko Beteranoen Elkartearekin izenpetutako lankidetzari esker. Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioa da oroimena lantzeko helburua duten tailer horien sustatzailea. Guztira, bi ikastaro egingo dira: lehena Caser Residencial Anakan eta bigarrena Caser Residencial Betharramen.
Egitasmoa Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak sustatzen du. Tailerretan futbolaren bitartez, oroimena lantzeko ariketak proposatzen dizkiete parte-hartzaileei. Juan Mari Zorriketa Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioko presidentea da eta horrelako egitasmoen bitartez federazioak helburu sozialeko jarduerak aurrera eramaten dituela azaldu du.
Caser Residencial Anakako ikastaroa urtarrilaren 16an hasi zen eta apirilera arte luzatuko da. Hondarribiko Caser Residencial Betharrameko erabiltzaileek, aldiz, irailetik abendura izango dute tailer horien bitartez oroimena lantzeko aukera. Tailer bakoitzak 12 saio izango ditu. Federazioak dagoeneko era honetako ia 100 tailer antolatu ditu estatu osoan. Egitasmoak duen arrakasta erakusteko federazioko presidenteak adierazi du, “orain arte antolatutako tailer guztietan inork ez du tailerra utzi amaitu aurretik”.
Metodologiari dagokionez, tailer bakoitza hiru zatitan banatzen da: jolas eta igarkizunekin hasten dira, oroimena lantzeko ariketekin jarraitzen dute eta bizitza liburua dator ondoren”. Oinarrizko saio horiez gain, tailer ziklo bakoitzean hiru saio berezi antolatzen dira, monotonia desagerrarazteko. Esaterako, klub antolatzailearekin lotutako irteera, futbol klubaren zelaia edo museoa ezagutzeko, futbolari ezagunen bisita edo bestelakoak. Zorriketak azaldu du bera arduratzen dela tailerretara ongietorria egiteaz eta hitzaldian eskakizun bakarra egiten diela parte-hartzaileei: “eskuzabalak izatea eta gainontzekoei laguntzea eta entzutea”.
Proiektua Real Unión klubeko Beteranoen Elkarteari esker gauzatuko da Bidasoko eskualdean. José Carlos Asensiok Real Unión klubeko Beteranoen Elkartearen izenean adierazi du, “guretzat erronka handia da proiektu hau elkartearen sorreratik 5 urtera martxan jarri ahal izatea”. Elkartekideek Errealaren adibidea jarraitu nahi izan dute, hala ere Bidasoa eskualdeko baliabideak mugatuagoak direla jakinda. “Akordio garrantzitsua da, gizarte jardueraren helburua garatzeko aukera ematen baitigu, eta are garrantzitsuagoa iruditzen zaigu adinekoekin gauzatzea.”
Nerea Tizón Caser Residencial Anakako zuzendaria oso pozik agertu da tailer horiek eskualdeko egoitzetan egin ahal izateagatik. Nerea Tizónek azaldu duenez “Oroimen Tailerren bitartez uste dugu Caser Residencial zentroetan bizi diren pertsonek oroitzapenak berpiztu, gogoratu eta partekatu ahal izatea lortuko dugula”. Era berean, zentroko zuzendariak azpimarratu du tailerrek “oso emaitza onak” izatea espero dutela, bai maila kognitiboan zein emozionalean.
Futbola oroimena iratzartzeko
Tailerren helburua parte-hartzaileen alderdi emozionala astintzea eta oroitzapenak gogora ekartzea da. Oroimenaz gain, “Oroimenaren tailerrek” parte-hartzaileen artean loturak sortzea eta sendotzea ahalbidetzen dute. Nahiz eta futbola tailerra garatzeko erabiltzen den ardatzetako bat den, egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dute era askotariko parte-hartzaileak onartzen dituela. Zorriketak gogoratu du, “futbola tresna bat baino ez da, benetako eragileak proiektuaren partaideak dira”. Beraz, Oroimen Tailerrak gomendagarriak dira bai kirol honen zaletu amorratuentzat zein futbola inoiz jarraitu ez dutenentzat.
Oroimenaren tailerrak antolatzeko Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioa Eskozian garatutako metodologia batean oinarritu zen. Metodo hori Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren Ezagutzaren Zentroaren bidez Espainian homologatutako esperientzia batean oinarritzen da.
Hartzaileak
Hasiera batean ekimena narriadura kognitiboko maila jakin bat duten adineko pertsonekin lantzeko garatu zen. Denboraren poderioz, ordea, tailerren arrakasta ikusita, egitasmoa narriadura kognitiborik gabeko adinekoetara zabaltzea erabaki zen. Era berean, hartutako garun kaltea duten pertsonengana eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonengana ere zabaldu da. Horrela, edonork izango du Oroimen tailerren onuraz gozatzeko aukera.