CBA liburutegia handitzeko proiektua forma hartzen hasi da

Carlos Blanco Aguinaga kulturgunearen bigarren faseko proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu dira. Tokiko Gobernu Batzarrak joan den abenduko azken astean onartu eta lizitatu zuen proiektua. Aurkezpenean José Antonio Santano alkateak, Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Eunate Encinas Kultura arloko zuzendariak parte hartu dute.

Egun CBA kulturgunearen azalera 2.700 m2-koa da eta proiektu berri honen bitartez azalera 2.400 m2 handituko da. San Juan plaza azpian egokituko den eremu horretan espazio berriak sortuko dira, eta horrek hiriko kultur programazioa sendotzeko aukera emango du. José Antonio Santano alkateak azaldu duenez, “espazio hau osatzeko konpromisoa eta ideia dugu, CBAn dugun espazioa bikoizteko”.

José Antonio Santano alkateak urte honetako inbertsio nagusietako bat kulturari eskainiko zaiola aurreratu du lanak egikarituko diren eremuan. “Duela zazpi urte zabaldu zen CBA, eta iraultza izan zen, oso aldaketa onuragarria hiriko kultur eskaintzaren barruan”, adierazi du Irungo alkateak. Orain dela 7 urte ateak ireki zituen liburutegi handi, moderno eta irisgarri hori osatzeko, orain San Juan plazaren azpian libre geratzen zen hutsunea beteko da.

Horrela, kulturgunearen espazioa bikoiztu eta ekipamendu berriekin osatuko da. Alkateak azpimarratu duenez, “Irun erdialdeko espazio berri hau guk sortu dugu, aurretik ez zelako existitzen”. Irungo alkateak azaldu duenez, normalean hirian ekipamendu berriak eraikitzerakoan, dauden espazioak okupatzen edo eraldatzen dira. Espazio berriak sortzerakoan hiriari lekua kendu ohi zaiola azaldu du José Antonio Santanok, baina, kasu honetan, aurkakoa gertatu da eta San Juan plazan espazioa oinezkoen erabilerarako egokitu da. Guztira, San Juan Plazako lurpean 5.000 m2-tik gorako espazio bat egongo da, kulturarako eta gazteentzako eskaintzarako sortua izan dena eta erakusketagune eta espazio eszeniko betekin osatuko dena”.

Eunate Encinas Kultura arloko zuzendariaren hitzetan, “abangoardiako filosofia duen kultur zentro baten aurrean gaude, publiko guztiari irekia egongo dena”. Herritarrak arteekin elkartzea bultzatu nahi dugu, arteen sorkuntzarekin eta hedapenarekin. Irungo alkateak azaldu duenez, “kultur eskaintza zabalduko da, hiriko gazteentzat pentsatutako proposamenei arreta handia eskainiz”. Kultura arloko zuzendariak azaldu duenez, proposamen konstelazio bat da, non modu multidisziplinarrean planteatutako elementu bat egituratu nahi den, era kotenporaneoan, non talentu gaztea babesten den.

Areto berria hirian
Kulturgunearen eremu berrian sortuko diren espazioen artean, kontzertuak eta bestelako emanaldiak antolatzeko areto bat nabarmentzen da. Aretoarekin batera, kamerinoak, komun publikoak, biltegiak eta Prudencia Arbide karrikan materialak zamatzeko gune bat ere egokituko dira. Batetik, agertoki klasiko bat instalatu ahalko da 91 eserlekuko harmaila barneragarri batekin, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen proiekzioak antolatzeko aukera emango duena. Gainera, bi, hiru eta lau besaulkiko beste 62 eserleku instalatu ahal izatea aurreikusten da, aretoaren askotariko erabilerak errazteko. Horrela, agertokia aretoaren erdian jarri ahalko da, eserlekuz inguratuta. Azkenik, jendeak zutik ikusteko moduko ikuskizunetarako erabili ahalko da aretoa.

Aretoa berritasun handia izango da hirian, egun ez baita horrelako ezaugarriak dauzkan bestelako espaziorik. Hortaz, areto berria sortuta, kultur programazioa nabarmen sendotu ahalko da. Gainera, CBA sortu zenean “hizkuntzak eta mintzairak” izan zen espazioaren sorrerarako erabilitako leloa eta lelo horri jarraiki lan egin du Kultura Arloak. 2015ean zabaldutako liburutegian hitzarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duen oro lantzen da. Bigarren fasean, berriz, kultur, gazte eta arte mintzairen munduari helduko zaio. Beraz, musikak, arte bisualek, antzerkiak, dantzak, ikus-entzunezkoek, eskulturak, modak, argazkilaritzak eta ikerkuntza artistikoek lekua izango dute bertan.
Era berean, lekua egingo zaie Irun Zuzenean eta Irun Factory markei eta jardueren agenda dinamizatuko duten beste programa batzuei, arte eta kultura garaikidea sortzeko, trebatzeko, eskuratzeko eta zabaltzeko aproposa izango den espazio batean. Enaute Encinasek azaldu duenez, “jendea kulturarekin elkartzea lagundu nahi dugu”. Irun Factory-ri dagokionez, sorkuntzagune berri bat eraikiko da proiektuak gune publikoetan arte garaikidea ikusaraztea baitu helburu. Irun Zuzenean zerbitzuaren kasuan, musika hirirako marka gisa landu nahi du, eta Irunen formatu ertaineko kontzertuak emateko areto bat falta zen. Gainera, hirian sortutako gune honek talentu berria eta km0 kultura babesteko balio izatea nahi da.

Beste hainbat erabilera
Kulturgunearen espazioa zabaltzearekin batera, egun liburutegian dagoen ikasketa gela handitzeko aukera emango du. Bestalde, formatu ezberdinetako erakusketak jartzeko espazioa sortuko da. Gainera, bilerak eta tailerrak egin ahal izateko langelak sortuko dira. Gazteartean gazteria zerbitzuak ere bere jardunerako gune bat izango du. Azkenik, artxiboaren aretoa handitu eta instalazioak osatzeko komun gehiago jarriko dira.

Bigarren faseko proiektua, lehenengoarekin egin zen bezala, erdiko patio obalatuaren inguruan txertatuko da, hori baita kulturgunera argi naturala sartzeko bide bakarra. Patioa kulturgunearen barruan orientatzeko erreferentzia bat izango da eta erabilera nagusiko eremuak, hau da, erabiltzaileek luzaro egongo diren lekuak, haren inguruan kokatu nahi izan dira. Cristina Laborda Obretako ordezkariak azaldu duenez, “guztion artean, gune zentral handi bat irekita uzteko beharra ikusi dugu, San Juan plazaren inguruan inguru berriak sortzeko ideiarekin jarraitzeko”.

Kulturgunea handitzeko lanak egitearekin batera, Alde Zaharretik kulturgunera sartzeko sarrera berri bat kokatu da Jesus karrikan. Egun liburutegiak patioan duen sarrera bakarrean, aldiz, egokitzapenak egingo dira bi mailetako sarrerak sortzeko. Batetik, oinezkoen pasabide egokitu bat eta soto mailan beste sarrera bat sortuko da. Proposamenak oinplano libreko barne hall baten bidez biak lotzea eta eremu jarraitu bat sortzea aurreikusten du, non jarduera eszenikoak eta askotariko beste jarduera batzuk egin ahalko diren. Guztira, jarduketaren aurrekontua 3.880.570,25 euro da, BEZa barne, eta lanak egiteko epea hamabi hilabetekoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude