CBA udal liburutegiak “Bidegorri” izeneko bideojokoa estreinatu du hiriko bidegorrien erabilera handitzeko helburuarekin. Estreinatu berri den bideojokoa mugikor, eramangarri edo mahaiko ordenagailuen bitartez joka daiteke ez baitu instalaziorik behar. Arteklab etxearekin lankidetzan aurrera ateratako proiektua da, hiriaren kultura, ondarea eta historia jendearengana hurbiltzeko CBAn irekia duten lan ildoaren barruan.
“Bidegorri” arcade motako bideo-joko baten bidez hirian bidegorrien erabilera sustatu nahi duen transmedia ekimen bat da. Juncal Eizaguirre Kuktura ordezkariak adierazi duenez, Irungo udala eta Jaime de los Riosek sortutako Arteklab artea eta zientzia uztartzen dituen erakundearen lankidetzatik jaiotako proiektua da. Kultura ordezkariaren hitzetan, “bideo-jokoan bizikleta bidezko mugikortasunari heldu diogu, oso puntu berritzaile batetik”. Juncal Eizaguirrek gaineratu duenez, bideo-jokoan hiriko bidegorri sareak dira protagonistak, batez ere, gazteen artean bidegorrien erabilera anitzak modu atsegin eta dibertigarrian sustatzeko.
Proiektuaren oinarrian hiriko disziplina anitzeko hainbat eragilek osatutako lantaldea dago eta bideo-jokoen garatzaileen laguntzarekin aurrera atera dute proiektua. Aurretik, lan talde honek hiriarekin lotutako pertsonai eta giroetan oinarritutako umorezko antzeko beste ekimenak garatu ditu, esate baterako, Menchu Gal, zortzikoak eta abesti herrikoiak proiektua.
Hiru eszenatoki
“Bidegorri” bideo-joko erraza da, adin guztietako jokalariak onartzen dituena. Sortzaileek adierazi dutenez, erabiltzaileen artean sare sozialen edo berehalako mezularitzako aplikazioen bidez (WhatsApp, adibidez) ibiltzeko pentsatuta dagoen jokoa da. Bideo-jokorako sarbidea interneteko esteka baten bitartez egiten da, zuzenean jokalariari euskara edo gaztelerazko edukiak eskaintzen zaizkiolarik.
Bideo-jokoak hiru agertoki ditu: Faisaien irla, San Juan eta Urdanibia plazak. Erabiltzaileak bizikletaren aginteak kontrolatu beharko ditu hainbat oztopo gainditu eta jokoaren pantailak pasa ahal izateko. Jaime de los Rios jokoaren sortzaileak azaldu duenez, “ideia sinplea eta jokatzeko erraza da, baina, garrantzitsuena ekimenaren funtsa da”. Horrela, Bidegorri bideo-jokoa osatzen duten pantailek izen ezagunak dituztela azaldu du, jokoaren erabiltzaileen artean hiriko puntu horietatik igarotzen diren bidegorriak erabiltzea sustatzeko.
Bideo-jokoa Arteklab (Artrea eta Zientzia) erakundea eta Jorge Enriquez, Euskal Herriko arkade bideojokoen garatzaile garrantzitsuenetako baten arteko lankidetzari esker sortu da.