CBAra iritsiko da Abenida

Kultur guneak 2016an eskainiko dituen jardueretan presente egongo da nazioarteko zubiaren mendeurrena

Ohiko zerbitzuez eta jarduerez gainera, kultur egitarau zabala eskainiko du Carlos Blanco Aguinaga Kultur Guneak 2016an. Abenida zubia omenduko du aurten, ehun urte bete dituelako. Hori dela eta, zubiari erreferentzia egingo diote egitarauko jarduera gehienek. Beste protagonista Frantses Institutua izango da, urtearen hasieran, behintzat. Haren eskutik helduko dira lehen jarduera bereziak.CBA Insti

CBA liburutegiari begira, 2016-2019 eperako lan ildo bat eratu du Irungo Udaleko Kultura departamentuak. Urte bakoitzean, jarduerak gai baten inguruan ardaztea erabaki dute. Hortik abiatuta, tailerren edo ipuin kontalarien moduko ohiko hitzorduak, eta ez ohiko ekimenak antolatuko dituzte. “CBA dinamizatzeko eta kultur agenda indartzeko estrategia diseinatzen ari gara”, argitu du Juncal Eizagirre Kultura arloko ordezkariak.

2016an, Abenida zubiaren mendeurrena izango da ardatza. Lau multzotan zatitu dute urteko egitaraua, banaketa kronologiko bati jarraituta. Urtaroak, Abenida zubiaren historiarekin lotuko dituzte. Negua zubiaren lehen 25 urteekin, udaberria hurrengo 25ekin, eta berdin udarekin eta udazkenarekin ere. Planteamendua modu grafikoan irudikatu dutela baieztatu du Eizaguirrek: “Soka batean, data bakoitza islatzen duen korapilo batzuen irudia aukeratu dugu”.

“CBA dinamizatzeko eta kultur agenda indartzeko estrategia diseinatzen ari gara”
Juncal Eizaguirre, Kultura arloko ordezkaria
Aurten kolaborazio estuagoa eta iraunkorragoa izango dugu”
Jean André Viala, Frantses Institutuko ordezkaria

Hurrenkera kronologikoari jarraiki, Abenida zubia eraiki zuten garaira joko du CBAko egitarauak hilabete honetan. Horrela, otsailean zehar, Lehen Mundu Gerrari buruzko 14-18 erakusketa interaktiboa ikusi ahal izango da kultur gunean. Frantses Institutuak prestatu du, udalarekin adostutako lankidetzaren bidez. 2014an Albert Camus idazleari buruzko erakusketa antolatu zuen Frantses Institutuak. Baina oraingoan, harremana sendotu dutela onartu du Jean André Viala Frantses Institutuko ordezkariak: “Aurten kolaborazio estuagoa eta iraunkorragoa izango dugu”.

Lehen Mundu Gerraren nazioarteko dimentsioa irudikatzen du 14-18 erakusketak, panel interaktiboen bidez. QR kodeak dituzte panelek, eta smartphone edo tablet gailuen bidez horiek aktibatuta, multimedia artxibo osagarriak eskuratu ahal izango ditu bisitariak. Garai historiko horretan sakontzeko, Frantziar zinema zikloa ere prestatu du Frantses Institutuak. Ostegunero emango dituzte filmak, frantsesez, gaztelaniazko azpitituluekin. Bertrand Tavernier zuzendariaren Capitaine Conan (1996) emango dute otsailaren 4an, 18:30etan. Aurrerantzean, ostegunero emango dituzte filmak, baina 19:00etan hasiko dira hurrengoetan.

Kontzertu akustikoak egongo dira hilean behin

Zinemaz gainera, musika emanaldiak ere eskainiko ditu CBA kultur guneak. Hilabete bakoitzeko azken ostiralean, tokiko edo hurbileko taldeen edo bakarlarien kontzertu akustikoak egongo dira. AcusticCBAs izena eman diote ekimenari. “Formatu txikiko proposamenak eskaini nahi ditugu, publikoarekiko hurbil daudenak, atseginak eta entretenigarriak”, azaldu du Juncal Eizaguirrek. Lehen kontzertua Iker Piris tolosarrak eskaini du, urtarrilaren 29an.

Abenida, zubi historikoa

1902 urtean, Hendaiako tren geltokitik hurbil zubi bat eraikitzeko asmoaren berri eman zion Cipriano Larrañaga Irungo alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Txalupa zerbitzua besterik ez zegoen, garai hartan. Ignacio Ugarte ingeniariak burutu zuen proiektua. Baranda bereizgarria, Pasaiako Molinao enpresak egin zuen.

1916an amaitu zuten zubia, Lehen Mundu Gerrak eztanda egin zuen urtean. Zubiaren erabilera mugatu zuen gatazkak, 1918ra arte. 1936an, milaka irundar pasa ziren Hendaiako aldera, gerra zibiletik ihesi. 1940an, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, Lluis Companys Errepublika garaian Kataluniako presidente izandakoa frankisten esku utzi zuen Gestapok, Abenida zubian. Beste hainbat gertakari historikoren lekuko ere izan da Abenida zubia, ehun urteko ibilbidean zehar. 1966an Santiago zubia eraiki zuten ondoan, trafikoa handik bideratzeko.

One thought on “CBAra iritsiko da Abenida

  1. Ikusten dudanez, Frantses Institutuaren parte-hartzearekin bederen, urteurreneko ekitaldien ardatza ez datza soilik Irun-Hendaia harremanetan edota Euskal Herriko bi herriren artean Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako muga artifizialean, baizik eta Irun-Hendaia harremanak ‘España-France’ testuinguru ofizialean barne hartuta.

    Ohituta gaude gure historia ukatu, ezkutatu, desitxuratu edota testuingurutik kanpo uzten dituzten ekimen eta ekitaldiekin. ‘Abenida’ (sic) zubiaren kontu honekin beste hainbeste eszenifikatuko digutela iduri du.
    Hobe oker banabil, baina…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude