Cliché musika talde irundarrak bere lehen abestia kaleratu berri du. Urtarrilaren 28an estreinatu zen “Conjuro” izeneko abestia, bideoklip eta guzti. Asier Piera abeslariak, Rubén de la Iglesia gitarra-joleak eta Ander Sáenz perkusionistak osatutako taldea arrakasta berrien bila abiatuko da. Musikariek, pandemiaren oztopoak gaindituta, eszenatokietara itzuli eta oraindik aurkezteko dituzten abesti berriak ezagutarazteko gogo handia adierazi dute
Zertan ibili zarete azken elkarrizketa egin genuenetik?
Azken elkarrizketa egin genuenetik estudioan sartuta egon gara, abesti berriak grabatzen. Gainera, bideoklip bat sortu dugu, kontzertuak eman ditugu eta konposaketa berriak sortzen jarraitu dugu. Egoera konplexua bizitzea egokitu zaigun arren, ahal izan dugun neurrian asko mugitu gara eta gauza dezente egin ditugu.
Urtarrilaren 28an zuen lehen singela kaleratu zenuten. Erraza izan da singela sortzea eta kaleratzea?
Bai eta ez. Guretzat oso garrantzitsua izan da talde on baten oinarriak sortzea, izan ere, jende asko daukagu gure atzetik lanean. Besteak beste, diskografikak, banatzaileek eta diseinatzaileek egiten duten lana funtsezkoa da, beste askorena aipatu gabe. Horretarako, lantalde profesional bat sortzea funtsezkoa dela iruditzen zaigu eta bidean erabaki asko hartu behar dira. Aurretik talde on bat sortu duzunean erabakiak hartzea errazagoa da, orokorrean erabakiak hartzea ez baita batere erraza.
Zer kontatu dezakezue “Conjuro” singelari buruz?
Uste dugu “Conjuro” abestia arnasa hartzeko eta libre izateko abesti bat dela. Abestian bertan sentimendu asko nahasten dira, beraz, entzule bakoitzak nahi dituen sentimenduak aukeratu ditzake bere araoa edo konjurua sortzeko. Hasieran abesti lasaia dela iruditu dezake, baina pixkanaka erritmoa hartzen doa eta abestia guztiz aldatzen da.
Singelaz gain, bideoklipa sortu duzue ere. Horrelako prozesu batean murgildu zareten lehen aldia izan da?
Bideokliparen bitartez abestiaren mezua zein den azaltzen saiatu gara. Bertan protagonistak haurrak dira, izan ere, prentsatzen dugu haurrek alaitasuna eta axolagabekeria helarazten dituztela. Beraz, aurreiritziak alde batera uzteko balio duen kanta dela uste dugu. Hori islatzeko bideoklipean haurrak agertzea oso egokia izan zitekeela bururatu zitzaigun, umeek ez baitute aurreiritzirik. Gainera, bideoklipa oso leku politean grabatu genuen, zehazki, Markinan, Bizkaian. “La Oreja de Van Gogh” taldearen azken bideoklipa ere leku berean grabatuta dago. Beraz, guztiok gure Youtube kanala bisitatzera eta abesti berria ikustera gonbidatzen zaituztegu.
Lan guzti hau egiteko beste profesionalen laguntza behar izan duzue?
Bai, esandako moduan, gure atzetik jende asko dago. Adibidez, kontratatu nahi ditugun beste musikariak, diskografika, banatzailea, promozioaz arduratzen den jendea, karatula egin duen diseinatzailea,… Azken batean, guk gure helburua lortu ahal izateko beharrezkoa izan da jende askoren lana. Lana aurrera ateratzeko talde bat sortzea derrigorrezkoa da eta hemendik haiek guztiek egunero egiten duten lana eskertu nahi diegu.
Singela aurkezteko ekintza berezirik prestatu duzue?
Bai, alde batetik, promozio lan handia egingo dugu. Online promozioa Youtuben eta Spotify bidez egingo dugu. Lan horrek abestia zein bideoklipa ondo kokatzen eta ezagutarazten lagunduko digu. Bestetik, offline promozioa egiteko aprobetxatuko dugu. Horretarako, Irunero aldizkariko elkarrizketaz gain, Bilbon beste hainbat elkarrizketa eskainiko ditugu hainbat irrati eta telebistatan. Promozioaren barnean gehien gustatzen zaigun atala kontzertuak ematearena da, bertan jendeak gure abestiak zuzenean entzuteko aukera baitu.
Hiru taldekide izanda, erabakiak hartzea konplexuagoa da?
Egia esan, gure artean oso ondo moldatzen gara. Txikitatik elkar ezagutzen dugu eta, adibidez, konposaketak egiteko momentuan oso ondo ulertzen dugu elkar. Dinamika ona dugu eta ez dugu arazorik izaten.
Zer behar da abesti bat arrakastatsua izan dadin?
Oso galdera ona da, baina uste dugu ez duela erantzunik edo behintzat guk ez daukagu batere garbi. Guk gustuko dugun musika egiten dugu eta, noski, jendeak ere gure lana atsegin izatea nahiko genuke. Hala ere, argi dugu ez dugula gure musika estiloa aldatuko soilik jarraitzaile gehiago lortzeko. Gaur egun arrakasta izan nahi baduzu tranpa egin behar duzu eta ez dugu uste gure estiloa horretara hurbiltzeko aldatuko dugunik.
Nola egin diozue aurre pandemiak kulturaren munduan eragindako etenaldiari?
Bai, taldea justu pandemiaren aurretik sortu zen, baina egia da pandemiako urteak izan arren, azken bi urteetan asko hazi garela. Beraz, testuinguru zail honetan mugitzera ohitu gara eta aukera bakarra momentuko egoerara moldatzea da. Kontzerturik egin ezin badaiteke, abesti berriak konposatzeko, kantuak grabatzeko edo bideoklipak pentsatzeko aprobetxatu behar da denbora.
Singelaren ostean, diskoa dator?
Bai, diskoa lehenago edo geroago aterako dugu, hori argi dago. Poliki-poliki gauza berriak egiten ari gara eta hilero edo bi hilabetean behin gehienez abesti berriak kaleratu nahi ditugu. Horrela, abesti dezente aurkeztu ditugunean diskoa ateratzeko unea izango da.
Zein beste proiektu dauzkazue 2022. urterako?
Gure helburua garbi daukagu eta hori lortu ahal izateko kontzertuak ematen, abesti berriak sortzen eta kaleratzen, bideoklipak grabatzen eta konposaketa berriak sortzen jarraitu nahi dugu. Beraz, jendeak gure pausuak jarraitzea espero dugu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.