Compraiders: Banaketa zerbitzuen moldeak apurtu nahi dituen proiektua

Compraiders proiektua 2020ko martxoko konfinamenduan zehar sortu zen. Erosketak etxera eramateko zerbitzu honen bitartez, pandemiaren harira bertako merkatari, ostalari eta kontsumitzaileen beharrak asetzeko helburuarekin abiatu zen. Markel Legorburu eta Aitor Etxarrik proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte.

Nola sortu zen Compraiders proiektua?
Aitor: Proiektua konfinamenduaren hasieran sortu zen. Bergarako saltokiek funtzionatzen jarraitzeko irtenbide apropos bat behar zutela ikusi genuen, etxera erosketa eramango zituena. Hortaz, loradenda, gozo-denda, fruta-denda, harategi eta arraindegiekin lan egiten hasi ginen, eguneroko erosketa etxeraino eraman ahal izateko.

Markel: Modu honetan, konfinamenduan zehar merkatarientzat negozio bide ezberdinak topatzen saiatu ginen. Egun oso erabiliak diren “Just Eat” edo “Glovo” bezalako plataformekin alderatu, gure ideiak lehiakortasun gehiago eskaini zezakeela ikusi genuen.

Bergaratik zerbitzua Irun bezalako hirietara zabaltzeko asmoa duzue, ezta?

Markel: Konfinamenduan zehar merkatariekin lanean hasi ginen, konfinamenduan premia gehien zuen sektorea zelako. Bien bitartean, ostalari eta ostalaritzako kontsumitzaileek honelako zerbitzuak eskaini eta erabiltzeko prestutasun gehiago dutela ikusi genuen. Orain Irunen 10-15 ostalari eta “raider” edo banatzaileen taldea osatzeko prozesuan murgildurik gaude, lehenbailehen zerbitzua eskaintzen hasi ahal izateko.

Aitor: Hori da, Bergaran egin genituen proiektuaren bideragarritasuna egiaztatzeko probak. Horren ostean, Tolosaldeara zerbitzua zabaldu genuen. Orain pixkanaka zerbitzua Donostia eta Irun bezalako hirietara zabaldu nahi dugu.

Nolako harrera izan du proiektuak Irunen?
Martkel: Irungo merkatariekin lan egiten hasi ginen, dendaz-denda gure proiektua azalduz. Merkatariek mesfidantzaz erantzuten zuten, ostalarien presturasunarekin alderatuta.

Pandemiak proiektuaren garapena lagundu duela esan daiteke?
Aitor: Bai, esan ohi den moduan, krisialdi guztietan aukera berriak sortzen dira. Guk aukera horietako bat aprobetxatu nahi izan dugu, bertako merkataritza eta ostalaritza babesteaz gainera.

Markel: Hortaz gain, pandemiaren aurretik igartzen zen kontsumo ohituren aldaketarekin loturik dago. Izan ere, apurka-apurka digitalizazioa merkatari txikiengana iristen ari da, kontsumo ohitura berriak sustatzeko beharrak bultzatuta. Pandemiaren ondorioz eraldaketa prozesua azkartu egin zela ikusi genuen.

Zein motako enpresak batu daitezke Compraiders proiektura?
Markel: Ostalari eta merkatarien funtzionatzeko modua desberdina dela ulertzen dugu, beraz, ordutegi eta bezeroen arabera bereziten ditugu. Esaterako, merkataritzako erabiltzaileen artean adineko pertsona asko daudela ikusita, funtzionamendua oinarrizkoagoa da eta eskari asko telefono deien bitartez jasotzen ditugu. Ostalaritzan, berriz, udarari begira gure “market place”-a sortu nahiko genuke, hau da, ostalaritza eskaintza guztia bertan batu eta bezeroei erraztasunak emateko.

Tarifak garestiak edo gastu handiak eragiten dituen zerbitzua da?
Aitor: Banaketa zerbitzua eskaintzen duten bestelako plataforma handiek merkatariak itotzen dituztela konturatu gara. Just Eat-en kasuak plataformak erosketaren %14a eskuratzen du eta Glovok, aldiz, ia %33a, saltzailearen irabaziak era nabarmenean murriztuz. Gure asmoa molde horiekin austea eta saltzaileari errentagarria den zerbitzua eskaini nahi diogu. Guk ez dugu salmenten araberako portzentajerik eskuratzen, tarifa finkoekin egiten baitugu lan. Horrela, merkatari edo ostalari bakoitzak erabakitzen du tarifa horren zein portzentaje ordainduko duen berak eta zenbat ordaindu beharko du azken bezeroak.

Markel: Era horretan, banatzaileei merezi duten moduan ordaintzea lortzen dugu, izan ere, jende gaztea askorentzat lan osagarri bat izan ohi delako. Langile horiek plataforma handiagoekin lan eginez gero baldintza okerragoak izan ohi dituzte. Hortaz, langileen lan baldintzak hobetzeko asmoa ere badugu.

Banaketa enpresa handiagoekin alderatuta, zeintzuk dira zuen abantailak?
Markel: Ostalari askok jada banaketa enpresa handiagoekin lan egiten dutela azaldu ziguten, baina, hala ere gure proiektu aurkeztu eta banaketa zerbitzu hau probatzera gonbidatu nahi izan ditugu. Izan ere, gu ere hemen inguruko biztanleak gara, banaketa zerbitzua eskaintzeaz gainera, lan horri merezi duen balorea eskaini nahi diogu.

Jendeak Compraiders-en banatzaile izateko interesa erakutsi du?
Aitor: Bai, zentzu horretan, harrera ona izan dugu. Oraindik banatzaileen ordutegiak zehazten ari gara eta banatzaile gehiago lortzeko prozesuan murgildurik gaude. Jada zenbait hautagai dauzkagu, baina, ahalik eta jende gehien erakarri nahi dugu.

Orain arteko bilakaera ikusita, nola imajinatzen duzuen proiektuaren etorkizuna?
Markel: Proiektua zabaltzen jarraitzeko asmoari eutsi nahi diogu. Orain dela gutxi azeleratzaile batean sartu gara, proiektua bultzatzeaz gainera, Compraiders profesionalizatu eta digitalizatzen laguntzeko. Udaran gure aplikazio propioa izan nahiko genuke, bezeroen irisgarritasuna laguntzeko.

Aitor: Era berean, proiektua geografikoki zabaltzen jarraitu nahi dugu, Bizkaia, Araba edo Nafarroako herri eta hiri desberdinetara zerbitzua hedatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude