Gonzalo Fernández de Casadevante Danborradako Alarde Tradizionaleko danbor nagusi berria da eta kargu berrirako prestatzen dabil.
“Noizbait aurkeztuko nintzela pentsatu izan dut, baina iazko maiatzera arte ez nuen aurrerapausorik eman, eta San Martzial egunean nire asmoa gauzatu zen”. Horrela gogoratzen du Gonzalo Fernández de Casadevantek Alarde Tradizionaleko Danborradaren danbor nagusi berria aukeratzeko irailean egin behar ziren hauteskundeetan aurkezteko erabaki zuen tartea.
Gure protagonista Irunen 1957an jaio zen eta orain dela hogeita hamar urte baino gehiago Alardearen unitate horretan desfila-tzen hasi zen: “Lehendik Buenos Amigos konpainian atera nintzen, baina Danborradan izena eman nuen familian tradizioa zelako, eta hogeita bost urte nuenean lehen aldiz atera nintzen, nire anai batekin eta danborrarekin”. Alarde hartan taldearen azken-azkena zen eta “emozio handiko eguna izan zela” azpimarratzen du.
Horrela ere bizi izan zuen 2012ko irailaren 22a, danbor nagusi berria izendatu zuten eguna: “Kontaketa bukatu eta nork irabazi zuen jakin arte urduri nengoen, eta izendapena ofizial bilakatu zenean familia eta lagunekin ospatzera joan nintzen. Egun batzuk behar izan nituen sinesteko”. Hortik aurrera karguaren betebeharrekin hasi zen; hau da, Alardeko mando bezala Juntaren antolakuntza bileretan parte hartzen eta Danborraren barneko batzarren buru izaten. Eta zehazki, zer egin behar du San Martzial Egunean? “Martxak hasi, zuzendu eta moztu, kornetinaren ordenak jarraituz eta Bandaren zuzendariarekin batera”.
Dena entseatu behar da
Egun handian hiruen koordinazioa ezinbestekoa da eta azken hilabete honetan bilerak egiten ari dira xehetasun guztiak ixteko. Gainera, Gonzalok jaietan makilarekin zuzendu behar dituen bederatzi melodien (Danborradaren Diana, Himnoa, Arrankada, Tteiro, Jolo, Elizako Igoera, Rataplan, Deskarga eta Fagina) mugimenduak praktikatu behar ditu. Hemen ez dago ‘partiturarik’ eta, onartzen duenez “Danborrada zuzen-tzeko makilaren mugimenduetan norberaren nortasuna agertzen da. Estilo pertsonala da, idaztean gertatzen den bezala”. Prestaketa modu pribatuan egiten du, bai etxean, baita mendian ere: “Aurikularrak belarrietan, makila bat eskuan hartu eta bideetan barna nabil nire paperean sartuta”. Erdi txantxetan onartzen du norbaitek mendian ikusiko balu “burua galdu dudala pen-tsatuko luke, baina orain arte ez naizela inorekin topatu uste dut”.
Bestalde, alde fisikoa ere entrenatzen du Alardean bere kuadrillakoek oparitu dioten makila etengabe astintzeko. Aipatutako makila zur exotikoz egina dago, material gogorra baina arina. Ez du berezko tamaina edo kolore finkorik, baina punta zilarrezkoa da eta zintak ditu bertan, jendartean ordenak eman ahal izateko. Aurreko danbor nagusiek “konpainian ateratzen direnek zer egin behar duten badakitela, beraz, lasai egoteko esan eta eguna gozatzeko”, aholkatu diote. Argi dauka arduraz pasako duela eguna, baina “ikaragarrizko momentuak ere” biziko dituela. Gutxi falta zaio bereziena uste duen unean aritzeko, goizeko arrankadan…
Iñaki Goikoetxea