Dantza klasikoa: sentsibilitatea eta talentua elkartzen dituen diziplina

Urtero, 6 eta 17 urte bitarteko ehunka dantzari gazte jasotzen ditu Irungo Udal Kontserbatorioak. Batzuek etorkizunean dantzari handienekin batera aritzea dute amets. Beste batzuek, ordea, beren pasioarekin jarraitzea nahikoa dute. Dantza klasikoak bizitza ikusteko ikuspegi berezia eskaintzen du eta, alde fisikoaz gain, alde emozional eta sentibera oso garrantzitsua ere badu.

aritz

Irungo Udal Kontserbatorioko dantza klasikoko gelara hurbildu orduko, bertan Sonia del Barrio dantza klasikoko irakasleak ongietorria ematen digu. Harekin batera hamar bat neska-mutil daude. Eskarmentu handiko irakaslea da Sonia; izan ere, 22 urte darama diziplina hau irakasten. Bere eskuetatik igaro diren ikasleen kontua galdu duen arren, oso gertutik jarraitzen ditu bere ikasle ohien pausoak. “Zentru profesionaletan euren ikasketak bukatzen ari dira batzuk. Baten bat New Yorken dago momentu honetan, eta bere akademia ireki duen ikasle ohia ere badut”.
Dantzaren mundua oztopoz beterik dago eta gailurrera iristeko lana oso gogor egin behar dute dantzariek. Hala ere, Soniarentzat garrantzitsuena da diziplina honek eskaintzen duenaz gozatzea. “Dantza klasikoa ikasten duten bitartean, ondo pasa-tzea, musikaz disfrutatzea eta bizitzarako ezinbestekoak diren balioak ikasleei helaraztea da nire erronka nagusia”.
Badirudi Soniak bere helburua lortu duela, zeren eta Aritz Aizpiolea, Irati Noain eta Idoia Armezaga ikasleak poz-pozik baitaude haren ondoan lortutakoarekin. “Oso ondo zaintzen gaitu eta gure lana asko baloratzen du” dio Iratik.

dantza azal794
Azpiegitura falta
Profesionalki dantzaren munduan lan egin nahi duten ikasle gipuzkoarrek oztopoz beteriko bidea dute aurretik. Soniak argitzen digunez, ez dago gure lurraldean dantzari profesionalak hezteko zentrorik. “Bertako ikasle gazteak Gasteizera edo Burgosera joan behar dute nahi eta nahi ez. Gainera, oso erabaki zaila da gurasoentzat. 15 urteko seme-alabak urrutira bidaltzea ez da erraza”. Idoiaren kasuan hori da, hain zuzen ere, goi-mailako ikasketekin ez jarraitzeko arrazoi nagusia. “Burgoseko Kontserbatorioan sartzeko aukeratze-prozesua gainditu nuen, baina hemendik alde egiteak atzera jo ninduen”.
Bizitza ikusteko modu berezia
Txikia zenean Vienako Urteberriko kontzertuan aritzen ziren dantzarien jauziak ikusi ondoren erabaki zuen Aritzek mundu honetan zortea probatzea. Nahiz eta aurrerapausoak eman, dantzaren eta mutilen estereotipoak indartsu jarraitzen du egun. “Dantzarena zerbait desberdina da eta batzuek ez dute ondo ikusten. Hala ere, hiri handietan herri txikietan baino onartuagoa dago”.
Dantza klasikoa praktikatzeak gauza ugari eman dizkie hiru gazte hauei. “Kritikak hobeto onartzeko, sentsibilitatea garatzeko eta ikasketetan hobetzeko balio izan digu”. “Bizitza ikusteko eta ulertzeko modu berezia eskaintzen dizu dantzak”, gaineratzen du Aritzek.
Soniarentzat, berriz, oso polita eta aberasgarria da 6 urterekin dantzaren munduan hasten diren neska eta mutilen garapena ikusten joatea. “Niretzat hori da irakasle lanak duen onena”.

dantzariak
Irungo Udal Kontserbatorioko dantzarien lana ikusteko aukera ere izango dute irundarrek ekainaren 7 eta 8an: Amaia Kultur Etxean hainbat koreografia eta “Ederra eta Piztia”ren ipuina antzeztuko dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude