Kirol ekimen bakana da Txingudi futbol selekzioa. Mugaz gaindiko eskualde bateko gazteak elkartzen ditu. Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek martxan jarri dute, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez. Eskualdeko futbol elkarte ezberdinetako gazteak aritzen dira bertan, eta Donostiako Realak darama proiektuaren zuzendaritza teknikoa. David Ortega entrenatzaile irundarra da arduraduna. Abenduaren amaieran, Landetxa Kirol Elkarteak antolatzen duen Gabonetako Lehiaketan parte hartu du kadete mailako taldeak.
Datorren udaberrian beste bi lehiaketatan parte hartuko du eskualdeko selekzioak. Martxoaren 31tik apirilaren 2ra, 2005ean jaiotakoak Hendaian lehiatuko dira Les Eglantins elkarteak antolatzen duen Pâques txapelketan. Hurrengo astean, apirilaren 7an eta 8an, 2004an jaiotakoek Landetxaren Aste Santuko Txapelketan parte hartuko dute.
Zein dira ekimenaren helburu nagusiak?
Gizarte helburuak ditu. Lurralde ezberdinetako gazteak elkartzea, eta haien arteko harremanak sustatzea, azken finean, hizkuntza edo kultur aldetik egon daitezkeen hesiak apurtuz.
Nola hautatzen dituzue jokalariak?
Harreman zuzena dugu elkarteekin, eta oreka bilatzen saiatzen gara, kirol mailaren eta jokalarien jarreraren artean. Klubetan portaera ona duten jokalarientzat saria izan dadin nahi genuke.
Txapelketetarako entrenatzen al duzue, soilik?
Klub ezberdinak inplikatzen ditu proiektuak, eta zaila da urte osoan zehar entrenamenduak egitea. Hortaz, momentu puntualak izaten dira; txapelketetarako prestatzen ditugu. Hiru entrenamendu saio egiten ditugu: lehenengoa elkar ezagutzeko, eta beste biak txapelketa prestatzeko.
Entrenatzeko era ezberdinak, kultur eta hizkuntza ezberdinak… Nola uztartzen duzue dena?
Entrenatzaileok hiru hizkuntzetan moldatzen gara, eta ez dugu arazorik haiekin komunikatzeko. Haiek ere elkar ulertzen dute, hizkuntza batean edo bestean.
Normalean, haien artean elkar ezagutzen dute. Eskola edo klub berdinetan daudelako, elkarren aurka aritu direlako, edo beste arlo batzuetan kointziditu dutelako. Gainerakoak segituan murgiltzen ditugu taldean, eta ondo egokitzen dira.
Zein norabide jarraituko du proiektuak, datozen urteetan?
Klubek urtero proposatzen dutenaren arabera egingo dugu aurrera. Gure asmoa da urtero ahalik eta klub eta gazte gehiagorengana iritsi ahal izatea. Entrenamendu saioak, adibidez, instalazio ezberdinetan egiten ditugu, gazteek senti dezaten haien klubak inplikatzen direla.
Zein da Realaren jarrera, ekimenarekiko?
Reala urte osoan zehar ari da klubekin elkarlanean. Klubei babesa eta laguntza eskaintzen saiatzen da. Kasu honetan, Txingudiko elkarteek planteatu zutenean Realak bultzada txiki bat ematea, klubak ez zuen bi aldiz pentsatu. Primerako ideia iruditzen zaigu.