Bere lehen pelikula, “La noche del raton” nazioarteko jaialdietan aurkeztu ostean, “Lady off” izeneko filma aurkeztuko du David R. Losada zinema-zuzendariak. Pelikula Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioan estreinatuko da. Hortaz gain, Madrilgo “Nuevos Realizadores” izeneko Zinema Jaialdian ere ikusi ahalko da filma. Zineaz gain, Losadak 2017 urtean “Tu rostro por partes” liburua argitaratzea lortu zuen.
Nola laburbilduko zenuke “Lady Off” pelikulan kontatzen dena?
Pelikula off antzerkiaren munduan zentraturik dago. Shakespearren obra bateko eszena konkretu baten interpretazio-lana erakusten da. Pelikula osoa Madrilen errodatu zen, aurretik obra beraren antzezlanean lan egin zuten aktoreen kolaborazioarekin.
Nola sortu zen “Lady Off” pelikula grabatzeko ideia?
Joan den urteko urtarrila edo otsaileko hilabete aldera sortu zela esango nuke. Pelikulan irudikatzen den pasarteak aspaldi deitu zuen gure arreta, denbora laburrean obrako pertsonaiek aldaketa handiak jasaten dituztelako. Gure asmoa aktoreek aldaketak behar den moduan antzezteko zeuzkaten zailtasunak erakustea zen.
“Zinemaldiaren ikusle moduan hazi gara eta, orain,
programazioaren parte izatea izugarria da”
Berezia da zure bigarren pelikula Donostiako Zinemaldian aurkeztu ahal izatea?
Donostiako Zinemaldian pelikula estreinatzea aukera ikaragarria da. Zinea egiten hasten zarenean zure buruan sortzen den lehen ametsetako bat da zure pelikula bat Zinemaldian estreinatu ahal izatea. Zinemaldiaren ikusle moduan hazi gara eta, orain, programazioaren parte izatea izugarria da. Etxean bertan egiten den zinemaldia izanik aukera berezia da, baina, onartzekoa da nazioarte mailan izen handia duen jaialdia ere badela.
Aurreko pelikularekin lorturiko esperientzia lagungarria izan zaizu?
“La noche del raton” pelikularen prozesua askoz eroagoa izan zen, ez genekielako non sartzen ari ginen. Bigarren pelikulak itxura esperimentalagoa dauka eta ikasten jarraitzen dugu. Pelikula errodatzen hasi ginenean ezinezkoa zintzaigun prozesuaren amaieran lortuko genuen emaitza aurreikustea, horregatik, gauza handirik kontatu gabe aritu gara orain arte lanean. Hala ere, bidea irekita edukitzeak gauzak asko erraztu dizkigu.
Nolakoa izan da literaturaren munduan izandako lehen esperientzia?
Espero gabeko esperientzia izan zela esan dezaket. Idaztea betidanik gustatu zaidan arren, era desantolatuan egin dut beti. Hor norbait erdizka neukan eleberri labur bat berreskuratu eta egunen batean hasitakoa amaitzeko lanean hasi nintzen. Amaitu ostean, lana editorial ezberdinetara aurkezteko egin zidaten gomendioa jarraitzea erabaki nuen. Irakurtzeko ohitura daukagunontzat oso arraroa da zure izena daraman liburu bat esku artean edukitzea, baina, era berean, oso sentsazio polita da.
Zinea eta literaturaren artean antzekotasunik ikusten duzu?
Nire esperientziaren arabera, literaturaren mundua gutxi ukitu dudanez, ezin dezaket gehiegi hitz egin. Alde sortzaileari dagokionez, elkarren artean zerikusi gutxi duten bi arte ezberdin direla esango nuke. Egia da biak zuri dagoen orrialde batekin hasten direla, baina, bi hizkuntza oso ezberdin dira. Ez soilik kontatzeko era, kontatzeko aukeratzen duzuna ere desberdina izan behar dela iruditzen zait.
“Irudiekin hitzekin baino hobetu funtzionatzen dut”
Bi mundu horietako zeinetan sentitzen zara erosoago?
Argi daukat irudiekin erosoago sentitzen naizela. Irudiekin hitzekin baino hobetu funtzionatzen dut. Zinea egiteko prozesuari fase ezberdinak ikusten dizkiot: grabazioa eta muntaia. Muntaian, lortutako irudien arabera, dena berridazteko aukera daukazu.
Etorkizunari begira zein proiektu daukazu buruan?
Literaturaren munduan gutxi. Noizbehinka ideiaren bat bururatzen zaidanean, lerro batzuk idazten ditudan arren, niretzat gordetzen ditut. Zinemari dagokionez, pare bat proiektuetan lanean gabiltza jada. Amaigabea izan daitekeen garapen fasean aurkitzen gara orain bi ekoiztetxeekin lanean. Bestetik, beste ekoiztetxe batekin serie formatuan lan egiten hasi gara eta proiektua telebista eta plataforma ezberdinetan aurkeztu dugu, proiektuan interesik duten ezagutzeko. Hala ere, ezin dugu ahaztu produktu izugarria sortzeko lan egiten dugun arren, azken finean, zorte kontua dela.