David R. Losada zinemagile irundarra: “Muturreko ahalegina eskatzen du aurrekontu txikiarekin errodatzeak”

Oscar sarien banaketa baino hilabete lehenago, Californian izan da David R. Losada zinema zuzendari irundarra. Hollywoodetik bi ordu eskasera aurkeztu du bere lehen film luzea, Santa Barbarako festibalean. Urrutira heldu da “La noche del ratón”, 6.000 euroko aurrekontuarekin egindako pelikula independentea. Etxean grabatu zuen 2012an, Irunen, Hondarribian eta Donostian.

lanoche2

– Zein ibilbide egin duzu zinemaren munduan?
Duela bost edo sei urte hasi ginen, film laburrekin, ia modu autodidaktan. Musika taldeen bideoklipak ere egin genituen. Momentu batean film luzeetara jauzi egitea erabaki genuen. Beste edozein modutan zaila izango zela jakinda, autoprodukzioaren bideari heldu genion.
– Film independentea da “La noche del ratón”, oso aurrekontu txikiarekin egindakoa, diru laguntzarik gabe. Zinema ona egin daiteke baldintza horietan?
Bai, baina muturreko ahalegina eskatzen du. Ez da gomendagarriena. Tamaina txikiko istorioa geneukan, pertsonaia eta eszenatoki gutxirekin. Hori dela eta, aurrera atera ahal izan genuen. Baina jendearen esfortzua eta kolaborazioa ezinbestekoak izan dira. Guretzat kolpea emateko modua izan da, aurkezpen gutun bat.

lanochedelraton
– Argumentuari buruz ez duzue gehiegi argitu nahi izan. Zer kontatu dezakezu?
Thriller klasiko baten moduan hasten da, ikuslearentzat ezagun samarra izan daitekeen eremu batean. Baina erdibidean bira itzela egingo du, tankera ezberdina hartuaz, generotik irten gabe.
Aktoreen zerrendari dagokionez, Miriam Cabeza da protagonistetako bat. Umorearen munduan ezagun egin da, baina bestelako genero batean aritu da “La noche del ratón”en.
Berak hori bilatzen zuen. Gidoia irakurri zuenean aukera horrek erakarri zuen. Miriam oso naturala da, eta guk bagenekien ez zuela inolako arazorik izango drama antzezteko. Beste protagonista Unai Garcia da, gurekin film laburretan parte hartu izan duen aktorea. Ondo ezagutzen genuen bere talentua.
– Nolakoa izan zen filmatze prozesua?
Gogorra. Hogeita sei saio izan ziren, denak gauez. Eszenatoki nagusia Irungo Nafarroa Ibilbideko gasolindegia da, eta haren lan ordutegitik kanpo filmatu behar izan genuen. Gasolindegi bikaina zen, gidoian agertzen ziren elementu guztiak zituelako. Gainontzeko kokalekuak ere inguruan bilatu genituen, Irunen, Hondarribian eta Donostian.

david (2)
– Postpropukzio lan luzea egin duzue ondoren, ia bi urtekoa.
Denbora asko eman genuen muntaiarekin, filmak ez duelako thriller baten ohiko erritmoa. Soinuarekin eta efektuarekin ere lan handia eduki genuen. Errodatzerakoan denbora aurrezteko, irudia grabatu genuen, baina soinuaren %80 estudioan ekoiztutakoa da. Pelikulan parte hartu zuen jendeak beste lan batzuekin uztartu zuen. Denbora kudeatzekoa ezinbestekoa izan zen.
Santa Barbarako festibalean aurkeztu duzue. Nola sortu zitzaizuen aukera hori?
Hasi ginenean ez genuen inondik ere espero maila horretako festibal batean bukatuko genuenik. Guk ez genuen bilatu. Pelikula bukatu aurreko kopia bat ikusi zuten eta festibalean parte hartzeko gonbidapena luzatu ziguten. Californian handi sentitu gara, alfonbra gorri, elkarrizketa eta argazkien artean. Eromena izan da.
– Shoreline banatzaile estatubatuarrarekin kontratua sinatu duzue. Zein ate ireki ditzake kontratu horrek?
Pelikula bukatu aurreko kopia ikusi zuten Shoreline enpresakoek, Donostiako zinemaldian. Kontratua sinatu ondoren, saltze eskubidea daukate haiek. Guretzat herrialde ezberdinetara iristeko aukera da. Hasieran imajinatu ere egin ez genituen espazioetara helduko gara.
– Nazioarteko festibaletan egoteaz gain, zinema areto komertzialetara iritsiko da?
Hori da gure asmoa, baina benetan zaila da. Estatu Batuetan ez bezala, Espainiako Estatuan ez dago zinema independentearen merkaturik. Hala ere, Santa Barbaran egon izanak filmari eman dion bultzadak banatzaileren baten interesa piztu dezake. Itxaropen hori daukagu. Inguruko jendeak ikus dezan nahi genuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude