Demetrio Grijalba, Jakobi – Santiago Bideen Lagunen Elkarteko presidentea

Noiz ezagutu zenuen Donejakue bidea?
2000.urtean egin nuen lehen aldiz, emaztearekin, jubilatu ondoren. Hasieratik harrapatu ninduen. Aurreran-tzean, urtero egin izan dut bide ezberdin bat, hutsik egin gabe. Ikaragarri gustatzen zait bide berriak ezagutzea. Gainera, elkartearen ikuspegitik begiratuta, komeni zait, bulegoan informazioa eman ahal izateko.

SONY DSC
Zergatik erabaki zenuen elkartea osatzea?
2001. urtean bertan eman genuen izena Gipuzkoako Donejakue Bideen Lagunen Elkartean. Ez hori bakarrik, Irunen antzeko zerbait martxan jartzeko asmoa azaldu genien. Haien jarraibideei segika, Irungo Udalarekin harremanetan jarri ginen. Hasieran ospitale zaharreko gela bat utzi ziguten, baina agendaren arabera funtzionatzen zuenez, ez zen erosoa. Azkenean Foru Kaleko pisua utzi ziguten, bulego iraunkorra zabaldu ahal izateko.

Zein da bulegoaren funtzioa?

Eskualdeko erromesei, edo erromes izan nahi dutenei informazioa eskaintzen diegu. Batzuk, Donejakue bidea ezagutzen dutenak, erromesaren egiaztagiriaren bila etortzen dira bakarrik. Beste batzuk ideia handirik gabe iristen dira, zerotik hasita informatzera. Guk oinarrizko txosten bat prest izaten dugu beti, abiapuntu izan daitekeena. Liburuxkak eta triptikoak ere baditugu: etapen profilak, mapak, aterpetxeen zerrendak etab.

Bestelako jarduerak ere bideratzen dituzue, Donejakue bidea sustatzeko asmoz.
Ekintza soziokulturalak antolatzen ditugu. Ezagunena, urteroko Donejakue astea. Egitarau zabala izaten dugu: hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, ibilbide gidatuak, kontzertuak etab. Noski, guzti horrek aurrekontu baten beharra dakar. Udalak diru-laguntza bat ematen digu, baina gehiena, erromesek aterpetxean borondatez ematen dutenari esker biltzen dugu.
Nola lortu zenuten Irunen erromesen aterpetxe bat zabaltzea?
Elkartea martxan jarri genuenean, konturatu ginen Irunen zebilen erromesen kopurua gero eta handiagoa zela. Motxilarekin eta makilarekin zebilen jendea tren geltokiaren inguruan. Garai hartan erromesen aterpetxerik ez zegoen. Hoteletan, hostaletan eta pentsioetan lo egin behar izaten zuen jendeak. Hori, 30 eguneko ibilbidea egin behar duen erromesarentzat, onartu ezineko luxua da. 2003an egin genion eskaria Irungo Udalari, eta hurrengo urtean, Lucas de Berroa kalean zegoen Alberditarren etxea utzi ziguten. Hantxe izan genuen lehen aterpetxea, eraikina bota zuten arte.
Lucas de Berroa kalean bertan dago orain aterpetxea. Pixka bat beherago, 18. zenbakian.
Gaur egun, parez pare dauden bi pisu ditugu, eta etxabe zabal bat azpian. Lan handia egin behar izan genuen guzti hura garbitzeko, txukuntzeko eta prestatzeko. Baina orain, aterpetxe duina dugu. Pozik gaude eskaintzen dugun zerbitzuarekin. 48 ohe, komunak, sukaldea eta biltegia ditugu. Goizean, bideari ekin aurretik, gosaria ematen diegu erromesei. Guzti hori, borondatearen truke.
Ostatua baino zerbait gehiago ere bada aterpetxea. Giro berezia sortzen da erromesen artean?
Jakina. Elkar ezagutzen ez duten arren, segituan hasten dira erromesak haien artean hitz egiten, Donejakue bidearen abenturaren inguruan. Gosariaren ordua aproposa izaten da horretarako. Batzuetan taldetxotan ekiten diote bideari. Hori beste pentsioetan edo hostaletan ez da gertatzen.
Kostako bidea ezezaguna izan da urtetan, bigarren mailakoa. Hori aldatzen ari da, ordea. Nolako bidea da?
Bigarren mailakoa da oraindik ere. Santiagora doan erromesen kopuruaren %10 besterik ez du hartzen. Baina gora egiten ari da pixkanaka. Kostako bideak duen berezitasunik handiena da bide marinela dela. Itsasoaren ondotik joaten baita ia etapa guztietan, Galizian sartzen den arte. Bide gogorra da, hori bai. Gorabehera etengabeak ditu. Aterpetxera iristen den jende askok ez daki hori. Desinformazio geografiko edo klimatiko handia izaten dute. Batzuk zira gabe etortzen dira, hemen egiten duen euri jasarekin. Edo beroki ikaragarriekin, Siberiara joango balira bezala. Azpimarratu nahi nuke aldez aurretik informatzea garrantzitsua dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude