Ditare mertzeriek Sanmartzialak ospatzeko beharrezko osagarri guztiak eskaintzen dituzte

 

Ditare mertzeriek josketarako material eta osagarriak eskaintzen dituzte. Gainera, ekainean zehar Irungo jaiak ospatzeko beharrezko osagarri eta apaingarri guztiak eskaintzen diete hiritarrei. 2020. eta 2021. urteetan, ordea, Irungo festak bertan behera gelditu ostean, dendaren jarduera egokitzea ezinbestekoa izan da.

1993. urtean Maria Angeles Zapirainek Ana Merino alabarekin batera Ditare izeneko lehen denda ireki zuen Irunen. 28 urteren ostean Irunen izen bereko bi denda dituzte, bata San Miguel auzoko Luis de Uranzu kaleko 6. zenbakian, bestea, Nafarroa hiribideko 3. zenbakia. Urteen poderioz, denda kopurua handitzeaz gainera, lantaldea handitzea lortu dute, Myriam Merino alaba eta ahizpak, Amaia Marinek, Amaia eta Arantxa Aguirre ahizpek osatzen baitute egun taldea.

Lehen dendaren hasierako urteak konplexuak izan zirela azaldu du Maria Angeles Zapirainek: “Aduanak itxi berri ziren eta gure bizitzak birmoldatzeko aukera bakarra izan zen”. Zapirainek denda aurrera ateratzeko lan asko egin behar izan zutela onartu du. Izan ere, denbora gutxian joste-lanei buruzko gauza asko ikasi behar izan zituztelako. Dena den, Irungo hiriak oso harrera ona egin ziela gogoratu du duela 7 erretiratutako dendariak. Irungo bezeroez gainera, azken urte hauetan Nafarroatik eta mugaren beste aldetik, adibidez, Biarritzetik etorritako bezero asko izan dituztela aipatu du. Orain, aldiz, Donostiako geroz eta bezero gehiago dute.

“Lehen denda ireki genuenetik Irungo jaiekin loturiko produktuak saltzen hasi ginen”

Maria Angeles Zapirain, Ditare mertzeriako sortzailea

Ana eta Myriam Merinok amak hasitako bideari jarraipena ematen diote egun. Negozioaren hasierako urteak konplexuak izan ziren moduan, 2020an alabek eta Ditareko gainontzeko saltzaileek espero gabeko erronkei aurre egin behar izan zieten. Pandemairen ondorioz etxean bi hilabetez itxita egon ostean, Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak bertan behera gelditu ziren. Myriam Merinok azaldu duenez, “Sanmartzialak urte osoan lan handieneko garaia dira guretzat”. Hortaz, hiriko festak bertan behera uzteak kalte handiak eragin zituen Ditare dendetako salmentetan.

Ekainean hiriko mertzeria hauetan saldu ohi diren gauzen zerrenda ia amaigabea da: Elosegui txapelak, jaietako zapi gorriak, gerrikoak, abanikoak, mototserako orratzak… Horretaz gain, Ditare dendetan kantineren bandak edo soldaduen poloetan alardeko konpainietako armarriak bordatzeaz arduratzen dira. Festarik gabe bi urte beteko diren urte honetan Myriam Merino dendariak hiriko festen inguruan Ditaren saldu ohi dituzten produktu guztien zerrenda osatzeko ama eta Amaia lankidearen laguntza behar izan du, gauzak zein azkar ahazten diren ohartu ostean.

Maria Angeles Zapirain dendariak adierazi duenez, “lehen denda ireki genuenetik Irungo jaiekin loturiko produktuak saltzen hasi ginen”. Urteen joanarekin, ordea, oinarrizko osagarrien zerrendara produktu berriak gehitzen joan dira. Hala ere, denda ireki zenetik hiriko festekin loturiko oinarrizko gauzak saldu dituztela gogoratu du. Adibidez, hasieratik bezeroak dendara txapelak erostera konfiantza osoarekin hurbiltzen zirela aipatu du, bezeroen hitzetan txapelak oso ondo ipintzen baitzituzten. Aurten, bigarren urtez jarraian, festetako produktuen salmenta ezerezean geldituko dela dirudi.

Maskarak jaietan txertatuta
Ezohiko urte hauetan aurrera egiteko Ditare dendetan bezeroei eskainitako produktuak egokitu behar izan dituzte momentuko eskari eta beharretara egokitzeko. 2020ko ekainean Ana Merinok Sanmartzial jaiekin loturiko maskara bat sortzeko ideia bururatu zitzaion. Myriam Merinok azaldu duenez, ahizpak ideia proposatu bezain laster maskarak egin ahal izateko ohial egokiak zeintzuk ziren aztertzen hasi ziren. Horrela, dendan orain dela 3 urte erositako bordatzeko makinari esker San Martzial mendiko ermitaren irudia zuen maskara sortu zuten. Ana Merinok adierazi duenez, “2020a jairik gabeko eta maskara erabili beharreko urte bakarra izango zela pentsatu genuen”, hortaz, maskarari urte berezi horren zenbakia bordatzea erabaki zuten.

Aurreko urtean sortutako jaietako maskarak arrakasta handi izan zuela onartu dute dendariek, oso erritmo onean saldu baitzen. Izan ere, musukoen salmentak ekaineko salmentak lagundu bazituen ere, ezin daiteke alderatu ohiko salmenta kopuruekin. 2021. urteko ekainean kalean maskararen erabilera oraindik derrigorrezkoa dela aprobetxatuz, Ditare dendetan lau diseinu izango dituzten musukoak salgai egongo dira. Myriam Merinok aipatu duenez musukoen diseinu berri horiekin aurreko urtekoak izandako arrakasta errepikatzeko itxaropena dute.

Musukoez gain, hiriko armarriak dauzkaten banderak izan ziren 2020ko ekainean gehien saldutako beste produktuetako bat. Aurreko urtean bai Irungo Udalak zein hiriko beste entitateek hiriko balkoi eta leihoak apaintzea bultzatu zuten. Hiritarrek mezua jaso eta Ditare dendetan ohi baino bandera gehiago saldu zituzten. Ana Merinok hiriko armarrien eskari handia oroituz, banderak agortu zitzaizkiela azaldu du. Era berean, armarriez gainera, apaingarriak egiteko kolore gorri, beltz eta zuriko begiztak eta bestelako apaingarri asko erosi zirela gaineratu du Myriam Merinok.

“2020a jairik gabeko eta maskara erabili beharreko urte bakarra izango zela pentsatu genuen”

Ana Merino, Ditareko dendaria

Momentuko erronkak
Dena den, ekaineko salmentek azken urteetan izandako jaitsiera orekatzeko egun arruntetako salmentetan zentratu behar izan dira. Ane Merinoren hitzetan, “Lehen denda ireki genuenean gurutze-puntua puri-purian zegoen eta, zentzu horretan, oso urte onak izan ziren guretzat”. Konfinamenduaren ostean, jende askok josteko ohitura berreskuratu duela nabaritu dute Ditareko dendariek, izan ere, jendeak orain dela 20 urteko hariak berreskuratu eta berriro josten hasi da. Gurutze-puntuaz gainera, makramea edo kakorratzez eginiko lanak modan daudela adierazi du Ana Merinok.

Festarik gabeko bigarren urtea izan arren, Ditare dendetan erakusleihoak apaintzeaz gainera, bezeroei ohiko produktuak eskainiko dizkiete. Jaiak itzuli bitartean Ditareko dendariek hiria ilusioz janzteko lanean jarraituko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude