Dokuirun” programaren barruan, ostiralean, apirilaren 8an, 19:00etan, Amaia KZn, “Summer of soul” filma proiektatuko da, 2021ekoa, Questlovek zuzendua. Gonbidapena behar da sartzeko, eta hori ohiko lekuetan eskura daiteke. Film honek
dokumental onenaren Oscar saria jaso du duela gutxi egindako 2022ko edizioan. Filmaren aurkezpena eta mahai-ingurua ere egingo dira; horiek, musikaria eta gospel eta soul musikako espezialista den Iñaki Miguelen eskutik.
Estatu Batuetan 1969an egindako Harlem Cultural Festival ospetsua aztertzen du “Summer of soul” saioak. Bertan, omenaldia egin zitzaion kultura eta musika afroamerikarrari, eta ‘black pride’ delakoa eta arraza bereko pertsonen arteko batasuna sustatu ziren. Woodstock-ekoaren urte berean egin zen jaialdia, eta 200 kilometro baino gutxiagora, New Yorkeko Harlem auzoan, baina ez da batere sonatua izan.
Jaialdiaren grabazioaz gain, protagonistei egindako elkarrizketak aurkezten ditu filmak, eta musika-dokumentu bat da, baina baita garaiko giroari buruzkoa ere: arrazismoaren aurkako borroka, Martin Luther King, Black Panthers… Eszenatokitik musika beltzaren gaina eta lorea pasatzen ikusiko dugu: Stevie Wonder, B.B. King, Nina Simone, Abbey Lincoln, Mahalia Jackson, Moms Mabley, Jesse Jackson, Mavis Staples, David Ruffin, Cal Tjader, The 5th Dimension, besteak beste.
Zure abenturaren bila
Aste honetan, kultura-agendaren beste hitzordu bat izango da apirilaren 7an (osteguna) Amaia KZko hitzaldi-aretoan, ‘Zure abenturaren bila‘ zikloaren barruan. 19:30etik aurrera, “10 años en bici por el mundo” ikus-entzunezkoa proiektatuko da gaztelaniaz, haren protagonista Laura Martine Calderónen eskutik.
Laburpena: Hamar urte munduan zehar bidaiatzen, etxea bizikletan muntatuta, milioi bat bitxikeria eta ia 100.000 kilometro pedalei eragiten.
Aitorrek eta Laurak atzean utzi zuten «normal»tzat hartu ohi dugun bizimodua, eta bi gurpilen gaineko nomada bilakatu ziren. Bizitza goitik behera aldatu, beren jabetzak saldu eta bizikletara igota, kontinente guztietan zehar ibili dira (Antartikan izan ezik). Plana aurretik egin gabe, bihotzak eta senak markatutakoaren arabera mugitu ziren: Himalaia zeharkatu zuten, kobazuloetan, oihanetan, basamortuetan eta basoetan lo egin zuten eta, askotan, jendearekin. Zaurgarri bezain indartsu, gauzak datozen bezala onartzen ikasi zuten: une gogorrak eta alaiak, sufrikarioak, hotza, beldurra, poza eta
abegi ona, mespretxua, edertasuna…Horretaz guztiaz hitz egingo digu Laurak aurkezpen honetan eta, gainera, bidaiaren lehen hiru ureteetako egunerokoarekin idatzi duen liburua ere ekarriko du: «El mundo es mi casa».