Dokumental eta antzerki proiektu bana saritu dute Ribera beketan

Bederatzi hilabeteko epea edukiko dute irabazleek proposamenak aurrera eramateko

Irun, muga lurraldea eta Faisaien uhartea #Historia kontatzeko moduak proiektuek irabazi dituzte aurtengo Ribera bekak. Heidi Otaduyk eta Mikel Uhartek aurkeztu dute lehena, eta Iraitz Agirrek eta Ivan Gomezek bigarrena. Irungo Udaleko Kultura arloak eman ditu bekak, muga, ibaia eta memoria historikoa kontzeptuen inguruko ikerketa sustatzeko asmoz. Tandem formatu berritzailea proposatzen du Riberak, profil ezberdinak dituzten profesionalak elkartuz: artistikoa horietako bat, eta antropologiarekin, soziologiarekin edo hezkuntzarekin lotua, bestea. “Jakintza horien fusioak oso interesgarri egiten du ikerketa”, adierazi du Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak.

9.000 euroko bi beka eman ditu udalak, eta bikote bakoitzak 9 hilabeteko epea edukiko du proiektua garatzeko. “Memoria bat entregatu beharko da, alde batetik. Baina interbentzio artistiko bat ere prestatu beharko dute, Ribera azokaren baitan aurkezteko moduan”, azaldu du Eizaguirrek. Irailean izango da Ribera arte garaikidearen azoka, Bidasoa ibaiaren eta mugaren inguruan. Ondoren, urrian, proiektuak aurrera eramateko prozesuak azalduko dituzte bekadunek, CBA kultur gunean. Martxan dira jada aurtengo irabazleak, zeharo ezberdinak diren proiektuekin.

“Gazteek mugaren inguruan duten ikuspuntua jaso nahi dugu”
Mikel Huarte

Gazteen ikuspuntua mugaren inguruan

Heidy Otaduyk eta Mikel Huartek ikus-entzunezko dokumental bat egingo dute, aurten hogeita bost urte betetzen dituzten irundarrei eta hendaiarrei egindako elkarrizketekin. Haiek jaio ziren urtean, 1993an, Europako Merkatu Bakarra indarrean sartu zen. “Haiek ez dute muga fisikoa ezagutu. Horregatik, mugaren inguruan duten ikuspuntua jaso nahi dugu: nola ulertzen duten, oraindik existitzen dela uste duten edo non antzematen den”. Deialdi publiko bat egingo dute, sare sozialen bidez, 1993an jaiotako gazteak parte hartzera gonbidatzeko. “Oso parte hartzailea izan dadin nahi dugu. Gazteek beraiek aukeratu ahal izango dute non atera, elkarrizketak non grabatu etab.”. Hiru hizkuntzetan egingo dituzte elkarrizketak, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko komunikazio arloan lan egin du bikoteak. Mikel Huarte irundarra kazetaria da formazioz, SER irratian ibilia 19 urtez. Gaur egun AECC minbiziaren kontrako elkarteko komunikazio arduraduna da. Heidi Otaduy donostiarra EITBn hasi zen, albistegien errealizazioan. Ondoren, fikziozko film laburretan eta luzeetan parte izan hartu du, eta beste zenbait entitaterekin lanean aritu da: Kutxa Kultur Festibala, Euskaltzaleen Topagunea edo Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdia.

“Gure asmoa da ikerketa gidoi batera eramatea”
Iraitz Agirre

Faisanen uhartea eta herri antzerkia

Iraitz Agirrek eta Ivan Gomezek Faisaien uhartea jarri dute jomugan, bertan 1659an sinatu zen Pirinioetako Bake Hitzarmena dela eta. Gertakari haren beste irakurketa bat egin nahi dute, genero ikuspegitik, eta mikro historiari edo historia soziologikoari erreparatuz. Herri errepresentazio kultural bat egitea proposatzen dute, Bidasoaren bi aldeetako herritarren eta elkarteen parte hartzearekin. “Ipar Euskal Herriko herri antzerkiaren formatua egokia iruditu zaigu”, argitu du Ivan Gomezek. Europan eredu izan da Ipar Euskal Herria, herri antzerkiaren tradizioari dagokionez. Horren seinale dira gaur egun bizirik dirauten pastoralak, maskaradak, toberak edo kabalkadak.

Ribera beka irabazi duen proiektuari dagokionez, Agirrek eta Gomezek antzezlana idazteari eskainiko dizkiote bederatzi hilabeteak. “Elkarlanean egingo dugu, beste eragile batzuekin”, aurreratu du Iraitz Agirrek: “Gure asmoa da ikerketa gidoi batera eramatea”. Ribera azokarako eszenaren bat prestatzeko aukera izango dute. Obra osoaren errepresentazioa, berriz, aurrerago iritsiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude