Dunboa auzoko liburutegiak José Mensuroren, Mensuren, izena daraman espazioa berri bat izango du aurrerantzean. Liburutegira sartu eta ezkerreko apalegiaren bi aldeetan Mensuk dohaintzan emandako liburuak biltzen ditu gune horrek. Bilduma zabala eta askotarikoa da, artistaren liburu propioez gain, bere bizitza osoan zehar bildutako liburuak biltzen ditu, bilduma osoak barne.
Artea, pintura, Bidasoa eskualdea, argazkilaritza, eskultura eta teknika artistikoei buruzko liburuak aurkitu daitezke, besteak beste. Mensu Gunea izena ipini diote Dunboa auzoko liburutegiko eskaintza osatzen duen espazio berriari. Kike Gorrotxategi liburutegiko arduradunak adierazi duenez, “auzoko liburutegiarentzat sekulako oparia izan da, izan ere, Mensu oso pertsona ezaguna da eta dohaintzaren kopurua guztiz ezohikoa izan da gurea bezalako liburutegi batentzat”.
Espazio berriaren inaugurazioa maiatzaren 13an egin zen eta ordutik liburutegian eskuragarri daude aipatutako liburu guztiak. Juanma Gamero Dunboako bizilagunen elkarteko lehendakariak ireki zuen inaugurazio ekitaldia. Lehendakariak aurkezpenean azaldu zuenez, Dunboako bizilagunen elkarteak ekintza ugari burutzen ditu, horien artean, auzoko liburutegiaren kudeaketa. Juanma Gamerok azpimarratu duenez, “egun liburutegiak maileguan emateko katalogatutako 8.600 liburu inguru dauzka”. Are gehiago, lehendakariak azaldu du, guztira, liburutegiko apalategietakoak eta biltegikoak batuta, 11.000 liburu izan ditzaketela.
“Urte hauetan guztietan zehar irundarrek gauza asko partekatu
dituzte nirekin eta orain nik nire altxorrak haiekin partekatu nahi ditut”
José Mensuro, Mensu artista
Joan den urteko Gabonetan José Mensuro Dunboako liburutegiko arduradunekin harremanetan jarri zen bere bilduma bibliografikoa liburutegiari dohaintzan eman nahi ziola jakinarazteko. Liburutegiko arduradunek harrituta bezain alai jaso zuten oparia eta bildumarentzat liburutegi barruan espazio berezi bat sortzea erabaki zuten. Liburutegiko arduradunaren hitzetan, “ez da ahaztu behar Mensu oso pertsona ezaguna dela bai hemen bai eskualdetik kanpo”.
Mensu Gune izeneko espazioaren inaugurazioan zehar José Mensuro artistak sortutako “Valores eternos” film laburra ikusi zen. Mensuk 1966an Hondarribian antolatutako Gipuzkoako Lore Jokoetako lehenengo saria irabazi zuen film laburrean entzuten diren hitzak idazteagatik. Izan ere, idatzi horren bidez Mensu Irunen etorkizuna imajinatzen saiatu zen. Aurkezpenaren egunean onartu zuenez, idatzitako hitz batzuekin asmatu egin zuen, baina besteak, ordea, egungo errealitatetik nahiko urrun gelditu zitzaizkion. Emankizunaren amaieran artistak, liburutegiko arduradunez gain, bere irakasleentzako esker oneko hitzak izan zituen. Mensuren hitzetan, “inoiz egin didaten oparirik handiena irakurtzen eta idazten irakastea izan da”, izan ere, ezagutza horri esker bere ekarpen artistikoa zabaltzeko aukera izan du Mensuk.
Film laburraren ostean, Mensu artistaren balio-aniztasuna erakutsiz, “Bidasoako paisaiak” bideoa proiektatu zen, non artistak eskualdeko paisaiekin margotutako margolanak erakusten diren. Irunen jaio ez bazen ere, Mensuk hiriarekiko lotura estua duela onartu zuen bere gunearen aurkezpenean. Horregatik uste du Dunboako liburutegia espazio egokia izan daitekeela bere liburu bilduma gordetzeko. “Urte hauetan guztietan zehar irundarrek gauza asko partekatu dituzte nirekin eta orain nik nire altxorrak haiekin partekatu nahi ditut”, adierazi du Mensuk.
Ekitaldia amaitu aurretik, inaugurazioetan ohikoa den moduan, Mensuk Dunboako liburutegiko espazio berria ofizialki zabaltzeko zinta mozteko ohorea izan zuen. Guraizeekin zinta moztu eta ekitaldi guztia gertutik jarraitu zuen emazteari oparitu zion xingola. Agurtu aurretik, ekitaldira bertaratutako guztiek Mensuren liburu bat eta ilustrazio bat eraman zuten etxera opari gisa.
Liburuak baino askoz gehiago
Liburuak mailegatzeaz gain, Dunboako liburutegiak beste hainbat helbururekin ere egiten du lan. Izan ere, liburutegiak hainbatetan utzi die lekua idazle bidasotarrei beren lanak aurkezteko, hau da, auzoan kultura sustatzeko espazio zehatz bat sortuz. Mensu artistari eskainitako espazio berriaz gain, Dunboako liburutegiak baditu izen propioa duten beste espazio berezi batzuk ere. Liburutegiaren erdigunean, adibidez, Bidasoa eskualdeko idazleen sorkuntzak biltzen dituen apalategia dago, irakurleentzat “etxeko” idazleen lanak topatzea errazagoa izan dadin.
Azken 6 urteetatik Kike Gorrotxategi eta Gemma Nanclares senar-emazteak arduratzen dira Dunboa auzoko liburutegiaren kudeaketaz. Kike Gorrotxategi liburutegiko arduradunak azaldu duenez, liburutegiaren kudeaketaz gain, liburutegiko funts bibliografikoa ezagutarazteko beharraz ohartu ziren. Horretarako, Dunboako liburutegiaren bloga sortzeaz gain, Facebook sare sozialean partekatzen dira liburutegiarekin lotura duten albisteak eta ohar garrantzitsuak. Era berean, Kike Gorrotxategi arduradunak azaldu du hilero liburu berriak erosten direla, ahal den heinean erabiltzaileen gustu eta eskariak errespetatuz. Gainera, Dunboako liburutegiak irakurleen dohaintzak ere jasotzen ditu.
Liburutegiko arduradunak gogoratu duenez, liburutegiko zerbitzuak erabili ahal izateko ez da beharrezkoa Dunboako bizilaguna izatea. Beraz, edozeinek eskuratu eta kontsultatu ditzake bai Mensu Guneko liburuak bai liburutegiaren bilduma osatzen duten gainontzeko aleak.