Dunboako liburutegiak liburuen mailegu zerbitzua berreskuratu du

Irungo Martxoak 8 kaleko 4. zenbakian liburutegi zerbitzua eskaintzen du Dunboako Auzo Elkarteak. Gaur egun liburutegiak 411 irakurle dauzka eta 11.000 liburu ditu aukeran. Zerbitzua astelehenetik asteazkenera arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara zabalik dagoela gogoratu du Gemma Nanclares Dunboako liburutegiko arduradunak.

Zeintzuk dira Dunboako Liburutegian liburuak mailegatzeko baldintzak?
Guztira, irakurle bakoitzari aldi berean 3 liburu hartzeko aukera ematen diogu. Hiru liburu horietako bat nobedadea izan daiteke eta , hortaz gain, irakurleak beste bi liburu aukeratu ditzake. Era honetan, irakurle gehiagori nobedadeak eskuratzeko aukera ematen diegu. Maileguaren iraupena hilabete batekoa da eta, behar izatekotan, mailegua luzatzeko aukera dago. Gainera, norbaitek liburu zehatz baten bila dabilenean zerrenda batean apuntatu eta liburua itzultzen denean, liburuarekiko interesa erakutsi duenari abisatzen diogu.

“Bidasoako idazleen liburu guztiak mailegatzen dituen Irungo liburutegi bakarra gara”

Dunboako liburutegiko erabiltzaile izateko auzoko bizilaguna izatea ezinbestekoa da?
Ez, ez da beharrezko. Gainera, guztiz doakoa da eskain- tzen dugun zerbitzua. Auzokoa ez diren erabiltzaile asko dauzkagu, esaterako, Irungo gainontzeko auzo, Hondarribia edo Nafarroatik etorritakoak. Ezagunek gure zerbitzuaren berri eman diete eta horrelaxe heldu dira guregana.

Nola egokitu da liburutegia COVID-19aren murriztapenetara?
2020ko urrian ireki genuen berriro liburutegi zerbitzua. Irekiera jakinarazteko auzotik kartelak ipini genituen eta auzo elkartearen blogean albistea zabaldu genuen. COVID-19aren harira hartutako neurriak direla eta liburu mailegua da momentuz liburutegian berreskuratu den zerbitzu bakarra. Izan ere, pandemia iritsi aurretik liburutegian ikastaroak edo Bidasoako idazleekin tailerrak antolatu ohi ziren. Hortaz gain, bazkideek liburutegiko mahaiak, ordenagailua edo interneteko konexioa erabiltzeko aukera zuten, baina, udalak bestelako baimenik eman arte ezinezkoa izango da zerbitzu horiek berreskuratzea.

Zeintzuk dira egun liburutegian hartutako segurtasun neurriak?
Liburutegira sartzeko maskara erabiltzea eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea ezinbestekoa da. Erabiltzaileek itzulitako liburuak plastikozko poltsa berezietan eta kaxa batzuetan sartzen ditugu liburutegira itzultzerakoan, eta 10 egunez baztertuta izaten ditugu. Bestetik, maiztasun handiz bisitariek gehien ukitzen dituzten lekuak desinfektatzen ditugu. Hortaz gain, liburuak ukitzeko eskularruak jantzi behar dira.

Jendeak oparitutako liburuak jasotzen dituzue?
Bai, jarduera berreskuratu ostean prebentzio neurri gisa liburu berririk ez jasotzea erabaki zen, baina, berriro jendeak ekarritako liburuak jasotzea erabaki dugu, noski, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuz. Urteko garaiaren arabera jendeak liburu gehiago edo gutxiago ekartzen dizkigu. Jasotzen ez dugun liburu mota bakarrak entziklopediak dira, informazio zaharkituta gelditu delako, gaur egun inork gutxik erabiltzen dituelako eta liburutegiak apal asko beharko genituzkeelako jendeak ekarritako entziklopedia guztiak gordetzeko.

“Dunboako liburutegian genealogiarekin loturiko liburuentzako atal espezifikoa dugu”

Gustu guztietarako liburuak dauzkazue?
Era askotariko liburuak dauzkagu, 11.000 inguru. Herrialde guztietako narratiba izateaz gainera, haurren- tzako liburuak, komikiak edo txiste liburuak dauzkagu. Liburutegian gaztelania, euskara, ingeles edo frantsesez idatzitako liburuak dauzkagu.

Dunboako auzo elkarteko liburuzain gisa, erraza da irakurleen zaletasunak ezagutzea?
Bai, honelako liburutegi batean erabiltzaile eta liburutegiko arduradunaren artean harreman oso estua sortu ohi da. Jendeak ezagutzen nau eta harreman hurbil horri esker gomendioak egiteko aukera dut jendearen gustu eta iritzietan oinarrituz.

Liburu berriak eskuratzeko orduan, irakurleen iritziak kontutan hartzen dituzue?
Irungo Udalak emandako aurrekontua aprobetxatuz, gutxi gorabehera hilero bi liburu berri erosten dira. Hortaz, urte amaieran 24 liburu berri izan ohi ditugu gure apaletan. Hortaz gain, urte amaieran aurrekontua soberan izanez gero, liburu berriak erosteko erabiltzen dugu gelditzen zaigun diru guztia. Honela, liburutegiko eskaintza gaurkotzeaz gainera, irakurleek egindako eskakizunak eskuratzeko aukera dugu, beti ere, tarteka mota eta genero ezberdinetako liburuak erosiz.

Bidasoako idazleentzako toki berezia duzue Dunboako liburutegian?
Bai, Bidasoako idazleentzako apalategi berezia dugu liburutegian. Asko maite ditugu eta haiek ere asko maite gaituzte gu. Izan ere, Bidasoako idazleen liburu guztiak mailegatzen dituen Irungo liburutegi bakarra gara.

Hortaz gain, liburutegiko genealogia atalari garrantzi handia ematen diozue?
Bai, izan ere, genealogia zerbitzua eskaintzen duen hiriko liburutegi bakarra gara. Liburutegian genealogiarekin loturiko liburuentzako atal espezifikoa dugu, berriki Irungo artxiboak oparitutako liburu askorekin osatu duguna. Zerbitzu honen bitartez eskualdeko familiei haien senideekin zuhaitz genealogikoa osatzen laguntzen dugu. Are gehiago, biologikoki senideak aurkitzeko bilaketetan laguntzen ari gara. Esaterako, orain dela gutxi Irungo neska baten familia biologikoa aurkitu dugu, Burgosen adoptatua izan zena. Beraz, jendeari Dunboako liburutegira etortzeko gonbidapena luzatzen diogu, liburuak maileguan eraman edota haien iragana arakatzeko material eta jarraibideak azaltzeko prest gaude eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude