“Edonork afina dezake piano bat, baina soinu polita lortzea beste kontu bat da”

Jose Mari Michelena irundarrak 30 urte daramatza pianoak afinatzen. Harrez geroztik, bere esku trebe eta belarri finari esker, hainbatek berreskuratu dute tonu perfektua.
Gaur egun konpetentzia handia dago; baina, bere ustez, lan profesionala egiten dutenak ez dira hainbeste.

afinat409

Musika ikasketak burutu eta zazpi urtez pianoa ikasten jardun zuen. Afinatzaile ikastaro baten iragarkia ikusi zuenean erabaki zen Jose Mari Michelenaren etorkizuna. Lehenengoaren ondotik, Madrilen maila jasoagoa erdietsi zuen, Alemanian eta Japonian formatutako profesionalen eskutik.
Bere tresnen kaxa aldean hartuta, hainbat probintziatan barna dabil, pianoak eta akordeoiak doitzen: Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia… Madrilen eta Huescan ere bezeroak ditu. “Lanbide honetan hasi nintzenean bi afinatzaile baizik ez ginen gure inguruetan. Orain, berriz, teknologiaren eta langabeziaren eraginez, asko gara. Profesionalak, ordea, gutxi”. Tresna elektronikoak bete-betean sartu dira lehen taxuz egiteko soilik belarriz eta esperientziaz egin zitekeen lan honetan. “Aparatuen laguntzaz errazagoa da, baina profesional baten gaitasun naturala behar da teklak jotzen dituen hiru sokak egoki afinatzeko”, dio Jose Marik. “Aurrinduta ere, lata-soinua izan dezake eta hori konpontzeko, tonuan jarri beharra dago”.
Hainbat piano findu ditu, tartean, Amaia KZkoa, musika kontserbatorio anitzetakoak eta Donostiako Jazzaldikoak. Joe Cocker eta Jethro Tull entzutetsuek jo dituztenen barrenetan ere ibilia da. “Sekula ez dut ahantziko Tete Montoliuk eta Chick Coreak elkarrekin, piano banarekin, eskaini zuten emanaldia. Nire aurrean jazz-musikari puska halakoak izatea eta egindako lanarengatik eskerrak entzutea izugarria da”.
Piano bertikalak nahiz isats-pianoak aurrintzen ditu. “Azken hauek konplikatuagoak dira, tekla bakoitzak bost doitze ere izan ditzakeelako”.
Halaber, Mozarten garaiko altxorrak eduki ditu esku artean, galdutako sasoia berreskuratzeko. Pianoaren familiako klabeak eta kapera txikietan jotzen diren harmoniumak ere afinatu izan ditu.

afintzaC04417

Akordeoiak
Laurogeiko hamarkadan pianoak erruz saltzen ziren. Orduan lana ez zen falta. Gerora, lan eskerga hura arian-arian apaldu egin da. “Duela 15 urte Italiara joan nintzen akordeoiak afinatzeko ikastaro bat egitera, Borsini akordeoi-etxe ospetsuak antolatuta”. Akordeoien kasuan, doitzeko prozesua motelagoa da pianoaren aldean, probatzen den aldiro sistema guztia montatzea ezinbestekoa da eta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude