Txingudi Bigarren Hezkuntzako Institutuko euskara irakaslea da Edu Zabala eibartarra. Idazlea ere bada, eta ipuina, eleberria, olerkia eta saiakera landu izan ditu. 2004an argitaratu zuen lehen liburua, Inauterietan izenburua zeramana. Euskal inauterietan girotutako ipuin bilduma zen. Gaiari heldu dio berriro oraingoan, beste molde batean, ordea. Inauteria, gizakia naturaren kontra liburua argitaratu du. Inauteriaren interpretazio pertsonala azaldu du Zabalak, “gogoeta literario” deitu dion generoan. Irunen egin zuen liburuaren lehen aurkezpena, urtarrilaren 27an, AEK euskaltegian. Otsailaren 4an ere Irunen izango da, Hizkuntza Eskolan, 17:45ean.
Zortzi urte eman dituzu libururik argitaratu gabe. Zer dela eta?
Gogo falta. Batzuetan ez zara puntu egokian egoten. Gauza bat da ipuinak idaztea, momentu batean bat, bestea beranduago. Eleberria edo saiakera idaztea beste kontu bat da. Zentratuago egotea eskatzen du, eta ez nuen tarte egokirik topatzen. Gogoa, indarra eta denbora behar dira idazteko.
Lehen liburua ere inauteriei buruz idatzi zenuen. Betidanik erakarri izan zaitu gaiak?
Mitologia, magiaren mundua eta inauteriena bereziki, beste begi batzuekin ikusten saiatu izan naiz beti. Horiek ulertzeko, uste dut beharrezkoa dela garai bateko gizakiaren egoeran kokatzea. Inauterien atzean irakurketa asko daude, eta nik nirea eman nahi nuen.
Oso ezberdinak dira, dena den, aipatutako bi liburuak. Ipuin bilduma zen lehenengoa, saiakera bigarrena.
Saiakera hitz potoloa dela iruditzen zait. Nik gogoeta literario izendatu dut. Konparaketa batzuk egin ditut, batzuk kasualitatez, beste batzuk nahita bilatuta. Inauterien moduko erritualetan, hainbat elementu errepikatzen dira munduan zehar. Liburu honetan, lau euskal inauteri hartu, eta munduko beste birekin alderatu ditut.
Zein da azaldu nahi duzun teoriaren funtsa?
Inauterien bidez, naturaren gaineko gure ustezko nagusitasuna antzezten dugula. Zaldikoa ferratzen baldin badugu, adibidez, natura menderatzen ari garela pentsatzen dugu. Beti saiatu izan gara naturaren gainetik jartzen, baina azkenean bueltan etorriko da bere nagusitasuna.
Dena den, badago inauteri bat, Altsasukoa, eskema hori jarraitzen ez duena. Inauteri horretan, gizakiak ez du natura menderatzen. Momotxorroak odolez zikinduta irteten dira, eta jendeari eraso egiten diote. Ez dute burua makurtzen.
Teoria hori azaltzeko, munduko beste adibideekin konparatu dituzu euskal inauteriak.
Bi adibide aztertu ditut bereziki. Bulgariako kukerrek sekulako antza dute gure joaldunekin. Joarea daramate, aurpegia estalita, ilea, soinua… Afrikako masai tribua ere aipatu dut. Badute dantza bat, oso ezaguna, non jauzi egiten duten etengabe. Hori, Zuberoako maskaradako dantzariekin konparatu dut. Santa Agedan makilekin lurra esnatzen dugun bezala, jauziekin ere berdina egiten dugulakoan nago.
“Gizakiak pentsatzen du dena kontrolatzen duela, baina ez da horrela”
Gizakiak eta naturak etengabeko borroka izan dutela diozu. Zein puntutan dago borroka hori? Nora garamatza?
Aurtengo negua ikustea besterik ez dago. Edo baliabideen zer nolako ustiaketa egiten dugun. Gainbeherari ekiteko mugan gaudela esango nuke. Katastrofista izatea gustatzen ez zaidan arren, uste dut natura erantzun batzuk, abisu batzuk ematen ari dela. Gizakiak pentsatzen du dena kontrolatzen duela, baina ez da horrela.
Zentzu berdina al dute inauteriek gaur egun?
Inauteriak ikuspegi askotatik uler daiteke. Izan daiteke parrandarako momentu bat, edo gizartea hankaz gora jartzekoa, Tolosan bezala. Pentsatzen dut bere garaian bazuela beste funtzio bat, eta erritual hori fosilizatu egin dela. Jendeak ez du asko pentsatzen nondik etor zitekeen-edo. Hor dauzkagu, errepikatzen ditugu, eta horrekin aski dugu. Ez dizkiogu buelta gehiegi ematen. Ondo pasa nahi dugu, eta horretarako baliatzen ditugu.
Euskal inauteriak ez al du kutsu folklorikoa hartu?
Bere garaian, eliza katolikoak inauteri pagano horiek hartu eta bere kutsu erlijiosoa ematen ahalegindu zen, kontrolatu gabe zuen esparru hori menderatzeko. Olentzerorekin, adibidez, berdina egin zuen. Gaur egun, turismoa erakartzeko elementu gisa ere erabiltzen ditugu. Gogoratzen dut duela urte batzuk Lantzeko inauteria ikustera joan nintzela. Umez betetako autobus bat etorri zen, eta denak nahi zuten bezala mozorrotuta zeuden. Berdin zaigu non gauden, edo zergatik egiten duten hori. Errespetua galtzen diogu.
“Nolabaiteko konplexua dugu gure kulturarekiko”
Hala ere, munduko beste lekuetako ohiturak erraz barneratzen ditugu. Zein iritzi duzu horri buruz?
Halloween, Papa Noel, adibide asko daude. Alde batetik uste dut nolabaiteko konplexua dugula gure kulturarekiko. Bestetik, komunikabideek etengabe bonbardatzen gaituzte. Horrela iristen zaizkigu beste zenbait ohitura, hemen ere bagenituenak, baina beste modu batera. Nik uste gure kultura munduko edozein bezain aberatsa dela. Beti kanpora begiratzen baldin badugu, badakigu zer etorriko zaigun: gurea desagertzea.
Liburua auto-editatzea erabaki duzu. Zergatik?
Bost liburu argitaratu ditut jada. Ibilbide horretan, konturatu naiz argitaletxeek badutela haien funtzioa, baina niretzat aberasgarriagoa dela nik neuk gidatzea prozesu guztia. Irabaziez ez dugu hitz egingo, badakigulako Euskal Herrian idaztea ez dagoela parametro horietan.
Baditu desabantailak. Banaketarako zailtasuna, esaterako.
Tirada txikiak egin behar dituzu, lagunen eta haien lagunen artean banatu etab. Sare sozialak erabilita ere mugi daiteke. Hala ere, iruditzen zait liburua nik neuk alde batetik bestera mugitzea eta hitzaldiak edo aurkezpenak bilatzea interesgarria dela. Eragina izateko modua da. Bestela beti argitaletxeak antolatzen dizunaren edo ez dizunaren mende gelditzen zara.
Harremanetarako edo liburua eskatzeko: eduzabala02@gmail.com