Eguberriak, gabon-kantak eta IGA Abesbatza eskutik doaz

IGA Abesbatza Gabonak kantuan ospatzeko prestatzen ari da. Pandemiaren egoerak horretarako aukerarik ematen badu, berriro kaleak kantuz alaitzeko intentzioa dute kantariek. Oraingoan, gainera, senideak eta lagunak beraiekin abestera gonbidatu dituzte. Gainera, Eneko Amundarain abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, IGA Abesbatzarentzat 2022. urtea proiektu bereziz beterik datorrela dirudi.

Gabonak data berezia dira abesbatzentzat, ezta?
Hori da, Eguberriak betidanik oso data garrantzitsua dira abesbatzentzat. Familiarekin batera dena partekatzeko unea da. Aurten berriro kaleetara musikarekin itzultzeko aukera izango dugula dirudi.

Nola itzuliko zarete kalera?
Aurreko urteetan egin izan dugun moduan, abenduaren 24an eta abenduaren 31n kalera abestera ateratzeko asmoa dugu, gure hiria girotzeko. Horretarako, hainbat entsegu prestatu ditugu, bai abesbatzako kideentzat zein kanpotik gurekin abestera animatzen direnentzat. Entsegu horiek ostegunetan egiten ditugu eta abenduaren 2an egin genuen lehenengoa. Beraz, hurrengo entseguak abenduaren 16an eta 23an egingo ditugu.

Nolatan bururatu zitzaizuen senide eta lagunak zuekin abestera gonbidatzea?
Hau ez da egitasmoa martxan jartzen dugun lehenengo aldia. Izan ere, ideia 2019. urtean bururatu zitzaigun eta orduan hasi ginen plangintza hau proposatzen. Bi urteko etenaldiaren ostean, berriro gauza bera egin genezakeela bururatu zitzaigun eta gonbidapena egin dugu.

Entseguak egin arren, zuekin abestu ahal izateko ezagutza berezirik behar da?
Ez, ez du zertan. Edonor animatu daiteke gurekin batera abestera. Entseguak egiten ditugunean guztiok ikastera etortzen gara. Beraz, abesteko nahia duten bitartean, guk pozik hartuko ditugu.

Era berean, urtea amaitu aurretik IGA Abesbatzaren kontzertua izango duzue. Noiz izango da?
Aurten IGA Abesbatzak bere urte amaierako kontzertua abenduaren 29an emango du. Kontzertua Junkaleko Andre Mariaren elizan egingo da. Esan beharra dugu Fernando Junkaleko parrokoa asko laguntzen ari zaigula. Izan ere, eliza uzten digu gure kontzertua zein Gabonetako entseguak bertan egin ahal izateko.

Emanaldiekin eta entseguekin, abesbatzek lehengo jarduna berreskuratu duzue?
Buruan helburu bat edukitzeak entseguak edo beste edozein jarduera aurrera eramaten laguntzen du. Horri esker, esaterako, obra berriren bat ikasteko motibazioa lortzen dugu. Bestela, egiten dugun lan guztiak ez dauka zentzurik. Helburu jakin eta zehatz bat izateak aurrera egitera bultzatzen gaitu.

Momentu honetan zein errepertorio lantzen ari zarete?
Normalean urte osoko obra-programa batekin lan egiten dugu. Egia da, data berezi hauek hurbildu heinean Gabonetako obrak lantzen hasten garela. Oraintxe bertan Gabon kantak prestatzen ari gara. Hala ere, urtero obra berriak sartzen ditugu. Bat aipatzearren, Josu Elberdiren “Izar ederrak” kanta gehitu dugu gure zerrendara.

Nolako eragina izan du pandemiak abesbatzen osasunean?
Maila psikologikoan eragina handia izan da. Azken batean, abestea edo musikarekin lan egitea gure eguneroko nahia da. Batez ere, gure artean elkartzeko, lagunekin abesteko eta kontzertuak egiteko aukera ematen digulako. Etenaldi horrek, era batean edo bestean, kalte egin digu ez bakarrik guri, baizik eta abesbatza guztiei. IGA abesbatzan entseguak online egiteko moldatu gara eta horrek ere entseguak grabatu eta berriz egiteko aukera eman digu. Dena den, ezinezkoa da aurrez aurre egiten diren entseguak ordezkatzea.

Aurrez aurreko entseguak berreskuratu arren, segurtasun neurriak hartzen jarraitzen duzue?
Bai. Ezin dugu inoiz ziurtatu % 100eko segurtasun maila, baina ahal diren neurri guztiak hartzen ditugu. Beti maskararekin abesten dugu, gel hidroalkoholikoak eskura ditugu eta CO2 neurgailua erabiltzen dugu airearen kalitatea neurtzeko. Beharrezkoa bada, entsegua gelditu eta gela aireztatzen dugu, airearen kalitate egokia lortu arte.

Pandemiak ez dizue taldean duzuen giro ona lapurtu?
Bai, beti gure artean giro ona izaten saiatzen gara, ezinbestekoa baita.

Irungo gazteek kantatzeko zaletasuna dutela uste duzu?
Abesteko nahia beti hor dago. Nork ez du abesten gaur egun? Dena den, erronka handi bat dugu, izan ere, jendeak uste du abesbatzetan kantatzen dugunok soilik elizako kantak abesten ditugula eta hori ez da egia. IGAn hori erakusten ahalegintzen gara, gure folklorea zein munduko beste obrak abesten baititugu.

Zer eskatzen diozue 2022. urteari?
Urtean bitan aterpetxe batera joaten ahalegintzen gara. Bi urteren ostean, joan den irailean Hondarribiko aterpetxera joan ginen. Beraz, 2022an urteko bigarren irteera egin beharko genuke. Talde lana eta giro ona sustatzeko oso lagungarriak dira irteerak, ikastaro intentsibo bat izateaz gainera. Bestetik, Oskarbi taldearekin elkarlan bat egingo dugu Irunen Aste Santu aurretik. Ideia da guk 20 minutuko euskal musikaren kontzertua eskaintzea eta haiek beste hainbeste, gero elkartu eta elkarrekin 4-5 obra abesteko. Errenteriako Andra Mari Abesbatzarekin elkarlan moduko zerbait martxan dugu eta urte hasieran Errenteriako 700. Urteurrenarentzako kantata bat abestuko dugu. Gainera, 2022an abesbatzen arteko elkartrukeak berreskuratu nahi ditugu eta, horretarako, Bartzelonako batekin elkarlanean ari gara. Urtean behin behintzat horrelako ekintza bat izaten ahaleginduko gara. Ekaina aldera kurtso bukaerako kontzertua egiten saiatuko gara. Horrela gabiltza, poliki-poliki gauzak ixten.

 

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude