Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean jardun dute Oiasso Erromatar Museoa eta Gordailua EHUren «Ezpatak baino gehiago: burdina Erromatar Inperioan» izeneko udako ikastaroaren egoitza izan daitezen. Jardunaldiak abuztuaren 1ean eta irailaren 1an izango dira Irungo bi kokalekutan: Gordailua, Gipuzkoako Kultur Ondare Mugikorraren Zentroa; eta Oiasso Museoa.
Bere menpeko lurraldeak zabalduz mende gutxi batzuetan Europako eremu zabala, Afrika iparraldea eta Mendebalde Hurbila konkistatu zituen hiri baten historia zirraragarrian, burdinak ezinbesteko lekua izan zuen. Burdina erabili zuten beren armada garaiezinaren armak egiteko, tresnak ekoizteko eta eraikinetako material gisa, nekazaritza hobetzeko, lehorreko garraiobideak eta bideak osatzeko eta nabigaziorako, baita eguneroko jardueretan ere, hala nola sukaldean, joskintzan edo ehizan.
Garai hartako burdinaren inguruko azterlanak aski berriak dira eta, gainera, emaitzarik bikainenak arkeologiaren eremuan erdietsi dira. Ikastaro honen xedea da eragin handieneko alorretan izandako ekarpenak aurkeztea: merkataritzan, ekoizpen-metodoetan, paisaian edo egitura ekonomikoetan, besteak beste. Horretarako, ikastaroa emango dute irakasleak Antzinaroko meatzaritzako eta metalurgiako aditu garrantzitsuak dira.
Ikastaroa jende guztiari zuzendua dago. Izena emateko eta programari buruzko xehetasun guztien berri izateko, interesdunek webgune honetara jo dezakete.
Javier Gil idazlea, «Kontaiguzu dakizuna» zikloan
Datorren ostegunean, maiatzak 25, «Kontaiguzu dBakizuna» zikloaren beste hitzaldi bat eskainiko dugu, 19:00etan. Oraingoan, Javier Gil Díez-Conde euskal idazlea izango da hizlaria. «Una guerra olvidada y otra inventada» izenburupean, idazleak bere azken eleberriarekin (Tabula Rasak argitaratutako La imagen heroica) lotutako hitzaldia eskainiko du.
Javier Gil Díez-Conde Filologia Erromanikoko lizentziaduna da Valladolideko Unibertsitatetik, eta Literatura eta Antzerki irakaslea Irungo Pío Baroja institutuan. 1981ean «Katamitus Teatro» taldea sortu zuen, eta 1994ra arte zuzendu. Beste kide batzuekin batera, Irungo Gazteen Antzerki Topaketa fundatu zuen. Gainera, Aske taldearen sortzailea da (Alfonso Sastre Kultur Elkartea).
Idazlea bere familiaren historian murgildu da La imagen heroica idazteko. Eleberri horretan Rifeko gerran hildako aitonaren istorioa kontatzen da, Euskadin «berunezko urteetan» bizi den biloba baten ikuspuntutik.