Ehun urte txuri-beltzean

1915. urteko udaberrian elkartu ziren Irungo Racing eta Sporting taldeak, Real Union Club sortzeko. Duela ehun urte. Mende osoan zehar, denetarik bizi izan du hiriko futbol elkarte nagusiak: Ligaren fundatzaile izan da, hiru Errege Kopa irabazi ditu, Hirugarren Mailan eta Erregionalean aritu izan da, Real Madril Kopatik kanpo utzi du, Bigarren Mailara itzuli da…
Historia gogoan hartzeko eta mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatzen ari da Real Union.

Hiru hilabete egin ditu Stadium Galeko klubak elkartearen mendeurrena ospatzeko jarduerak isilean antolatzen. Iñigo Diaz de Cerio futbolari ohiaren Ieteam enpresarekin lankidetzan ari da Real Union, 2015erako egitarau zabala prestatzeko. Otsailaren 26an egin zuten mendeurrenaren irekitze ekitaldia, Ficoba erakustazokako auditoriumean antolatutako galarekin. Zuzendaritzako kideak, jokalariak, entrenatzaile eta bestelako teknikoak eta langileak izan ziren klubaren izenean. Laguntzaile eta babesleak, inguruko beste klubetako ordezkariak, erakundeetakoak eta kazetariak ere gonbidatu zituzten ekitaldira. Laurogeita hamarreko hamarkadan Real Unioneko jokalari izandako Julian Iantzi telebistako aurkezlea aritu zen animatzaile lanean.

real unionA_Irunero 203-1

Agurrak eta Real Unionen ereserkiak eman zioten hasiera ekitaldiari. Ricardo García presidenteak hartu zuen hitza ondoren. 2015erako daukaten asmoa azpimarratu zuen: “Elkarte umila garen arren, denok gogoratuko dugun mendeurrena antolatu nahi dugu”. Julian Iantzik Real Unionen historia modu atseginean laburtu eta gero, ETBk prestatutako bideoak zirrara piztu zuen auditoriumean. Hantxe agertu ziren Arabolaza, René Petit eta Etxebeste jokalari mitikoak, Javier Irureta, Roberto López Ufarte, baita azken urteotako balentriak ere, Real Madrilen kontrako kanporaketako irudiak eta Real Union Bigarren Mailara igo zenekoak. Mendeurrenerako Jorge Vicentek diseinatu duen logoa aurkeztu zuten ondoren. “Stadium Galetik ikus daitekeen silueta irudikatu nahi du, San Martzialetik Aiako Harrira, ehun zenbakiaren moduko forma osatuz”.

real union zaharra 203-2
Moda-pasarela bilakatu zen ondoren Ficobako auditoriuma. Real Unioneko jokalariek mendeurrenaren logoa daramaten jantziak aurkeztu zituzten. Lehen taldeak eta harrobikoek futbol zelaietan erabiliko dituztenak, baita kalean eramateko pentsatutakoak ere. Kamiseta zuria oparitu zioten, hain zuzen ere, José Ramón Fernández de Barrena Uvesco taldeko zuzendariari. Lehen taldearen babesle nagusia da, Super BM markaren bidez. José Antonio Santano Irungo alkatea, Jokin Melida Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria eta Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea igo ziren ondoren agertokira. Bukaerarako utzi zuten mendeurreneko ereserkiaren aurkezpena. Angel Pazos tenoreak eta Jose Antonio Irastorza musikariak konposatu dute. Luis Mariano orkestrak jarri zion doinua Pazosen kantuari.
Urte osoan egingo dituzte Real Unionen ehun urteak ospatzeko ekimenak. Udako hilabeteetan izango dira jarduera gehienak; tartean, futbol partida erakargarria. Aurkaria ez du baieztatu elkarte txuri-beltzak, baina Lehen Mailako talde onenekin negoziatzen ari dira. Edonola ere, aurredenboraldian zehar euskal talde nagusiak ere Stadium Galen izango dira. Kirol jarduerei dagokienez, gazteentzako futbol txapelketak, herri lasterketak eta estropada bat ere egingo dituztela aurreikusten dute. Hitzaldiak, erakusketa eta kontzertuak ere izango dira Real Unionen mendeurrenaren harira. Helburua elkartea Irunen eta eskualdean “gizarteratzea” izango dela baietsi du Ricardo García presidenteak. Arazo ekonomiko larriak jasan ditu klubak azken urteotan, eta Real Unionen irudiak behera egin du nabarmen. Galdutako ospe hori berreskura-tzeko baliatu nahi du elkarteak mendeurrena.

ral union pazosunero 203-2

Loriatik itzalera: mende bateko historia

1902. urtean kokatu behar dira Irungo futbolaren hastapenak. Irun Football Club izan zen Espainiako Federazioan izena eman zuen lehenengo taldea. Ingalaterratik iritsi berria zen kirol hura, eta lehenengo lagunarteko partidak egungo Zabaltza eta Urdanibia plazetan jokatu zituzten. 1907an Sporting Club sortu zen, garai hartako jokalari onenetariko batzuk ezagutzera eman zituen elkartea. 1911n, Sportingeko bazkideen artean piztutako desadostasunak zirela medio, Racing Club sortu zen. Arrazoia Sportingek urtero antolatzen zuen Irun-Elizondo txirrindularitza lasterketa lehenengo aldiz ez antolatzea izan omen zen.
Lehia handiko urteak izan ziren ondorengoak Irunen. Futbolak hiritarrak banandu zituen. 1912an, Espainiako Txapelketako kanporaketa erregionaletako finala jokatu zuten Racingek eta Sportingek, Amuteko futbol zelai zaharrean. 8.000 ikuslek jarraitu zuten bizilagunen arteko norgehiagoka hura. Sportingek irabazi zuen, baina hurrengo kanporaketa batean Real Madrilek bide bazterrean utzi zuen. Hurrengo urtean, Racingek aurrera jarraitu zuen txapelketan, Madrilen jokatuko zen final handirako txartela lortu arte. Bilboko Athletic Club gainditu zuen Racingek finalean, O’Donell zelaian erakustaldia eman ondoren. Koparekin itzuli ziren jokalariak, eta harrera gogoangarria jaso zuten Irunen.

Irunero 249 AZKENA_Irunero 203-2
1915ean Irungo bi talde nagusiek bat egitea erabaki zuten, Irungo Kasinoan burututako bileren ondoren. Orduan sortu zen Union Club taldea, Racingek bezala, Alfonso XIII.aren eskutik “Real” izendapena jaso zuena. Beste hiru aldiz irabazi zuen Espainiako Kopa, 1918an, 1924an eta 1927an hain zuzen ere. Espainiako Ligaren fundatzaileetako bat ere izan zen, baina 1932az geroztik ez du Lehenengo Mailan jokatu. Futbola profesionalizatzearekin batera, Irungo talde apalak hasierako toki pribilegiatua galdu zuen. 1942an Hirugarren Mailara jaitsi zen, eta salbuespen izan diren hiru denboraldi kenduta, Bigarren Mailatik behera aritu da aurreran-tzean. Gaur egun 2.B mailako talde klasiko bilakatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude