Gaixoen bizitza erraztu ahal izateko ikusgarritasuna behar duen gaixotasun horietako bat da diabetesa. Erronka konplexu horretan bere ekarpen txikia egiteko Ana Isabel Pineda atletak bere burua eskaini dio Gipuzkoako Diabetes Elkarteari. Horrela, ekainaren 16an, igandean, Plaiaundiko atletismo pistan 101 kilometro korrituko ditu gaixotasunari ikusgarritasuna eman eta elkartearentzako dirua biltzeko.
Ana Isabel Pinedak egin zion Gipuzkoako Diabetes Elkarteari erronka hau antolatzeko proposamena eta Elkartean besoak zabalik hartu zuten atletaren ideia, diabetesaren alde lan egiten jarraitzeko baliabide ekonomikoak ematen dizkien beste edozein ekintza bezala. 101 kilometro korrituko dituen atletak aitortu du berak ez duela diabetesik eta bere inguruan ere ez duela gaixotasun hori duen gertuko inor: “Beraz, nik ezin dut gaixotasunaz hitz egin”. “Hala ere, jakin badakit beste edozein gaixotasun bezala babes handia behar duen gaixotasuna dela”, gaineratu du Ana Isabelek.
“Lehen 50 kilometroak hankekin egingo ditut, gainontzekoak bihotzarekin”
Ana Isabel Pineda, atleta
Ana Isabel Pineda kirolaz gain, kirolak transmititzen dituen balioez maitemindutako emakumea da. Horregatik, kirol erronka honen bitartez gizarteari mezu hau helarazi nahi dio: “Guztiok dugu bizitza duina izateko eskubidea, eta, horretarako, garrantzitsua da guztiok geure aletxoa jartzea”.
“101 kilometro solidario diabetesarengatik” erronkak kilometroak irribarre bihurtu nahi ditu. Izan ere, egun osoko jardunaldia antolatuta, diabetesari gizartean ikusgarritasuna eman nahi zaio. Guztira, Ana Isabel Pinedak 101 kilometro korrituko ditu egun osoan zehar. Horregatik, goizeko 6:00etan hasiko da erronka eta, pauso bat bestearen atzetik emanez, 12 ordu baino gehiagoz diabetesaren alde korrika egiteko asmoa du.
“Ekintza hauek ikusgarri egiten gaituzte, batzuetan ezkutuan baikaude”
Arantxa Telleria, Gipuzkoako Diabetes Elkarteko ordezkaria
Ana Isabel Pinedak 2017an 100 km-ko Euskadiko txapeldun titulua lortu zuen kategoria absolutuan. 2018an berriz, Espainiako seigarrena eta munduko 22.a izan zen Maratoi Erdiko Munduko Txapelketa Masterrean. 2023an hainbat titulu aipagarri lortu zituen: Gipuzkoako eta Euskadiko irabazle tituluak pistako 1.500 metroetan master kategorian eta Gipuzkoako Txapelketako eta Euskadiko Kros Ligako irabazlea master kategorian. Dena den, Ana Isabelek adierazi du, 101 kilometro hauek erronka pertsonala baino zerbait gehiago direla, higadura fisikoaren pareko emozioa dakartenak. “Lehen 50 kilometroak hankekin egingo ditut, gainontzekoak bihotzarekin”, azaldu du atletak.
Erronkarekin bat egiteko aukera
Erronka pertsonala izan ordez, parte-hartze handiko ekintza izatea nahi dute antolatzaileek. Horrela, Ana Isabel Pineda 101 kilometroetan laguntzeko aukera egongo da, atletak azaldu duenez, konpainiak ez baitio korrika egiteko trabarik egiten. Decathlonen webgunearen bitartez korritu nahi diren kilometroen araberako dortsalak erosteko aukera egongo da, baita 0km edo kilometro solidarioak ere. Arantxa Telleriak adierazi duenez, “elkartetik herritar guztiak gonbidatzen ditugu Anarekin batera korrika egitera, nahiz eta tarte batez besterik ez izan”. Era berean, egun horretan hurbildu ezin direnek ere egitasmoan laguntzeko aukera izango dute, erronkaren zabalpenerako sortutako webgunean ekarpenak eginez. Horretaz gain, erronkan laguntzen duten saltokietan ekarpenak jasotzeko itsulapikoak jarri dira, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahian.
Jai giroan korrika
Egun solidarioa izateaz gain, antolatzaileek jaieguna ere izatea nahi dute. Horregatik, erronka egiten den bitartean Plaiaundi girotzeko ekintzak antolatuko dituzte. “Jolasak egingo dira, hainbat ekintza antolatuko ditugu, informazioa emateko karpa jarriko da, doako ile gluzemiak egingo ditugu eta Ruben magoak bere ikuskizuna eskainiko du”, adierazi du Arantxa Telleriak. Era berean, Gipuzkoako Diabetes Elkarteko kideak gaixotasunaren ikusgarritasunak duen garrantzia azpimarratu du: “ekintza hauek ikusgarri egiten gaituzte, batzuetan ezkutuan baikaude”. Ana Isabel Pinedaren hitzetan, “egun polit bezain baliagarria izatea nahi dugu, elkartasunak zenbaterako balio duen erakusteko”.
Mugarik gabeko elkartasuna
Ana Isabel Pinedak adierazi duenez, “horrelako erronka bat ez litzateke posible izango lagunen, senideen eta pertsona sentsibilizatuen laguntzarik gabe”. Dagoeneko diabetesaren aldeko erronkak 20 babesletik gora ditu, egunetik egunera gero eta gehiago direlako proiektura batzea erabakitzen duten enpresak eta erakundeak. Arantxa Telleria elkarteko ordezkariak proposamenaren lehen uneaz geroztik Irungo Udaletik jaso duten babesa eskertu du. Ana Isabel Pinedak berriz, Gipuzkoako Diabetes Elkartean erronka antolatzeko etenik gabe egiten ari diren lana txalotu du: “horrelako ahaleginaren ostean, onena merezi dute”. Bide beretik, atletak bere semeentzako ere esker hitzak izan ditu, erronkaren prestaketan asko laguntzen ari zaizkio eta.
“Irundarrak ekintzetan parte hartzera animatzen ditut, proposatutako erronkaren maila berean egongo den erantzuna eman dezaten”
Cristina Laborda, alkatea
Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, “irundarrek proposatzen dituzten egitasmoak dira hiria sortzen laguntzen dutenak”. Labordak Ana Isabel Pinedak kilometro horiek guztiak korrituz egingo duen ahaleginari balioa eman nahi izan dio. “Horrelako erronka handi bat prestatuz, zure errekonozimendu pertsonala bilatu ordez, besteak laguntzea erabaki duzu eta hori miresgarria da”, adierazi du alkateak. Jarraian, Cristina Labordak gaineratu du “irundarrak ekintzetan parte hartzera animatzen ditut, proposatutako erronkaren maila berean egongo den erantzuna eman dezaten”. Beraz, ekainaren 16an Plaiaundin egindako urrats bakoitzak diabetesdun gaixoek egunero bizi duten errealitatea jarriko du agerian.