Gizateriaren historian funtsezko asmakizuna izan da gurpila. Aurten, Bidasoko ekintzaileak eta enpresari berritzaileak bildu dituen Krea Bidasoa topaketaren irudi izan da. Gurpilak bezala, helmugak gainditzeko aurrera egiten ari dira. Bide horretan, tresna eta baliabide erabilgarriak eskaini dizkie Bidasoa Bizirik-ek, Krea Bidasoa topaketan. “Berrituz aurrera” izan da aurtengo leloa.
Zazpigarren aldiz antolatu du Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak Krea Bidasoa azoka. Eskualdeko ekintzaile eta artista gazteak, enpresari beteranoak eta erakundeak elkartu ditu, helburu zehatzekin: kontaktuak egitea, negozio aukerak identifikatzea, beste esperientziak eta arrakasta kasuak ezagutzea eta nazioartera zabaltzea. Frantziar estatuko enpresariak ere izan baitira Ficoba Erakustazokan. Maiatzaren 7an izan da topaketa, 9:00etatik 20:00etara. “Talentua eta ilusioa duen gazte asko dago eskualdean. Horiei laguntza eman behar diegu, proiektuak bertan gara ditzaten”, adierazi du José Antonio Santano Irungo alkateak.
Tailerren eta jardueren agenda betea prestatu du Bidasoa Bizirik-ek. Bost gune ezberdinetan banatu du erakustazoka: Kontractando, Kreando, Produciendo, Kolaborando eta Deskonektando. Ezagutu bezeroa enpatiaren mapari esker tailerra gidatu du Irene Martínezek: “Enpatiaren mapa merkatu segmentuak baloratzeko tresna da. Hogeita hamar parte-hartzaile inguru izan dira tailerrean. Oso talde heterogeneoa: ikasleak, hasiberriak diren ekin-tzaileak eta esperientzia duten enpresariak”. Tailerrekin eta hitzaldiekin ikasteko aukera izan da, beraz.
Kontaktuak egiteko aukera
Elkar ezagutzeko aukera ere bada Krearen balio handienetariko bat. “Aukera polita da, guretzat zaila delako enpresa askorekin harremanetan jartzea. Horrelako ekimenetan kontaktu asko egin daitezke”, azaldu du Jon Garmendiak. All4Móvil enpresa martxan jarri du, duela urte eta erdi: “Asesoria bat sortu dugu telefonia mundurako. Energiarekin, aseguruekin edo bankuekin egiten duten bezala. Jende asko galduta ibiltzen da telefoniaren arloan, ez daki zer daukan kontratatuta, eta zer den berarentzako hoberena. Guk zerbitzu hori egiten dugu”.
Ekintzaile gazteek enpresari beteranoen aholkuak jaso ahal izan dituzte. Pulimentos Metálicos Txingudin urteak daramatza Josu Garcíak: “Inguruan daukaguna ezagu-tzeko ondo dago azoka. Ezagutzen ez ditugun enpresa asko daude. Ideien elkartrukea egoten da, eta proiektuak ere sortu izan dira”. Proiektu berritzaileak ezagutzeko aukera izan da, hain zuzen ere, Krea Bidasoaren amaieran. PechaKucha formatu erakargarrian egin dituzte aurkezpenak, 20 irudirekin, eta hogei segundo erabilita irudi bakoitzeko. Berrikuntzarekin hasi eta amaitu da Krea Bidasoa. Gurpila ez da gelditu.
Kirolaren Foro Profesionala egin dute
Irun Sasoian ekimena izan da Krea Bidasoa azokaren berritasun nagusietako bat. Kirol Foro Profesionala antolatu dute, kirol munduarekin harremana duten erakundeei eta norbanakoei zuzendua. CD Bidasoa eskubaloi elkartearen izenean Aritz Sodupe aritu da: “Gure klubean urte asko daramatzagu ekimen berritzaileak sortzen, mugikortasun planarekin, euskara planarekin, edo entrenatzaileen formakuntzarekin. Beste klubekin hitz egiteko eta iritziak trukatzeko etorri gara”. Eskualdeko beste hainbat kirol elkarte, kirolari eta kirolari ohi izan dira Foroan: Real Union, Santiagotarrak, Super Amara Bidasoa Atletiko Taldea eta Juanma Garate, besteak beste.