Irungo Udalak antolatu du, Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren bidez, datorren ekainaren 15ean, «Irun Open Innovation»en beste edizio bat. Hitzaldi eta konferentzien jardunaldi horrek, hala, seigarren edizioa izango du aurtengoa. Aukera paregabea izango da enpresaren berrikuntzaren alorreko esperientziak batera ikusteko. Prentsaurreko batean ekimenaren berri eman dute Miguel Ángel Páez Irungo Udaleko lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak eta Joseba Urcelay Irungo SNA Europeren lantegiko arduradunak, zeina ekitaldian ere arituko den hizlari gisa.
Irun Ekintzan itunetik berrikuntza sustatzeko egiten ari diren beste ekintza batzuei lotuta sortu da jardunaldia; izan ere, ekintzailetza berritzailearentzako laguntzak ere ematen dira, baita berrikuntzaren Irun Ekintzan saria ere, gure hirian egiten diren enpresa-proiektuen esfortzua saritzeko asmoz. Era berean, Bidasoa bizirik-ek ere baditu alor horri buruzko zenbait proiektu martxan.
«Enpresako berrikuntza Irun Ekintzan Itunaren baitan azken urteotan asko sustatu dugun lan-ildoetako bat da. Geure hirian baditugu horren adibide batzuk, eta lan-merkatuan irekitzen diren aukeren erakusgarri dira. Irun Ekintza sarietan ikusi dugu, esate baterako. Horregatik, Irun Open Innovation eta antzeko ekitaldiak antolatzen saiatzeko asmoa dugu, metodo edo tresna interesgarri gisa, geure inguruan berrikuntzaren bidez hazi nahi duten enpresa edo ekintzaileentzat», adierazi du Miguel Ángel Páez Irungo Udaleko lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak.
Seigarren edizio honetan geure hiriaren eta Europa guztiaren ekonomiaren etorkizunerako funtsezko gai bat izango da ardatza, ekonomia zirkularra, hain zuzen ere. Ekitaldiaren espirituari eutsita, edizio honen diseinuan tresnak eta gidak eskura jarri zaizkie online jardunaldian parte hartzen duten pertsonei, horien bidez ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektuak gara ditzaten eta esperientzietatik ikas dezaten, berrikuntzaz eta inspirazioz, erronka berriei aurre egiteko eta gai horren alorrean dituzten oztopoak gainditzeko.
Miguel Ángel Páezek aurtengo ediziorako ekonomia zirkularraren gaia hautatu izana justifikatu du: «bolada betean dago kontzeptua azken urteotan, eta oso interesgarria da etorkizunera begira hazteko, haren funtsa balio erantsia modu jasangarrian sortzea delako; hau da, negozio-eredu lineal batetik zirkular batera pasatzea da kontua, eta horretarako berrikuntza, birziklapena edo tokiko eragileen arteko lankidetza sustatuko dira, besteak beste. Azken batean, hori da ekonomia zirkularra, eta jardunaldi hauetan hari buruzko gauza gehiago ikasi nahi ditugu, eta, gainera, etxean bertan garatutako adibideekin».
Ekitaldia telematikoki egingo da, pandemia dela eta. Aditu eta profesional talde baten kontura izango dira hitzaldiak, Espainiatik zein nazioartetik etorritakoak, eta tokiko kasu arrakastatsuren baten berri ere emango da. Profesional horiek ekonomia zirkularraren orainaz eta geroaz hitz egingo dute, parte-hartzaileei ekonomia zirkularraren ereduak eskaintzen dituen zenbait negozio-eredu eta aukera aurkeztuko dizkiete, hala estrategia zirkularra dagoeneko abian duten enpresentzat nola ekintzaileentzat, eta esperientziak partekatuko dituzte zirkulartasuna zenbait sektoretan lantzen duten enpresentzat, hala nola turismoan eta ostalaritzan, logistikan edo mugikortasun garbian.
Eduki horiei heltzeko, hizlarietako bat Vasileios Rizos izango da, Europako Azterketa Politikoen Zentroko baliabide jasangarrien eta ekonomia zirkularraren arduraduna. Ekonomia zirkularraren egungo egoeraren sarrera txiki bat egingo du, eta horrek Europako etorkizun sozioekonomikoa nola definituko duen azalduko.
Beste parte-hartzaileetako bat Rebeca Arnedo izango da, Sustainn-en sortzaileetako bat eta Ekonomia zirkularra ETEetan ezartzeko AENORen gida praktikoaren idazleetako bat. Harekin batera jardungo da Víctor Viñuales, soziologoa eta ECODES fundazioaren sortzaileetako bat eta zuzendaria. Sektoreko bi pertsona ospetsu dira, eta eraldatzeko eta sortzeko beharrezko erronka eta prozesuen inguruan arituko dira, bai eta proiektu jasangarri eta berritzaileak ekarriko dituzten estrategia berriak garatzeko moduari buruz ere. Gainera, haien parte-hartzea baliatuko da beste zenbait gairi heltzeko: ekonomia zirkularrean esku hartzen duten faktoreak edo kontsumo eta ekoizpen jasangarriko tresnak eta ereduak, besteak beste.
Horiekin batera, estrategia zirkularrak dituzten edo hirugarrenentzako proiektu jasangarriak egiten dituzten enpresek ere parte hartuko dute. Horien artean egongo dira Dawamoru Fernández, Bilibin Circular aholkularitza-enpresaren sortzaileetako bat; Jon Zamora eta Nerea Elosegui, KOIKI puntuen kudeaketaren arduradunak Emplea Fundazioan; Goio Borge, Zicla proiektuen Euskadiko arduraduna eta, tokiko ordezkari gisa, Joseba Urcelay, SNA Europeren Irungo lantegiko arduraduna. Jardunaldia irekitzeko ekitaldian parte hartuko du Irungo alkate José Antonio Santanok.
Izena emateko epea irekita dago
Ekitaldia goizez egingo da (10:00etatik 13:00etara), online formatuan. Parte-hartzea doakoa da, eta esteka honetan eman dezakete izena interesdunek: https://forms.gle/9Bk72MUEom5ZucTq9.