Elika: elikadurak osasunean eta ongizatean eragina duelako

Argazkia: Estudio Gover

Ongizatearen bila, osasuna zaindu nahian sortu zen Elika proiektua. Nutrizioak pizturiko interesetik abiatuta, elikagai osagarriak sortzen hasi ziren Iñaki Amiano eta Jon Elizalde Indiako Ayurbeda medikuntza ardatz hartuta orain dela 13 urte. Egun, edertasunaren zainketarako eta kirolarientzako produktuak ere ekoizten dituzte. Jon Elizaldek Elika proiektuaren bilakaera nolakoa izan den azaldu du.

Nola erabaki zenuen Elika izeneko proiektua sortzea?

Ni neu eta nire bazkidea den Iñaki Amiano gaztetatik nahiko kontzientziatuak egon gara elikadurak eta horrek gure osasunean duen garrantziaz. Hainbat gauza probatu ostean, orain dela 13 urte erabaki genuen Elikafoods proiektua martxan jartzea, Indiako Ayurbeda medikuntza ardatz hartuta. Horrela, hango produktuekin eta elikagaiekin lan egiten hasi ginen.

Txikitasunetik hasitako proiektua da, orain mundu osoan eskuragarri dagoena, ezta?

Enpresa eta negozio guztiak bezala, gu ere txikitasunetik hasi ginen. Orain arte gure produktuak ezagutarazteko lan handia egin dugu. Egia da, denbora honetan geografikoki geroz eta gehiago zabaltzen joan direla. Gaur egun esan dezakegu Europaz gain, Mexikon edo Txinan ere sartu garela. Alde horretatik, oso pozik gaude.

“Zorionez gizartean geroz eta kontzienteagoak gara gure gorputzean sartzen dugunaren garrantziaz”

Esango zenuke superelikagaiena lehia handiko sektorea dela?

Gaur egun errazak diren gauza gutxi daude. Lehiakortasuna handia da, nahiz eta jakin badakigu gure produktua ez dela mundu guztiaren interesekoa. Dena den, lortu dugu ezagun egitea eta gure lekutxoa topatzea.

Erakargarritasuna ematen dizue % 100 naturalak diren produktuekin lan egiteak?

Zorionez gizartean geroz eta kontzienteagoak gara gure gorputzean sartzen dugunaren garrantziaz. Ondorioz, jatorri naturaleko produktuen kontsumoa lehenesten dugu. Gainera, hainbat kalifikaziori geroz eta arreta handiagoarekin erreparatzen diogu, hau da, ea organikoak edo beganoak diren, eta hori ondo dago, azken batean, gure gorputzari eragiten dioten erabakiak direlako.

Beraz, elikadura gure osasunean islatzen dela esango zenuke?

Elikadurak garatu ditzakegun gaixotasun posibleekin lotura estua duela frogatuta dago. Hortaz, gure produktuak elikadura arrunta osatzeko gehigarriak dira. Askotan gure gorputzak ezin ditu hartu beharrezkoak ditugun nutriente guztiak egunero kontsumitzen ditugun elikagaietatik. Horregatik, batzuetan beharrezkoak dira guk fabrikatutako elikadura osagarriak, hutsune horiek betetzen laguntzeko.

Urte hasieran gure ongizateak gehiago kezkatzen gaitu, ezta?

Bai, dudarik gabe, urtarrila salmentarako hilabeterik onena izaten da, asmo onez betetako hilabetea baita. Gabonetako gehiegikerien ostean, gure produktuek intentzio on horiek gauzatzen laguntzen dute.

Produktuei dagokienez, elikagai osagarrien salmentarekin hasi zineten?

Labur-labur azalduta, atera genuen lehen produktua Moringa izena zuen. Moringa Indiako zuhaitz bat da eta multibitaminiko antzeko zerbait da, guk konprimituetan fabrikatzen duguna. Gero asko saltzen den Triphala izeneko produktua dugu eta oso lagungarria da komunera joateko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Garcinia Cambogia, berriz, indiar jatorriko landarea, konprimatuetan ere saltzen dugu eta dietan edo argaldu nahi duten pertsonek erabiltzen dute. Piperinarekin nahastutako kurkuma da antiinflamatorio natural onena. Amla aldiz, Amalaki izeneko fruituari esker, C bitaminadun gehigarri indartsua da. Bukatzeko, azkenaldian oso ondo komertzializatzen ari da Andographis Paniculata izeneko landarea, gure immunitate-sistema indartzeko balio baitu eta pandemiaren ostean jendea horren garrantziaz ohartu baita.

Horretaz gain, azalaren zainketarako produktuak ere eskaintzen dituzue.

Bai. Duela 13 urte superfoods izeneko proiektuarekin hasi ginen eta gero aurpegiarentzako krema lerro bat gehitu genuen. Hor  aurpegia zaintzeko erabiltzen diren ohiko produktuak dauzkagu, esaterako, azido hialuronikoa.

Elikaren azken berrikuntzak kirolarientzako produktu interesgarria proposatzen du.

Elikan hiru arlotan lan egiten dugu, hau da, aurretik aipatutako elikadura osagarriak eta edertasun produktuez gain, kirolarientzako produktuak ere ekoizten ditugu. Lerro berri honetako produktua orain dela hilabete pare bat atera da eta oso pozik gaude emaitzarekin, kirol munduan zegoen hutsune bat bete dezakeelako. Izan ere, produktua aurretik existitzen zen, hau da, gatz mineralak eta elektrolitoak D bitaminarekin. Baina guk gehitutako berrikuntza nagusia formatua da, orain artekoak ez baitziren egokiak adibidez korrika edo bizikletan ibiltzen den jendearentzat.

Gaur egun ekoizten ditugun produktuak guk aurretik probatuak dira, gure inguruan horien beharra ikusi dugulako

Produktuak komertzializatu aurretik, zuek probatzen dituzue?

Bai, hori da. Gaur egun ekoizten ditugun produktuak guk aurretik probatuak dira, gure inguruan horien beharra ikusi dugulako. Moringarekin hala izan zen, duela 20 urte moringa kontsumitzen hasi ginen eta gero ohartu ginen hemen hori lortzeko zailtasunak zeudela. Orain kirol munduan lehenengo urratsetan gabiltzan honetan, kirolari bezala ikusten ditugun hobetu beharreko gauzak lantzen ari gara. Horrela, kapsulak blister formatuan atera ditugu, kontsumoa errazte aldera. Beraz, beharrak bultzatzen gaitu produktu berriak ateratzera.

Produktu berriren baten sorkuntzan lanean hasi zarete jada?

Bai, gaur egun gauza berriak pentsatzen egon behar zara etengabe. Enpresa txikia garenez, enpresa handiek egiten dutena gertutik jarraitu behar dugu. Kirolarientzako beste produktu bat sortzeko lanean gabiltza, kasu honetan, kreatina aminoazidoarekin, eta berrikuntza, kasu honetan ere, formatua izango da eta zorroetan aterako dugu hemendik hilabete batera edo bira. Gure asmoa horretan jarraitzea da.

Non eskuratu daitezke zuen produktuak?

Elikafoodseko produktuak eta kremak parafarmazietan eta belar-dendatan lortu daitezke. Kirolarientzako produktuak kirolari dendetan eta farmazietan eskuratu daitezke. Horretaz gain, online gure webgunean eta oso ezagunak diren beste online salmentarako beste plataformetan ere eskuratu daitezke.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude