Elikagaien bankurako jakiak bildu dituzte Toki Alaiko ikasleek

1.564 kilo jaso dituzte ikastetxeetan eta supermerkatuetan

Jakiak biltzeko kanpaina egin dute Toki Alaiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2.mailako ikasleek. 1.564 kilo jaso dituzte guztira, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman dizkiote, beharra duten familien artean bana ditzan. Aldez aurretik, beste zenbait aldiz kolaboratu izan du Ikastetxeak Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin. Toki Alaik Irunen dituen egoitzetan, eta Dunboako Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroetan egin zituzten bilketak maiatzean zehar, Dunboa ikastetxeko lagunen laguntzarekin. Ikasleek etxetik eraman zituzten elikagaiak. image7

Ikastetxeetatik kanpo ere materiala bildu zuten, maiatzaren 18an, proiektuari babesa eman nahi izan zioten zenbait supermerkatutan (Alcampo, Eroski eta Carrefour Express). Bezeroei proiektua aurkeztu eta laguntza eskatu zieten ikasleek, eta ekarpenak bildu zituzten. Oinarrizko produktuak jaso zituzten, elikagaiak eta garbiketarako produktuak. “Oso harrera ona izan du proposamenak”, baieztatu dute arduradunek. Maiatzaren 19an, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Oiartzunen duen egoitzara eraman zituzten bildutako jakiak, Distribuciones Zamora enpresaren laguntzaz. Modu batean edo bestean laguntza eman duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete arduradunek.

Proiektu zabalago baten parte izan da bilketa

Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa proiektuaren baitan egin dute Toki Alaiko ikasleek elikagaien bilketa. 2.DBHn txertatuta dituzte ekintza horiek. Beste lau gai sozial landu dituzte, zenbait erakunderekin elkarlanean: Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearekin lanean aritu dira, Ibarrola erreka garbitu dute Aritzalde taldearekin, Gureak-en tailerrean egon dira Atzegi adimen urritasuna dutenen elkartearekin, eta belaunaldien arteko transmisioa aztertu dute, Artiako Eguneko Zentroan. Elkarte horiek ikasgelan egon dira lehenengo, hitzaldiak ematen. Gero, talde bakoitzak zein elkarterekin lan egin nahi izan duen aukeratu du. Prozesuaren bigarren zatian, kalera irten dira ikasleak, komunitateari zerbitzu bat eskaintzera.

Asmo pedagogikoa eta solidarioa uztartzen dira Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioan. Proiektuak dituen onurak azaldu dituzte arduradunek: “Ikasitakoa errealitatera eraman daiteke, ekintza baten moduan. Horri esker, kalitatezko zerbitzua eskaintzen zaio komunitateari. Bestalde, zerbitzuak ikasketa hobetzen du, zentzua ematen dio, eta ikaslea motibatu egiten du”. Toki Alaiko ikasleek elikagaien bankuari egin dioten ekarpena ikasketa eredu horren adibide aproposa da. Iaz, 21.000 familia lagundu zituen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude