Elkartasunean dago zoritxarrari aurre egiteko gakoa

Argazkia: Calzanor

COVID-19ak hiritarren errutina eta alaitasuna hankaz gora ipini arren, Irungo enpresa eta hiritar askok elkartasunean topatu dute zoritxarrari aurre egiteko gakoa. Ezinezkoa da, ordea, idatzi bakar batean berrogeialdiak iraun bitartean hirian gertatutako elkartasun keinu eta ekintza guztiak laburbiltzea. Hiritar asko udaltzaingoarengana hurbildu dira erabili gabeko maskara, eskularru eta batak dohaintzan emateko. Bestetik, “Resistencia Team”mugimenduarekin bat egiteko, Irungo udala eta Bidasoa Bizirik Irun Factoryko 3D-etako imprimagailuak erabili dituzte bisera pantailak sortzeko.

Beste hainbat adibideren artean, Hazlan eta Juncal Aguirre Calzanor enpresa irundarrak hirian sortutako elkartasun sarearen eredu izan daitezke. Miriam Fernández Mendibil Formakuntza Zentroko komunikazio arduradunak eta Elena Dominguez Juncal Aguirre Calzanor enpresako gerenteak maskara eta bestelako babes materialen ekoizpen prozesuko xehetasunak azaldu dituzte.

“Jendeak edonolako babesa bilatzen du ingurukoak kutsatzea ekiditeko”

Miriam Fernandez, Mendibil Formakuntza Zentroko komunikazio arduraduna

Nola erabaki zenuten COVID-19ari aurre egiteko maskarak sortzen hastea?
Elena (Calzanor): Martxoaren 16ko astean zehar Facebooken lanean ari diren profesionalek maskaren urritasuna zutela adierazten zuten hainbat mezu irakurri nituen eta gure lantokian ahal genuenean laguntzeko prest geundela erantzun nien.

Argazkia: Hazlan

Miriam (Hazlan): Komunikabideetan birusari aurre egiteko maskaren beharra zegoela ikusi genuen, bai partikular zein osasun zentroentzako material faltaren ondorioz. Sare sozialen bitartez Espainiako tailer ezberdinek partekatutako ekimenak ikusi ostean, geuk ere maskarak sortzen hastea erabaki genuen baliabide nahikoak eskura geneuzkala ikusita.

Maskarez gainera, beste materialik sortzeko asmoa duzue?
Miriam: Bai, mantalak egin ahal izateko pratoia lortzeko ahaleginetan gabiltza, jada mantelen eskariak jaso ditugulako.

Elena: Caser Residencialetik plastikoz forratutako mantalak egitea eskatu ziguten eta haiek eman ziguten beharrezkoa genuen material guztia.

Material bereziak lortzea ezinbestekoa da ekopizpenarekin jarraitu ahal izateko?
Miriam: Martxoaren 23an %100ean kotoizkoak ziren maskarak ekoizten hasi ginen, tenperatu altuetan lixibarekin garbitu daitezkeenak. Mota honetako maskarak egokiagoak dira erabilera indibidualerako edo enpresa zein ofizinetan lanean ari diren pertsonentzat. Martxoaren 25an, berriz, polipropileno izenez ezagutzen den materiala jasoko dugu erabilera bakarreko maskarak sortzen hasi eta osasun eta arlo sozialeko enpresen eskariak erantzuteko. Polipropirenoa plastiko kantitate txikia duen materiala da eta poro txikiaren ondorioz partikulak maskaran harrapatuta gelditzen dira. Ondorioz, ezinbestekoa da erabili ostean maskarez desegitea.

Argazkia: Calzanor

Elena: Bai, martxoaren 23ko astean hasi ginen ekoizpen berezi honekin ohial teknikoak lantzen dituzten bana-tzaileekin harremanetan jarri eta materialak lortu ostean. Gure lehen ideia alpargaten ohialekin maskarak sortzea izan zen, baina, segituan konturatu ginen ez zela horretarako material egokia. Zubi osoan informazioa bilatzen ibili ostean, polipropilenoa lortu genuen. Hala ere, normalean oinetarako erabiltzen den material bat probatzen gabiltza, beroa eman arren, behin baino gehiagotan erbiltzekoak diren maskarak sortzeko baliagarria izan daitekeelakoan.

Nola lortu duzue maskarak sortzen hasteko oinarrizko formakuntza?
Miriam: Zaila izan den arren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin harremanetan jarri gara, Aragoi eta beste erkidegoetako josketa tailerrekin hitz egiteaz gainera. Gainera, gure ohiko banatzaileek erabil dezakegun materialaren berri eman digute. Europar Batasuneko CE zigilua izan ez arren, alarma egoerak iraun bitartean eta material faltaren ondorioz horrelako maskaren ekoizpena eta banaketa baimenduta dago.

Elena: Hainbat fitxa teknikoetan zehaztutako ezaugarriak kontutan hartu ditugu maskarak ekoizterako orduan. Gure lehentasuna behin baino gehiagotan erabili daitezkeen maskarak ekoiztea da, horrela, hondakin kopurua murrizteaz gainera, eskari guztiak azkarrago erantzun eta mundu guztiari maskara bat izateko aukera eman nahi diogu.

Argazkia: Hazlan

Zenbat pertsona dauzkazue maskaren ekoizpenean lanean?
Miriam: Momentu honetan 10 langile dauzkagu eta gure tailerra lanean mantentzeko modua da, jarduera etetea saihesteko. Era honetan, gizarteari ekarpen postibo bat egiten diogu.

Elena: 15 pertsona gutxi gora behera eta maskara zein mantalen ekoizpenean lanean dabiltza. Alpargatak egiteari utzi eta maskarak egiten hasi gara.

Pertsona eta enpresa askoren eskariak jaso dituzue?
Miriam: Garbiketa enpresa, adineko pertsonen egoitza eta beste hainbat enpresen eskariak jaso ditugu. Jendeak edonolako babesa bilatzen du ingurukoak kutsatzea ekiditeko.

Elena: Bai, koronabirusarekin lehen lerroan lanean ari direnentzako guztiz seguruak izan ez arren, Gurutze Gorriak, gizarte-laguntzaile, AUIF autobusak, Recondo eta beste hainbat enpresen eskariak jaso ditugu.

Zenbat maskara egiten dituzue egunean?
Elena: Langile bakoitzak orduro 50 maskara egitera iritsi daitekeela kontutan hartuta, egunaren amaieran 1.500 maskara egiteko gaitasuna dugula uste dugu.

Miriam: Oraindik kopuru zehatza kalkulatu ez arren, esan dezakegu josketa tailerreko langile guztiak erronka honetan inplikaturik daudela: patroi egileak, montatzaileak, jostunak, …

Argazkia: Calzanor

Ekimenak inguruan babes handia izan du?
Miriam: Asko gainera, komunikabideen deiak jaso ditugu elkarrizketak egiteko eta sare sozialek gure ekimenaren zabalpenean asko laguntzen ari digute. Gainera, sare sozialak gure lana zabaltzeko ezinbestekoak direla ikusi dugu, eskariak bide horretatik zein 943 615 615 telefono zenbakiaren bitartez iristen zaizkigulako.

Elena: Bai, izan ere, jendeak benetan haien babesa ziurtatzeko elementu hauen beharra zuela ikusi dugu. Horrela, gure webgunearen bitartez, www.juncalaguirre.com, eta telefono deiekin bezeroak gurekin harremanetan jarri dira produktuen inguruko zalantzak argitu eta eskariak egiteko.

Zuen ohiko antolaketan aldaketa handia suposatu du ekimen honetara batzeak?
Miriam: Bai, baina, erraza izan zaigu helburu berrira egokitzea, hasieratik ahalik eta ondoen antolatzeko ahalegina egin dugu eta egin beharreko lana oso mekanikoa denez, erraza izan da.

“Alpargatak egiteari utzi eta maskarak egiten hasi gara”

Elena Dominguez, Juncal Aguirre Calzanor enpresako gerentea

Elena: Guk hasieran alpargatak ekoizten jarraitzeko asmoa genuen banatzaileen hornikuntza ziurtatuta geneukalako, baina, jendea laguntzeko gure jarduera aldi baterako aldatzea erabaki dugu. Gauzak ondo egin nahi genituen, eromena suposatu arren. Horrela, egoera larri hau gainditzen dugunean jendea saltzaile txikiek biztanleak laguntzeko egindako esfortzuaz gogoratzea nahi dugu, etorkizunean ere guregana etortzen jarraitu daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude