Elkarte feministek lan gehiago egiten dute martxoaren 8az eta azaroaren 25az gain

Martxoa feminismoarekin lotura estua duen hilabetea da. Hala ere, mugimendu bat denez, feminismoak ez ditu  data eta epe jakin batzuetan bakarrik lan egiten. Bidasoaldeko Elkarte Feminista da berdintasuna lortzeko eskualdean lan egiten duen eragileetako bat. Maritxu San Pedro Saenz presidenteak elkartearen helburuak eta lan esparruak zeintzuk diren azaldu du.

Bidasoako Elkarte Feministaren ibilbidea 2014. urtean hasi zen. Ofizialki, elkartea urte horretako martxoaren 11n sortu zen, nahiz eta 2008an hasi zuten berdintasunaren alde lan egiteko bidea, baina beste sigla batzuekin. Maritxu San Pedro Saenzek azaldu duenez, “une horretan, ausartagoak ez izateko beharra ikusi genuen”. Dena den, elkarteko lehendakariak gehitu du, emakumeak beti ausartak izan diren arren, historian zehar testuinguruaren arabera urrats gehiago edo gutxiago egiteko aukera izan dutela.

Elkartea sortzeko arrazoiez galdetuta, Maritxu San Pedrok azaldu du sorreraren testuingurua eta momentuko egoera kontuan izatea ezinbestekoa dela. “Orduan emakumeok gizartean, politikan eta beste edozein esparrutan gehiago inplikatzeko beharra ikusi genuen”, horrela azaltzen du presidenteak sorreraren zergatia. Izan ere, garai hartan jada gizarteko lanbide eta sektore gehienetan emakumeak presente egon arren, oraindik ere zaila zen emakumeek ordezkaritza postuak betetzea. Lehendakariak adibide gisa jarri du berak sindikalista gisa lan egiten duen osasun sektorea. “Garai hartan langileen % 99 emakumeak baziren ere, gizonezko ordezkariak aukeratzeko joera handia genuen”. San Pedrok ohartarazi du, azken hamarkadan urratsak egin diren arren, oraindik ere horrelakoak gertatzen direla.

365 egun eta gehiago

Eraldaketa sakon eta iraunkor bat ez da egun batetik bestera lortzen. Horregatik, Bidasoaldeko Elkarte Feministak berdintasuna oinarri izango duen gizarte bat lortzeko lan egiten du urteko egun eta une guztietan. Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, data esanguratsuak dira elkarte honentzat eta antzeko elkarte feministentzat. Maritxu San Pedroren hitzetan, “benetako berdintasuna ez da lortzen urteko bi egunetan bakarrik horren alde lan eginez”. Hala ere, gizarteak urteko egun horietan gaiari arreta handiagoa eskaintzen diola aprobetxatuz, elkartetik ekintzen programa bereziak prestatu ohi dituzte  eta hala egingo dute 2023ko martxoaren 8an ere.

Luze amestutako helburu horretara hurbildu eta inoiz lortzeko esperantzak bultzatuta, hainbat egitasmo antolatzen dituzte Bidasoaldeko Elkarte Feministan. Maritxu San Pedro lehendakariak azaldu du elkarteak bi lan ildo nagusi dituela urteko egitasmoak antolatzerakoan. Alde batetik, talde tailerrak antolatzen dituzte, parte-hartzea elkarteko kide direnentzat eta ez direnentzat irekia dagoelarik. Era berean, adin mugarik gabeko ekintzak dira, adinkeria feminismotik kanpo geratzen dela ulertzen dute eta. “Tailer horiek elkartearen proiektua garatzen laguntzen digute”, azaldu du Maritxu San Pedro Saenzek. Tailer horien antolaketarako elkarteko hezitzaileen lana ezinbestekoa dela aipatu du Bidasoaldeko Elkarte Feministako buruak. Besteak beste, Neus Albertos Meri eta Flor Savanti hezitzaileen lana azpimarratu du elkarteko lehendakariak.

Bestetik, elkarteak beste lan ildo bat hasi du azkenaldian. Izan ere, elkarteko kideak jabetu dira Irunen 100 nazionalitate baino gehiagoko emakumeak bizi direla. Maritxu San Pedroren hitzetan, “jakinda normalean emakumeak direla gehien migratzen dutenak, interesgarria iruditu zaigu beraiekin lan egiteko proiektuak hastea”. Horrela, 2023 urtera begira elkartearen eginkizun honetan sakontzeko ideia polit asko dituztela azaldu du.

Lana borrokaren ordez

Urtero elkarteak errepikatzen duen beste ekimenetako bat Berdintasunerako Bidasoaldeko Elkarte Feministaren Sariaren banaketa da. Sari horren bitartez elkarteak berdintasunaren alde lan egiten duten elkarte, erakunde eta norbanakoen ekarpena saritzea bilatzen du. Lehen Berdintasunerako saria 2017. urtean banatu zuten. Orain arte emandako sarien bitartez Neus Albertos Meri, Emakunde, Asun Casasola, Maider Moreno García eta Jaizkibel konpainiaren ibilbideak saritu dituzte. Martixu San Pedrok aurreratu duenez aurten elkarte baten ekarpena sarituko dute Berdintasunerako sariaren bitartez, nahiz eta oraindik ezin den jakinarazi zein izan den aukeratutako elkartea.

Beste egitasmo arrakastatsu bat, elkarteak antolatutako irakurketa klubak dira. Irakurketa elkarte horietan hainbat adinetako pertsonek parte hartzen dute irakurketarekiko zaletasuna sustatzea bilatzen duen jarduera batean. Elkarteko lehendakariak azaldu du parte-hartzaileen profila askotarikoa dela, “liburuak irensten dituzten pertsonak ditugu, edo parte hartzen hasi zirenean ia irakurtzen ez zekiten pertsonak,  baina orain irakurri gabe bizi ez direnak”. Irakurketa tailer horiek San Miguel eta Behobiako adinekoen egoitzetan antolatzen dituzte. Zehazki, 2024an 10 urte beteko dira San Miguelen ekintza honekin hasi zirenetik, 2014an hasi baitziren jarduera antolatzen.

Bidasoaldeko elkarte feministan antzerkiaren mundura hurbildu eta antzezlekura igotzeko aukera ere izan dute. “Irun en la memoria” antzezlan elebidunaren bitartez Errepublikari esker emakumeen papera eta lortutako askatasunak landu zituzten. Antzezlana Madrileko Euskal Etxean, Vallecaseko elkarte batean eta Burlatan antzeztu zuten. Irunen ere egin zuten antzezlanarekin bira, hiru auzo elkartetan, 5 adineko pertsonentzako zentrotan eta Palmera Monteron emanaldiak eskainiz.

Martxan jarritako egitasmoen zerrenda, elkarteko kideen konpromisoa bezain amaigabea da. Garai batean Batukada Feministako Eskola ere izan zuten martxan, baina arazo ekonomikoak zirela medio bertan behera utzi behar izan zuten. Horretaz gain, elkartearen estatutuak aldatu eta gaurkotu dituzte, hiriko jaietan emakumeek eta gizonek parte hartzeko aukera berdinak izan ditzatela defendatzeko. Era berean, elkartearen lana ezagutarazten laguntzeko feminismoaren munduko pertsonaia ezagunak ekartzen ahalegindu dira, esaterako, Pamela Palenciano ekarri zuten Irunera.

Orain arte egin bezala, martxoaren 11n elkartearen aterak irekiko dituzte elkartearen urteurrena ospatzeko. Elkartetik gonbidapena egiten diete kideei, ezagunei eta herritarrei bulegora hurbildu eta elkartearen jarduera hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Bidasoaldeko Elkarte feministan harrera egingo diete goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara, pintxo eta edateko xume bat eskainiz bertatik igarotzen direnei.

Bilakaera etengabean

2014an elkartea sortu zenetik aldaketa nabariak izan dira inguruko testuinguruan. Zentzu horretan, berdintasuna lortzeko urrats gehiago egin diren arren, Maritxu San Pedro Saenzek argi utzi nahi izan du: “mugarriren bat lortu dugula edo lege bat martxan jarri dugula esaten dugunean, horrek ez du esan nahi betierekoa izango denik”. Presidenteak aurrerapenen aurrean gehiegizko konfiantzarik ez izatearen garrantziaz ohartarazi nahi izan du, atzerapausoak gerta baitaitezke. Ildo horretarik, Maritxu San Pedrok azpimarratu du ez duela ezertarako balio aurrerapenak eremu edo esparru txikietan lortzeak. Patriarkatua unibertsala den aldetik, “berdintasuna munduko leku guztietan lortzen denean lortuko dugu emakumeok benetako berdintasuna”, gaineratu du Bidasoaldeko elkarte feministako lehendakariak.

Etorkizunera begira adorea eta lan egiteko gogoa izango dira gakoak. “Etorkizunean ere jarraituko dugu gure egoitzara jendea erakartzea lortzeko ekintzak antolatzen”, adierazi du Maritxu San Pedrok. Lehendakariaren hitzetan, “Berdintasuna ez da lortzen borrokatuz, lan eginez baizik”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude