Euskararen erabilera normalizatzeko planaren balantzea egin du Bidasoa eskubaloi taldeak. Irungo Udaleko euskara arloak bultzatuta ekin zion lanari duela zazpi urte. Tartean, elkarteko giroa “euskaldundu” dela uste du Aritz Sodupe euskara arduradunak. Hasieran egindako diagnosian finkatutako urratsak jarraitu ditu elkarteak. Gainera, neurri berritzaileak hartu ditu aspaldi honetan.
2002an jarri zuen martxan Irungo Udaleko Euskara Arloak Kalean Bai egitasmoa. Hiriko elkarteetan euskara sustatzea helburu duen programa da. Haur eta gazteentzat antolatzen dituzten ekintzak euskalduntzea da haren lehentasunetako bat. Fernando San Martin Udalaren euskara ordezkariak azpimarratu du aisia eta kirola euskalduntzeak berebiziko garrantzia duela Irungo errealitate soziolinguistikoan: “Euskararen mugak zabaldu nahi baldin baditugu, ezinbestekoa izango da haur eta gazteek hizkuntzarekin ondo pasatzea. Kiroleko eta aisialdiko jarduerek horretarako aukera paregabea eskaintzen dute”. Errealitate horri helduta, Bidasoa eskubaloi taldeak eraldatze nabarmena izan du azken urteotan.
Elkartearen diagnosia egin zuen SIADECO enpresak 2008an, Irungo Udalaren enkarguz. “Diagnostikoa eta Hizkuntza-Plana” izenburuarekin, CD Bidasoa elkartean euskararen erabilera areagotzeko helburuak finkatu zituen orduan. Aritz Sodupe elkarteko euskara arduradunak uste du erronka horiek bete egin dituztela: “Denbora behar dugu, hizkuntza ohiturak ez baitira egun batetik bestera aldatzen. Hala ere, pozik gaude azken urteotan egindako lanarekin”. Jose Angel Sodupek presidente karguan daramatzan hamabi urteetan, goitik behera aldatu da zuzendaritza-taldea. Aritz Sodupek baieztatu du gaur egun haien arteko harremanak euskaraz izan daitezen saiatzen direla: “Kluba goitik behera euskalduntzeko ahalegina egiten ari garela esan genezake”.
Hamasei talde federatu ditu Bidasoak. “Hamar-hamaika talde dira gaur egun euskaraz funtzionatzen dutenak”, azaldu du Sodupek. Hartara, entrenatzaile euskaldunak bilatzeaz gain, neurri bereziak hartu dituzte: “Haurrekin diagnostikoak egiten ditugu, eta euskararen erabilera neurtzen dugu. Hezitzaileei zuzendutako gidaliburua ere prestatu dugu, euskara sustatzeko jarraibide gisa”. Ahoz eta idatziz ematen dituen mezuetan, klubak euskararen presentzia bermatu du: partiduetako sarreretan, karteletan, izenemate orrietan, material didaktikoan, lehiaketetako araudietan. Irungo eskolekin sinatutako hitzarmenei esker, eskubaloia ezagutzeko eta praktikatzeko aukera eskaintzen dute, eskola orduetan eta euskaraz. Bereziki azpimarratu nahi izan du Sodupek aurten bost edizio beteko dituen udako kanpusa.
Neurri zehatzak
Berrikuntza modura, lau ekimen zehatz aurrera eraman ditu aurten CD Bidasoak. Euskarazko terminologia jasotzen duen hiztegia landu zuen klubak duela zazpi urte. Orain birpasatu eta Eusko Jaurlaritzak ateratakoarekin alderatu dute. Klubaren web gunean eskegi eta federazioetara bidaliko dute. “Ea denon artean lortzen dugun euskarazko terminologia hori adostea”, adierazi du euskara arduradunak. Klubaren ereserkia euskaratu eta grabatuko dute, Ametsa Gazte abesbatzarekin eta Irun Hiria Bandarekin elkarlanean. Web gunea elebidun bilakatzeko urratsak ere eman dituzte, euskara arloko itzulpen zerbitzuaren laguntzaz. Orain arte atal finkoak besterik ez zeuden euskaraz. Baina albisteak eta kronikak euskaraz argitaratzen hasi dira.
Laugarrena bereziena da. Lehen taldeko jokalariei zuzendutako euskara klaseak antolatu ditu Bidasoak. Taldeko atzerritarrek, eta euskaraz ondo moldatzen ez direnek Herri Jakintza Euskaltegiko irakasleen eskutik trebatzeko aukera izango dute. Astean behin egingo dute, Artalekuko prentsa aretoan. Mikhail Revin errusiarraren kasua nabarmendu du Aritz Sodupek: “Zazpi hizkuntza dakizki; ondo moldatzen da, beraz, eta badu ikasteko gogoa”. Beste taldekideak ere animatuta daudela baieztatu du. Gazteen erreferente diren neurrian, goi mailako kirol taldeetan euskarak presentzia izateak ekarpena egin dezake normalizazioan.