Kera elkartea Irunen emakume ijitoentzako bilgunea izateko asmotik jaio da. Elkarteak ijito herriarekin lotutako estereotipoak desagerrarazi eta gainditu nahi du, gazteei nahi duten lekura iristen laguntzeko. Palmira Dual eta Ane Toledo Kera elkarteko kideek azaldu dutenez buru belarri ari dira lanean emakume erreferenteen sorreran, emakume ijitoek ere amesteko aukera izan dezaten.
Nola sortu zen Kera elkartea?
Palmira: Elkartea 2014. urtean sortu zen Irunen beste izen batekin. Lehen Sim Romi Gipuzkoaqé deitzen ginen, baina tartean gertatutako aldaketak direla eta, elkartearen izena aldatu egin da. Izen aldaketaren bitartez elkartearen identitate euskalduna indartu nahi izan dugu. Kera izena erromintxelatik dator, hau da, erromanesaren eta euskararen arteko fusio bat da eta etxea esan nahi du, emakume ijitoen etxeari erreferentzia eginez. Azken batean, etxeak babeslekuak dira, beraz, ondo pasatzeko, negar egiteko eta laguntza eskatzeko lekuak dira. Gipuzkoan zehar emakume ijitoekin lan egiten dugu, batez ere, gazteriarekin.
Elkartearen izenak adierazten duenez, emakumeei garrantzi handia ematen zaie bertan, ezta?
Ane: Emakumeak dira elkarte honen motorra eta guk beraientzako lan egiten dugu, bai beraiekin zuzenean egonez zein beste bideetatik lagunduz. Beraientzako aukerak lortzen saiatzen gara, gainontzeko gizarteari emakume ijitoen bizimodua ikusgai eginez. Era berean, emakume hauekin loturiko aurreiritziak eta rolak ezabatzen saiatzen gara. Emakume ijitoak asko eta askotarikoak direla erakutsi nahi dugu, beraien artean ere oso ezberdinak baitira.
“Emakume ijitoak asko eta askotarikoak direla erakutsi nahi dugu”
Ane Toledo, Kera elkarteko kidea
Zeintzuk dira momentu honetan Kera elkartean bultzatzen ari zareten jarduerak?
Palmira: Kera elkartearen jarduera bi zutabetan banatuta dago. Batetik, emakume ijitoen taldeak ditugu eta beraiekin gure egoitzan edo herrian bertan lan egiten dugu. Bestetik, emakume ijitoak ikusarazteko ekintzak ditugu, jendea kontziente izan dadin gizartean gertatzen den zeharkako diskriminazioaz.
Ane: Emakume taldeekin lan egiterakoan emakumeak hiru taldetan sailkatzen ditugu. Lehenik “mozak”, hau da, neska nerabeak. Gero “gazteak” batzuk jada ezkonduak daudenak eta beste batzuk oraindik ez, baina “mozak” baino helduagoak direnak. Azkenik, “Izebak” edo “Tias” deiturikoak ditugu, ijito herriaren barnean oso paper garrantzitsua dutenak “Tia” izaerarengatik. Hiru emakume talde horiekin lan egiten dugu, batzuetan adin ezberdineko emakumeak elkartuz, baina orokorrean adin talde bakoitzarekin banaka lan egin ohi dugu. Izan ere, ijito herriaren barruan bere espazio propioa dutelako eta bakoitzak bere prozesua landu ahal izateko adinaren arabera sailkatzea onuragarria dela iruditzen zaigulako. Beraien artean ikasketa prozesuak edo kirolean parte hartzea sustatzen saiatzen gara, hau da, beraiek nahi dutena egiteko aukera izan dezaten. Askotan guk proposamenak egiten dizkiegu eta beraiek dira zer egin nahi duten aukeratzen dutenak.
Palmira: Gainera, ijitoekiko zapalkuntza nondik datorren eta gainontzeko gizartearekiko sor daitezkeen desparekotasunen zergatia azaltzen saiatzen gara. Emakume ijitoek diskriminazio hirukoitza jasaten dute; emakume izaerarengatik, ijitoa izateagatik eta egoera ekonomiko kaxkarrarengatik. Gure azalpenak jasotzen dituztenean, hobeto ulertzen dute guztiaren zergatia.
Ane: Hori da, beraien identitatea nondik sortzen den jakiteko lagungarria zaie. Pigmalion efektuaren ondorioz gizarteak modu batekoa izatera behartzen ditu. Gu berriz, beraien identitatea, ijitotasun hori, babesten eta bultzatzen saiatzen gara. Horrela, ikastea edo lan egitea ere ijitoen gauzak direla azaltzen diegu, beraiek zein gizarteak barnera dezan.
Palmira: Bestetik, Kera elkartean hitzaldiak eta tailerrak antolatzen ditugu. Orain Gipuzkoako udalerrietara hurbiltzen ari gara martxan dugun hitzaldi zikloarekin, “Romani erresistentzia” deiturikoa. Hitzaldian gai ugari lantzen dira. Historiaz hitz egiten dugu, egungo egoera ulertzeko nondik gatozen jakitea funtsezkoa delako. Era berean, emakume ijitoez eta komunikabideen antijitanismoaz edo ijitoen kontrako joeraz ere hitz egiten dugu gure hitzaldietan.
“Izen aldaketaren bitartez elkartearen identitate euskalduna indartu nahi izan dugu”
Palmira Dual, Kera elkarteko kidea
Apirilaren 8a data berezia da ijitoentzat. Zegatik?
Palmira: Bai, data horrek aktibismo ijitoaren lehen mugarria gogoratzen digulako. 1971. urteko apirilaren 8an Londresen Lehen Romani Kongresua egin baitzen. Bertan Europako herrialde guztietako ijito ordezkariek parte hartu zuten. Kongresu horretan ijito herriaren bandera, himnoa eta hizkuntza finkatu ziren. Era berean, guretzat oso garrantzitsua den hitz bat adostu zen, “rom”, pertsona librea esan nahi duena. Beraz, ordutik egun hori erabiltzen dugu gure eguna ospatzeko, ijitoak, Euskal Herriaz gain, mundu osoan barrena bizi garelako. Nazioarteko eguna erreibindikazioetarako eta lorpenak ikusarazteko erabiltzen dugu.
Kera elkartean erreferente sare bat sortzeko lanean ari zarete, ezta?
Palmira: Gipuzkoa mailan martxan dugun proiektua da eta gutaz gain, beste bi elkarte daude proiektuan inplikatuta: Errenteriako Kamelamos Adiquerar eta Irungo Kale Dor Kayiko. Urteen poderioz erreferenteak sortzen dira eta gero eta gehiago dira. Oraindik ikasten ari diren ijitoentzat erreferente horiek oso garrantzitsuak dira, ijitoentzat ere mugarik ez dagoela ulertzeko. Erreferente sarearen bitartez babesa eskaini nahi diegu gazteei, nahi duten tokira iritsi daitezen. Horrela, Gipuzkoa mailan gainontzeko ijitoen artean gure lorpenak ezagutarazi nahi ditugu familiekin lan egiteko.
Ane: Erreferenteak behar beharrezkoak dira, amesteko aukera ematen dizute beraiengan zuk izan nahi duzuna ikusten duzunean. Gizartean guk milaka erreferente ditugu, baina ijitoen kasuan ez dira hainbeste. Erreferente horiek askotarikoak izatea nahi dugu, figura bakarrean oinarritzeko beharrik izan gabe. Urte osoan zehar lan egiten dugu erreferente sarearekin eta hori indartzen saiatzen gara.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.