Martxoaren 27an Irungo kale nagusiko Gaurko Andreak elkartearen egoitza txiki gelditu zen. “Emakume Saharauien egoera gaur egun, itzultzeko eskubidea” titulupean, errefuxiatu kanpamenduetan zein lurralde okupatuan bizi diren emakumeen egoera hobeto ulertzeko hitzaldia eskaini zen.
Duela hiru urte, martxoaren 8ko ospakizunari jarraipena emateko asmoz, Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak “Emakume Ahotsak” hitzaldi-zikloa martxan jarri zuen. Zikloaren helburua gizarteko eremu ezberdinetan lan egiten duten emakumeei komunikazio eta ikusgarritasun espazio bat eskaintzea da. Martxoaren azken asteazkeneko hitzaldia ziklo honen barneko bigarren hitzaldia izan zen eta Jaione Hervas abokatuak eta Umlajut emakume saharauiak parte hartu zuten bertan.
Jaione Hervasek, Irunen lan egiten duen abokatu donostiarrak, Saharako gatazka inguratzen duen arlo juridikoaren inguruko zertzelada nagusiak eman zituen, emakume saharauien egoera ezberdinak ulertarazteko. Nahaste politiko eta juridikoa ulertzeko Francoren garaira arte denboran atzera egitea beharrezkoa zela azaldu zuen, hain zuzen ere, Espainia, Maroko eta Mauritaniaren artean izandako negoziaketetan murgiltzeko.
Duela 40 urte baino gehiago piztutako gatazkak eragindako exodoaren ondorioz, egun emakume saharauiek bizi dituzten egoera ezberdinak azaldu zituen Hervasek. Egun, emakume saharaui batzuk errefuxiatu kanpamenduetan bizi dira, beste batzuk Marokok okupatutako lurraldeetan daude. Okupatu gabeko lurraldeetan bizi diren emakume saharauiak daude ere, munduan zehar sakabanatutakoez gain. Abokatuaren hitzetan, bizilekuaren ondorioz, sekulako aldeak daude emakume bakoitzak dauzkan egoera eta eskubideetan.
Umlajut “Doctora Beituha” elkarteko kidea den emakume saharauia Irunen bizi da gaur egun. Umlajut-ek Saharan emakume bezala lehen pertsonan bizi izandako egoera eta bizipenak partekatu zituen. Jaionek emandako azalpenari jarraipena emanez, errefuxiatu-esparrutan eta lurralde okupatuetan bizi diren emakumeen egoeren arteko aldeak azaldu zituen.
Errefuxiatu-esparrutan bizi diren emakumeek lurralde okupatuetan bizi direnek baino askatasun gehiago dauzkatela azaldu zuen Umlajutek. Izan ere, gizonak gerran dauden bitartean, emakumeek dena kontrolatzen dute familia aurrera atera ahal izateko. “Dena aurrera ateratzeko borrak etengabean bizi dira errefuxiatu-esparrutako emakumeak”, adierazi zuen Umlajutek. Okupatutako lurraldeetan, ordea, emakumeak guztiz kontrolaturik daude, haienganako eraso, bortxaketa eta biolentzia etengabeak jasan behar dituztelarik. Emakume saharauien egoeraren ikuspegi sakonagoa eskaini eta herri Saharauiaren egoera hobeto ezagutu ostean, tearen zeremonia tradizionalarekin amaitutzat eman zen topaketa, bertaratutakoen arreta eta gaiarekiko erakutsitako ardura eskertzeko.
“Doctora Beituha” elkartea
Kuban ikasketak burutzen ari zela istripu batean zendutako Beituha Embark-en omenez sorturiko elkartea da. Ikaskidearen omentzeko, bere izena daraman entitate ongile bat sortzea erabaki zuten Kuban berarekin batera ikasitako emakume Saharaui talde batek. Elkartearen helburua herri Saharauiari laguntza eskaintzea da, egun bizi duen egoera gogorrari aurre egiteko. Bildutako diruarekin, proiektu humanitarioak sustatu, antolatu eta gauzatzea du helburu, beste gauza batzuen artean.
Gaurko Andreak Elkartea
Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartea 2008 urtean sortu zen emakume eredu ezberdinak ikusgarri bihurtu eta emakumeek eguneroko bizitzan pairatzen dituzten egoera anitzei ahotsa emateko helburuarekin. Sorrera helburuei eutsiz, emakumeentzako ahalduntzen tailerrak antolatzen dituzte, gai ezberdinak lantzeko hitzaldi eta konferentzia irekiez gain. Bestalde, eskoletan berdintasun tailerrak kudeatzen dituzte, etxeko txikien artean berdintasunean oinarritutako gizarte baterako baloreak zabaltzeko.