Emakumeak dira aurtengo Adour-Bidasoa lehiaketako hiru irabazleak

Susana Ferreirak jaso du sari nagusia, eta bere ikaslea den Patricia Tabernak artista gaztearen saria

Ezaugarri bereziak eduki ditu Irungo Udalak antolatzen duen Adour-Bidasoa pintura lehiaketaren 26.edizioak. Hiru irabazleak emakumeak izan dira, eta horietako bi, irundarrak, irakasle-ikasleak, gainera. Susana Ferreirak eskuratu du sari nagusia, eta Patricia Taberna ikasleak artista gaztearen saria. Epaimahaiaren sari berezia Ana Salegi donostiarrak irabazi du. Haien lanak Amaia Kultur Zentroan jarri duten erakusketan ikus daitezke, beste 21 lanekin batera, urriaren 15era arte.

Erakusketaren interesa azpimarratu du, hain zuzen ere, Juncal Eizaguirre Irungo Udaleko Kultura arloko ordezkariak: “Teknika eta estilo ezberdinekin gozatu daiteke. Iruditzen zait publikoarentzat oso erakusketa interesgarria dela”. 24 obra aukeratu dituzte, lehiaketara aurkeztu dituzten 53 margolanen artean. Azken urteetan baino apalagoa izan da parte hartzea. Nibela, ordea, gero eta orekatuagoa dela nabarmendu du Helena Elbusto epaimahaiko kideak: “Finalisten arteko aldea oso-oso txikia da. Lehenengoa bigarren izan zitekeen, eta hirugarrena irabazle”.

“Ez ditugu egileen izenak ikusten, baina egia da, parte hartzaile batzuen estiloak identifikatzen ditugula”
Helena Elbusto, epaimahaiko kidea

Elbustoz gainera, Javier Sagarzazu, Arantxa Albisu, Iñaki Moreno, Edorta Kortadi eta Mari José Aranzasti aritu dira epaile lanean. “Ez ditugu egileen izenak ikusten, baina egia da, parte hartzaile batzuen estiloak identifikatzen ditugula, jada”, onartu du Elbustok. Urtetan parte hartu izan du Susana Ferreira irabazleak, hain zuzen ere. Aurten, alabaina, norabide aldaketa izan du bere lanak. “Gaur egun material ezberdinak erabiltzen ditut, lebadura gehiago etab. Baina arkitektoa naiz formazioz, eta jatorrian, lan errealistagoak eta arkitektonikoagoak egiten nituen”.

Koadroa errealista da, eta hori atsegin du jendeak”
Susana Ferreira, sari nagusiaren irabazlea

Txingudi Ikastolako Lehen Hezkuntzako eraikin zuriko korridore bat irudikatu du Ferreirak, estilo errealistan. Txingudi Ikastola izenburua jarri dio, gainera, zalantzarik egon ez dadin. “Lekua ezagutu du jendeak. Paisaiek arrakasta handiagoa izaten dute, beharbada, baina koadroa errealista da, eta hori atsegin du jendeak”, azaldu du Ferreirak. Aspaldiko helburua bete du, Adour-Bidasoa lehiaketa irabazita: “Pinturan nuen helburu handiena zen. Badakit ez zela anbizio handikoa, lehiaketa garrantzitsuagoak daude. Baina niretzat, bizilagunen aitortza jasotzea oso pozgarria da”.

Pintura irakaslea da Susana Ferreira, eta Patricia Taberna du ikasle, hain zuzen ere. Artista gaztearen saria irabazi du, Thai inspirations izenburua duen obrarekin. “Oso harro nago bere sariarekin”, aipatu du Ferreirak: “Merezi du, oso langilea delako”. Epaimahaiaren sari berezia Ana Salegi donostiarrak lortu du, La Captura margolanarekin. Bestalde, bost diploma banatu ditu epaimahaiak. Ondorengo artistek jaso dituzte: Verónica Bueno (Ciudad Real), Judas Arrieta (Hondarribia), Francisco Escalera (Córdoba), Melchor Balsera (Badajoz), Markeliñe Arana (Donostia).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude